- Langabeen kopurua 3.368 pertsonatan murriztu da aurreko hilaren aldean, hau da, % 3,14ko jaitsiera izan da eta, guztira, 103.805 pertsona daude langabezian. Urte artean, 3.006 pertsona gutxiago zenbatu dira, 2025eko apirilean baino % 2,81 gutxiago
- 59.068 kontratu berri sinatu dira Euskal Autonomia Erkidegoan, eta horietatik 14.127 kontratu mugagabeak izan dira (% 23,9)
Euskadin 3.000 langabe gutxiago zenbatu dira apirilean. Langabeziak behera egin zuen lurralde historiko guztietan, hiru hiriburuetan, adin tarte guztietan, sektore guztietan eta gizonen zein emakumeen artean. Zehazki, 3.368 langabe gutxiago daude aurreko hilaren aldean, hau da, langabeziak % 3,14ko jaitsiera izan du, eta, guztira, 103.805 pertsona daude langabezian, azken 17 urtetako kopururik baxuena, alegia, 2008ko abendutik, orduan erregistratu baitziren 100.637 langabe. Urte artean, 3.006 pertsona gutxiago zenbatu dira, 2025eko apirilean baino % 2,81 gutxiago.
Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, Lanbidek, lan merkatuaren bilakaera positiboa erregistratu du apirilean Euskal Autonomia Erkidegoan, langabeziak nabarmen egin baitu behera eta hobekuntza orokorra izan baita enplegu adierazle nagusietan.
Bilakaera positibo hori zeharka islatzen da kolektibo guztietan. Langabeziak behera egin du, bai gizonen artean, bai emakumeen artean, eta azken hilabetean beherakada handiagoa izan da emakumeen artean. Era berean, hobekuntza nabarmena ikusten da 30 urtetik beherako gazteen artean, non langabezia % 8,60 jaitsi den, talde horrentzat bereziki aldeko dinamika berretsiz.
Lurraldeen ikuspegitik, langabeziak behera egin du hiru lurralde historikoetan —Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan—, baita hiru hiriburuetan ere, eta enplegua berreskuratzeko joera homogeneoa finkatu da lurralde osoan. Hobekuntza hori sektore ekonomiko guztietara ere hedatu da, bereziki zerbitzuen sektorean (-% 3,85), hileko langabeziaren murrizketaren buruan baitago.
Beste datu garrantzitsu bat da iraupen laburreko eta luzeko langabeziaren beherakada, nahiz eta lehenengoak portaera dinamikoagoa izan. Iraupen laburreko langabeziaren jaitsiera % 5ekoa da (-2.738 pertsona); luzekoa ere jaitsi egin da, baina % 1,20 hileko konparazioan
(-630). Urte arteko balantzean iraupen laburreko langabezia % 4,05 jaitsi da (-2.193) eta iraupen luzekoa % 1,55 (-813).
Alderdi horrek lan merkatuaren etengabeko hobekuntzarako joera indartu du, eta agerian uzten du pertsona bat Lanbidera hurbiltzen denean enplegu politika aktiboak azkar abiarazteak laneratzeko gaitasun handiagoa dakarrela. Datu on horrek esku hartze goiztiarrarekin eta Lanbideren plan pertsonalizatuekin jarraitzera bultzatzen gaitu, langabeak lan merkatura itzultzea arintzen duten tresna gisa.
Kontratazioa eta Gizarte Segurantza
Aldi berean, apirilean 59.068 kontratu erregistratu dira, hau da, urte arteko % 21,1eko hazkundea. Horietatik, laurden bat inguru (% 23,9) mugagabeak dira, eta horrek enpleguaren egonkortasunari laguntzen dio. Gainera, kontratatutako pertsonen kopurua ere (42.424) nabarmen hazi da aurreko urtearen aldean, % 16,82ko igoerarekin.
Sektoreka, manufaktura industriak, osasun jarduerak eta gizarte zerbitzuak nabarmentzen dira, ostalaritzarekin batera, kontratazioaren eragile nagusi gisa. Era berean, gazteek parte hartze handia dute lan merkatuan, eta horrek indartu egiten du enpleguaren belaunaldi berritzearen dinamika.
Azkenik, Euskadik 1.035.867 kotizatzailerekin itxi zuen hilabetea, apirilean 2.457 afiliatu irabazi ostean (+% 0,24). Urte arteko datuei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoan 11.027 langile gehiago daude afiliatuta 2025eko apirilaren aldean, hau da, % 1,08 gehiago. Beraz, serie historikoko daturik onena duen apirila da, eta 937 afiliaziotara gaude joan den abenduan izandako gehieneko datu historikoa berreskuratzetik.
Oro har, apirileko datuek euskal lan merkatuaren bilakaera positiboa berretsi dute, langabezia etengabe murriztuz, kontratazioa handituz eta adierazle giltzarriak oro har hobetuz. Emaitza horiek erakusten dute Ekonomia sarearen sendotasuna eta enplegu politika aktiboen eraginkortasuna enpleguaren susperraldiaren eta kalitatearen sustapenean. Enpleguaren martxa ona gorabehera, Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila erne dago mundu mailan sortutako muga zergen eta energiaren gerrak lan merkatuan eragin ditzakeen gorabeheren aurrean jarduteko, Euskadin ekoizten duten enpresetan eragina izan baitezakete.






