Eusko Jaurlaritzak 906.000 euro onartu ditu itunpeko ikastetxeetan lehen hezkuntzan irakurketa eta matematika indartzeko

0
  • INDARTUZ neurriak eskolaz kanpoko errefortzu pertsonalizatua eskainiko die gehien behar duten ikasleei, emaitza akademikoak hobetzeko helburuarekin

Gobernu Kontseiluak, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak proposatuta, unibertsitatez kanpoko itunpeko ikastetxeei diru-laguntza zuzenak ematea onartu du, INDARTUZ neurrian parte har dezaten. Neurri hori eskolaz kanpoko errefortzu-programa bat da, eta Lehen Hezkuntzako ikasleen irakurketa-gaitasuna eta matematikarako gaitasuna hobetzea du helburu.

Ekimenak 906.327,73 euro ditu, eta 2025-2026 ikasturtean gauzatuko da. Haren helburua da ikasleen emaitzak hobetzean zuzenean jardutea, haien garapen akademikorako eta pertsonalerako oinarrizko bi gaitasunetan: irakurketan eta matematikan.

 

Ikasleen beharretan oinarritutako errefortzu pertsonalizatua

INDARTUZ neurriak eskola-ordutegitik kanpoko errefortzu pertsonalizatua eskainiko die arlo horietan zailtasun handiak dituzten Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleei. Zehazki, Lehen Hezkuntzako 3. mailan irakurtzeko gaitasuna eta 4. mailan matematikarako gaitasuna indartzea izango du helburu, funtsezko ikaskuntzak sendotzen eta etorkizunean gerta daitezkeen atzerapen akademikoei aurrea hartzen laguntzeko.

Irakurketaren arloan, testuen arintasuna eta ulermena hobetzera bideratuko da lana; matematikan, berriz, oinarrizko ezagutzak eta arrazonamendu logikoa finkatzera, aplikazio praktikoa erraztuz.

Oinarrizko gaitasun horiek indartzeaz gain, zeharkako trebetasunak garatzen laguntzen du neurriak, hala nola pentsamendu kritikoa, arazoak konpontzea eta ikasteko autonomia, ikasleen hezkuntza-aurrerapenerako funtsezko alderdiak baitira.

Laguntzei esker, errefortzu hori garatzeko irakasleen kontratazioa finantzatuko da, esku-hartzea ikastetxe bakoitzaren eta ikasle-talde bakoitzaren beharretara egokituz. Laguntza hurbilago hori funtsezkoa da ikasleen konfiantza, motibazioa eta aurrerapen akademikoa indartzeko, batez ere hezkuntza- eta gizarte-testuinguruari lotutako zailtasun handiagoak daudenean.

 

Funtzionatzen duen eta finkatzen den neurria

INDARTUZ neurria 2024-2025 ikasturtean aplikatu da sare itunduko 39 zentrotan, eta emaitza positiboak izan ditu bai ebaluazio orokorretan, bai parte hartu duten ikasleen banakako bilakaeran. 2025-2026 ikasturteari begira, Hezkuntza Sailak 63 ikastetxetara zabaldu du bere irismena, bere eraginkortasuna frogatu duen esku-hartze eredua finkatuz.

Ekimen honen bidez, Hezkuntza Sailak indartu egiten du hezkuntza-sistema baten aldeko apustua, zeinak arreta jartzen baitu ikasleen emaitzak hobetzean, txiki-txikitatik jarduten baitu eta neurri zehatzak garatzen baititu oinarrizko ikaskuntzak indartzeko, aldi berean hezkuntza bidezkoago eta inklusiboago baterantz aurrera eginez.