Basque Segurtasun Foroak 40 ordezkari instituzional inguru bildu ditu Bizkaian segurtasunaz hitz egiteko

0
  • Bingen Zupiria eta Elixabete Etxanobe lurraldeko segurtasunaren egoeraren eta ikuspegi integral batetik aurkezten diren etorkizuneko erronken analisiaren buru izan dira.

BiscayTIK Fundazioak Basque Segurtasun Foroaren Bizkaia mailako bilera hartu du gaur arratsaldean. Bertan, erakundeetako, gizarteko, ekonomiako eta kiroletako eragileek segurtasunaren egoerari buruzko ikuspegia eman dute, bai eta etorkizunari begira ikuspegi integral batetik aurkezten diren erronkei buruzkoa ere.

Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak gidatu dute bilera, eta bertan Bizkaiko Foru Aldundiko, Batzar Nagusietako, EUDELeko, Ertzaintzako, Osakidetzako, Probintzia Auzitegiko, Metro Bilbaoko, ostalaritza, merkataritza eta garraioetako elkarteetako, Gurutze Gorriko, DYAko eta EHUko ordezkariek beren diagnostikoak eta lurraldearen segurtasunarekin lotutako proposamenak partekatu dituzte. Bertaratutakoek gai hauek jorratu dituzte, besteak beste: administrazioen eta inplikatutako eragileen arteko lankidetza indartzea, egungo eta etorkizuneko segurtasun-erronken aurrean erantzun bateratua hobetzeko; larrialdien kudeaketa; klima-aldaketaren eragina; herritarren segurtasuna; ziberdelinkuentzia; emakumeen aurkako indarkeria; eta droga-trafikoa eta -kontsumoa.

Prozesu parte-hartzailea Euskadi osoan

Gaurkoa Basque Segurtasun Foroaren hogeita bosgarren bilera izan da, Urdaibai, Urola Garaia, Uribe Kosta, Urola Erdia, Vitoria-Gasteiz, Ibaizabal, Bidasoa, Mungialdea, Goierri, Debagoiena, Meatzaldea, Errioxa eta Arabako Mendialdea, Oarsoaldea, Bilbo, Aiaraldea, Urola Kosta, Lea-Artibai, Ezkerraldea, Debabarrena, Enkarterri, Araba eta Gipuzkoako eskualdeetan egindako topaketen ondoren.

Basque Segurtasun Foroa parte-hartze prozesu bat da, ikuspegi integral batetik segurtasunari buruzko diagnostiko partekatu bat eraikitzeko. Prozesu horretan, hainbat erakundek, elkartek eta eragilek topagune bat izango dute kezkatzen dituen segurtasunarekin lotutako gaiak lantzeko: herritarren segurtasuna, larrialdi klimatikoa, mugikortasuna, ekitaldi handiak, zibersegurtasuna, larrialdiak…

Basque Segurtasun Foroaren hurrengo hitzordua datorren asteartean, maiatzak 5, izango da, Agurainen.