Gaurko Gobernu Kontseiluak Ekonomia Ituna hedatzeko, gizarteratzeko eta nazioartekotzeko estrategia onartu du. Plan honen helburua da Euskadiko autogobernu ekonomiko eta finantzarioaren tresna nagusiaren ezagutza soziala, herritarren balorazioa eta kanpo-proiekzioa indartzea.
Estrategia lau jarduera-ardatz handitan egituratzen da: hedapena, sistemaren ezagutza eta gardentasuna hobetzeko; sozializazioa eta iritzi publikoa, komunikazio-kanpaina egonkorren bidez; nazioartekotzea, Ekonomia Ituna Europako eta nazioarteko foroetan autonomia fiskaleko kasu arrakastatsu gisa kokatzeko; eta politika horiek instituzionalizatzea, Ogasun eta Finantza Sailaren barruan zerbitzu espezifiko eta iraunkor bat sortuz.
Ekonomia Ituna euskal sistema instituzionalaren giltzarria da. Berari esker, foru-erakundeek ia zerga guztiak kudeatu, arautu eta biltzen dituzte, eta euskal erakunde guztiek beren gain hartzen dute zerga-bilketaren arrisku osoa, eta Estatuari ekarpena egiten diote kupoaren bidez, Estatuak dituen eskumenengatik. Federalismo fiskalaren eredu berezia da, konstituzioan eta jurisprudentzian aitortua eta Europar Batasunak bermatua, 2028an 150 urteko indarraldi historikoa beteko duena.
Gazte Justiziaren Plan berria
Gaur ere Gazte Justiziaren VI. Planaren berri eman da Gobernu Kontseiluan. Plan honek delituen prebentzioa, 14 eta 18 urte bitarteko adingabe arau-hausleen eskubideen bermea eta haien gizarteratzea ditu ardatz estrategiko nagusi.
Plana honako printzipio hauetan oinarritzen da: erakundeen arteko koordinazioa, gardentasuna eta kontu-ematea, pertsonarengan zentratutako arreta, prebentzioa eta gizarteratzea eta etengabeko ebaluazioa. Guztira, 30 ekintza baino gehiago jasotzen ditu, lau ildo estrategikoetan egituratuta, aurreko planak hasitako ibilbidearekin jarraitzen eta sakontzen xede dutenak.
Lehen ildo estrategikoa jokabide urratzaileen prebentzioan oinarritzen da, bigarrena politika publikoak integratzearen aldeko apustuan, hirugarrena esku-hartzearen kalitatea hobetzera bideratuta dago ebidentzian, protokoloen berrikuspenean, askotariko profiletara egokitzean eta profesionalen prestakuntza espezializatuan oinarritutako programen bidez, eta azkena erantzukizun publikoa eta kudeaketa-eredua indartzera.
Irakurketa eta matematika indartzea Lehen Hezkuntzan
Gobernu Kontseiluak onartutako beste puntu bat da zuzeneko dirulaguntzak ematea unibertsitatez kanpoko itunpeko ikastetxeei, INDARTUZ neurrian parte har dezaten. Eskolaz kanpoko errefortzu-programa bat da, eta Lehen Hezkuntzako ikasleen irakurmena eta konpetentzia matematikoa hobetzea du helburu.
Ekimenak 906.327,73 euro izango ditu, eta 2025-2026 ikasturtean zehar garatuko da. Helburua da ikasleen emaitzak zuzenean hobetzea, garapen akademiko eta pertsonalerako oinarrizko bi gaitasunetan: irakurketa eta matematika.
Milioi bat euro musika-jarduera profesionala sustatzeko
Gobernu Kontseiluak onespena eman dio 2026ko musika-jarduera profesionaletarako dirulaguntza deialdiari. Deialdi honen helburua da musikagintzaren profesionalen lanaren balio katea indartzea, ekoizpena, ikerketa eta formakuntza eta erakustaldia, beti ere enpresen eta programazioaren egonkortasuna babestuz.
Horretarako, Eusko Jaurlaritzak 1.000.000 euro bideratuko ditu. Dirulaguntzak bost kategoria aurreikusten ditu: partiturak argitaratzea, musika-ekoizpena, sektore-garapena, zuzen-Zuzenean zirkuitua eta musika-zikloak. Interesdunek hilabeteko epea izango dute agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera eskabidea egiteko.
Akordioa Kriminologiaren Euskal Institutuarekin
Gobernu Kontseiluak baimena eman du Kriminologiaren Euskal Institutuarekin lankidetza-hitzarmen berri bat sinatzeko, kriminologiaren, biktimologiaren eta segurtasun objektibo eta subjektiboari buruzko ezagutzak garatu eta hobetzeko, bai eta prestakuntzarako ere.
Hitzarmenak lau urteko indarraldia izango du, eta Segurtasun Sailak urtero 125.000 euroko dirulaguntza emango du Kriminologiaren Euskal Institutuak egindako eta Gobernu Kontseiluak gaur baimendutako hitzarmenean jasotako jarduerak garatzeko.
Informazio publikoa eskuratzeari eta fundazioen eta onura publikoko elkarteen eraginari buruzko txostenak
Azkenik, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailak Euskadiko Administrazio Orokorrean eta haren sektore publikoan informazio publikoa eskuratzeari eta kontuak emateari buruzko 2025eko balantzearen berri eman du, eta Euskadiko fundazioen eta onura publikoko elkarteen inpaktuari buruzko txostenen berri ere.
Lehenengoak Euskadi kalitate demokratikoaren arloko munduko erreferentzia gisa kokatzen du. 2025ean informazio publikoa eskuratzeko 309 eskaera erregistratu ziren, eta erantzuteko batez besteko epea 27,05 egun naturalera murriztu zen. Gainera, Open Data Euskadik 14.860 datu-multzo lortu zituen, foru-aldundietako eta hiru hiriburuetako udaletako informazioa sartu ondoren, eta horrek indartu egin du Estatuko eta Europako proiekzioa.
Bigarren kasuan, Euskadiko fundazioen eta onura publikoko elkarteen eraginari buruzko txostenen berri eman da Gobernu Kontseiluan. Txosten hauetan, gure gizartean oso presente dagoen errealitate bati zifrak eta testuingurua jartzea ahalbidetzen duten datuak biltzen dira, enpleguari, jarduera ekonomikoari, gizarte-itzulkinari eta herritarren parte-hartzeari buruzko informazio esanguratsuarekin.
686 fundazio eta 27.000 elkarte baino gehiago daude erregistratuta Euskadin, eta, oro har, 22.500 enplegu inguru sortzen dituzte eta BPGaren % 1,1 ematen dute. Fundazioek 1.700 milioi euro baino gehiago mugitzen dituzte diru-sarreretan, 8.300 milioi baino gehiagoko ondare erantsia dute eta 1.300 milioi baino gehiago bideratzen dituzte beren helburu sozialetara; onura publikoko elkarteek, berriz, 400 milioi euro inguru kudeatzen dituzte urtean.






