Alberto Alonso: “Oroimen-ekintza hutsa gainditzen duten memoria politikak beharrezkoak dira gaur, inoiz baino gehiago”

0
  • “Erabil dezagun memoria bere historiari modu kritiko eta gogoetatsuan begiratzen dion gizarte bat eraikitzeko eta, aldi berean, iragan propioan egun dituen mehatxuak ulertzeko gai izango dena”
  • Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak agerraldia egin du gaur goizean Eusko Legebiltzarreko Justizia eta Giza Eskubideen Batzordean

 

Alberto Alonso Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak agerraldia egin du gaur goizean Eusko Legebiltzarreko Justizia eta Giza Eskubideen Batzordean.

Bere hitzaldian nazioarteko egoera aipatu du, demokraziak zalantzan jartzen ari diren une honetan, 40ko hamarkadaren erdialdetik egon ez diren moduan. Gerrei egin die erreferentzia, eta baita gero eta zabalduago dauden gorroto-uholdeak.

Zentzu horretan, Alonsok memoria-politiken izateko arrazoia azpimarratu nahi izan du: «gaur egun, inoiz baino gehiago, oroimen-ekintza hutsa gainditzen duten memoria-politikak beharrezkoak dira. Ezer gutxitarako balio du plaka bat jartzeak  edo adierazpen instituzional bat zabaltzeak, gure politikak gizartean sakonki txertatzea lortzeko gai ez bagara”.

Memoria egitea «iraganari begiratzea baino askoz gehiago» da, Gogora Institutuko zuzendariaren hitzetan, «beharrezkoa da une historiko bakoitzaren atzean dauden mekanismoak azaltzea». «Historia ez da errepikatzen», esan du Alonsok, «baina gorrotoa, aniztasunarekiko erresistentzia eta desberdinen arteko topaketarekiko erresistentzia bezalako elementuak existitzen dira oraindik gure gizartean, horregatik, edozein demokraziaren mehatxurik handiena direlako, beharrezkoa da horiek seinalatzeko, azaltzeko eta ulertzeko gai izatea».

“Erabil dezagun memoria bere historiari modu kritiko eta gogoetatsuan begiratzen dion gizarte bat eraikitzeko; eta, aldi berean, iragan propioan egun dituen mehatxuak ulertzeko gai izango dena. Bestela balitz, egoerak eskatzen duen mailan egoten asmatu ez dugulako izango da” amaitu du.

2026 urterako jarduerak

Agerraldi horren edukia Gogora Institutuaren iazko jardueraren berri ematean oinarritu da, bai eta 2026rako aurreikusitako jardueren ildo orokorrak aurkeztean ere, Institutua sortzeko 4/2014 Legearen 18. artikulua betez.

Aurreikusitako jarduerak eta gaur Batzordean azaldutakoak 2025eko udazkenean onartu ziren azken Zuzendaritza Kontseiluan.

Alberto Alonsok horietako batzuk azpimarratu ditu, hala nola Eduardo Moreno Bergaretxe ‘Pertur’ren desagerpenaren 50. urteurrena dela eta antolatuko diren erakusketa eta mahai-ingurua, irailaren amaierarako aurreikusita daudenak. Bien ardatza senide bat desagertzeak sortzen duen sufrimendua ulertzera bideratuta dago. Euskadin motibazio politikoko indarkeriaren ondorioz desagertuta jarraitzen duten 5 pertsonetako bat da ‘Pertur’.

Ekimen honekin, Gogorak euskal gizarteari gogorarazi nahi dio desagerpenak sufrimendu haundia eragiten diela oraindik orain desagertutako 5 pertsonen familiei. Desagerpenaren trauma etengabeko esperientzia bihurtzen da, zigorgabetasunak, egiarik ezak eta gorpurik ezak dolua ixtea eragozten baitute. Ildo horretan, Gogorak aitortu nahi du Moreno Bergaretxe familiak eta bere etxekoen bila jarraitzen duten gainerako familiek jasandako sufrimenduaren bidegabekeria.

Era berean, egun beretsuetan, Gogorak Dolores González Katarain ‘Yoyes’ oroituko du, irailaren 10ean Ordizian hil zutela 40 urte beteko baitira. Kasu honetan, herritarrek ETAren aurka une horretan izan zuten erantzuna berreskuratu nahi da, inflexio-puntu bat izan zen euskal gizarteak indarkeriarekiko duen jarreran eta horrek kulturaren munduan izan zuen eraginean.

Alberto Alonsok ikerketaren arloan egindako aurrerapenak ere azaldu ditu. Hala, lehen Eusko Jaurlaritzako kide, kargu politiko eta funtzionarioei buruzko ikerlana amaituta eta argitaratzeko moduan dagoela azaldu du. EHUko Historia Garaikideko Sailak egindako ikerketa bat da, lehenengo Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurrenaren ospakizunaren barruan kokatzen dena. Bertan, Jaurlaritza osatu zuten 70 pertsona baino gehiagoren biografiak jasotzeaz gain, Euskadi modernizatzeko bultzatu nahi izan zituen politiken azterketa bat ere jasotzen da, gerra bete-betean zela.

Sexu-aniztasunaren aurkako errepresioari buruzko ikerketa-proiektuaren egoera ere azaldu du, oraindik hasierako fasean, LGTBI eskubideen aldeko mugimenduko elkarte, erakunde politiko eta sindikalekin eta aktibistekin harremanetan jartzeko, horietako asko diktadura frankistaren azken urteetako errepresioaren biktimak.

Diktadura garaiko ‘Patronato para la Protección de la Mujer 1941-1985’

Gogora Institutuko zuzendariak 2026rako Kudeaketa Planean jasotako ikerketa-ildo bat nabarmendu nahi izan du, diktadura garaiko emakumea babesteko Patronatuak Euskadin izan duen eraginari eta biktimei buruzkoa. Diktaduratik bizirik atera zen erakunde-multzo batek osatzen zuten Patronatua, 1985era arte ez baitzen desagertu. «Beharrezkoa da emakumeen eginkizunaren ikuspegi esklusibo baten inposaketa ezagutaraztea: biziarteko adingabetasunera kondenatutako emakumeak, molde horretatik ateratzeko ahaleginak gogor zapaltzen ziren garaiak, hitzezko indarkeria, bazterkeria eta kasu askotan, baita internamendua ere”.

Emakumearen Babeserako Patronatua zer zen eta nola jarduten zuen jakiteko, Gogora Institutuak, La Sinsorgarekin batera, ‘Redimir y Adoctrinar. Emakumearen Babeserako Patronatua 1941-1985’, Carmen Guillenen liburua aurkeztuko du, Andrea Momoitio kazetari eta Patronatuko ikertzailearekin laguntzarekin.

Desagertutako pertsonak bilatzeko eta identifikatzeko programa

Iaz egindako jardueren balantzearen atalean, besteak beste, Alberto Alonsok Pertsona Desagertuak Bilatzeko eta Identifikatzeko Programaren esparruan lortutako emaitzak azaldu ditu. Programa hori Gogoraren jarduera-ardatz nagusietako bat da, eta halaxe azpimarratu du zuzendariak «programa aktibo mantenduko da Euskadin desagertuen bila dauden familiak dauden bitartean, eta ez du iraungitze-datarik».

2025ean, Amorebieta-Etxanoko hilerriko hobitik ateratzeko lanak amaitu ziren. Bertan, 157 pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu dira eta, orain arte, horietako 7 identifikatu dira, azkena duela aste gutxi batzuk; Manuel Hernáez Ruidíaz, Izquierda Republicanako ‘Zabalbide’ batailoiko gudularia, errioxarra jaiotzez eta Bilboko bizilaguna. Bere familiak datozen asteetan jasoko ditu gorpuzkiak.

Halaber, 2025ean beste bi desobiratze burutu dira:  bat Saibigainen, non bi pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu ziren, eta bestea Larragan mendian, non pertsona bati dagokion gorpuzkia berreskuratu den.

Alberto Alonsok Urduñako hilerrian berreskuratutako 93 gorpuzkien kasuan gertatzen ari diren identifikazioak ere aipatu ditu, dagoeneko 30 pertsona identifikatu baitira.

Memoriaren Institutuko zuzendariak Gerra Zibilean desagertutakoen senideei Gogora Institutuarekin harremanetan jartzeko deia egin die, kokaleku ezberdinetan berreskuratutako gorpuzkiak identifikatzeko prozedurari hasiera emateko.