- Juan Bernáldez Díaz eta José Vivas Barreroren gorpuzkiak jaso dituzte Higuera de Vargasen eta Alangen, Badajozen
- Dagoeneko 31 dira Orduñako hilerrian berreskuratutako 93 gorpuzkietatik identifikatutakoak
Juan Bernáldez Díazen familiak haren gorpuzkiak jaso zituen atzo goizez Higuera de Vargaseko udaletxean (Badajoz), Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren eta Alberto Alonso Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariaren eskutik. Horiekin batera bertan izan ziren, Ángel Cabalgante, herriko alkatea, eta Juan Ceballos, Badajozeko Aldundiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Arloko zerbitzuburua.
Era berean, arratsaldez, José Vivas Barreroren familiak bere gorpuzkiak jaso eta herriko hilerrian ehortzi zituzten, Alangen (Badajoz).
Sorterrira 85 urteren ostean
Juan Bernáldez Díaz Barcarrotan jaio eta Higuera de Vargasen bizi zen, biak Badajoz probintziako udalerriak. Ezkonduta zegoen eta 3 seme-alaba zituen. Igeltseroa lanbidez eta UGT sindikatuko kidea zen. 12 urte eta egun bateko espetxe-zigorra ezarri zioten, eta 1940ko otsailaren 2an Urduñako Espetxe Zentralean sartu zuten, Olivenzako Udal Gordailutik (Badajoz) zetorrela. 1941eko martxoaren 16an hil zen, 42 urte zituela, osasun-ziurtagiriaren arabera, urdaileko ultzera batek eragindako barne-odoljario baten ondorioz.
José Vivas Barrero Alangekoa (Badajoz) zen, ezkonduta zegoen eta senar-emazteek 6 seme-alaba izan zituzten. Nekazaria zen lanbidez. 1939ko azaroaren 13an, Castuerako Espetxe Zentralean sartu zuten, Meridako Espetxe Probintzialetik eramanda, eta 12 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten matxinadari laguntzea egotzita. Hilabete geroago, Urduñako Espetxe Zentralera eraman zuten, eta 1941eko martxoaren 21ean hil zen, 67 urte zituela, miokarditisak jota, heriotza-ziurtagiriaren arabera. Gorpuzkiak 2024ko abenduan atera zituzten lurpetik Orduñako hilerrian.






