- Ekimenak, Eusko Jaurlaritzak eta EHUk batera bultzatuta, unibertsitate-esparru egonkorragoa emango dio Ikuspegiren lanari, eta 1,6 milioi euroko finantzaketa izango du lau urtean
Gobernu Kontseiluak Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) arteko lankidetza-hitzarmena sinatzea onartu du, Migrazioen eta Bizikidetzaren Ikuspegi Katedra eratzeko.
Katedra berria Eusko Jaurlaritzaren eta EHUren arteko erakunde-lankidetza sendotzeko helburuarekin sortu da, migrazioak, aniztasuna eta bizikidetza aztertzeari dagokionez, Euskadirako lan-ildo estrategiko bat indartuz. Haren helburua fenomeno horien ikerketa, hausnarketa, azterketa eta hedapena sustatzea izango da, arreta berezia eskainiz Euskadiko errealitateari eta kulturarteko ikuspegia duten politika publikoak sustatzeari.
Katedra hau sortzea beste urrats bat da Ikuspegiren bilakaeran, 2003an EHUk eta Eusko Jaurlaritzak bultzatua immigrazioaren behatoki gisa. Bi hamarkada hauetan, Ikuspegik pixkanaka zabaldu du bere jarduera-eremua, eta, 2019aren amaieratik, aniztasunean oinarritutako lan-ildo espezifiko bat ere garatzen ari da. Ibilbide honek agerian utzi du beharrezkoa dela proiektuari erakunde-formatu sendoagoa ematea, honen eragin akademikoa, prestakuntzakoa eta soziala indartzeko gai izango dena.
Egitura berriaren bidez, ikerketako, analisiko, prestakuntzako, gizarte-sentsibilizazioko eta zientzia-dibulgazioko jarduerak garatuko dira, bai eta EAEko, Europako eta nazioarteko sare akademiko, sozial eta instituzionalekin lankidetzan aritzeko bideak ere. Katedra baliagarria izango da, halaber, migrazioaren, aniztasunaren eta bizikidetzaren arloko politika publikoen orientazioari ezagutza aditua emateko, eta ezagutza gizarte zibilera eta gizarte-eragileetara transferitzeko.
Hitzarmenak, hasiera batean, lau urteko indarraldia izango du, eta 1.600.000 euroko finantzaketa izango du, 400.000 euro urtean, beste lau urtez luzatzeko aukerarekin.
Katedraren egoitza EHUren Bizkaiko Campusean egongo da, eta haren jarduera bi erakundeen arteko jarraipen-batzorde paritario baten bidez antolatuko da.
Aurreikusitako lan-ildoen artean honako hauek daude: migrazioei eta aniztasunari buruzko oinarrizko ikerketa bultzatzea, datu-baseak eta adierazleak indartzea, dokumentazio-zentroa zabaltzea, dibulgazioa eta gizarte-erakunde eta -entitateekin partekatutako hausnarketa.
Onarpen honekin, Eusko Jaurlaritzak eta EHUk beren lankidetza indartu dute, eta bultzada berri bat eman diote ezagutza sortzeko, azterketa zorrotzak egiteko eta bizikidetzari laguntzeko gune egonkor bihurtuko den tresna bati, gero eta askotarikoagoa den euskal gizarte honetan. Hurrengo urratsa EHUko Gobernu Kontseiluak hitzarmena onartzea izango da eta, ondoren, bi erakundeek sinatu eta jarraipen-batzorde bat eratuko da.






