- Aste honetan Arangurenen C4 linearekin lotzen den tren-anezka jarri da abian. Hiru tren gehiago izango ditu noranzko bakoitzean goizez, beste bi arratsaldez eta beste bat asteburuetan
- Bidaiak Barik txartelarekin ordaindu ahal izango dira, aldirietako tarifak baliatzeko
Aste honetan Karrantzaren eta Arangurenen (Zalla) arteko tren-anezka —aldiriko C5 linea berria— jarri da abian. Linea horrek Bilborekin eta Bizkaiko gainerakoarekin konexio hobea izatea ahalbidetuko die trazadurako herrietako biztanleei. Zerbitzu berria Eusko Jaurlaritzak joan den urtean aldiriko trenen zerbitzuaren eskumena bere gain hartzean ezarritako hobekuntzen parte da (aurretik, Gobernu zentralak kudeatzen zuen zerbitzu hori).
Mugikortasun Jasangarriaren sailburu Susana García Chuecak Arangurenetik abiatu diren lehen trenetako batean egin du bidaia, eta adierazi duenez, “C5 linea berriari esker, Karrantzak eta Enkarterrik konexio handiagoa eta hobea izango dute Bizkaian, garraio publiko jasangarriaren bidez”. “C5 linea berriak eskari handia izan du, eta Bizkaian orografiagatik irisgarritasun okerragoa duten aldeetako batean bizi diren pertsonak eskubideetan eta aukeretan parekatzea du helburu; horretarako, bost zirkulazio berri ezarri dira noranzko bakoitzean astelehenetik ostiralera, eta beste bat asteburuetan”, ziurtatu du sailburuak, eta, gaineratu duenez, “Bilbon eta inguruetan bizi diren pertsonak errazago hurbildu ahal izango dira inguruko ingurune pribilegiatura, errazago gozatu ahal izango dute bertako kulturaz eta naturaz, eta hori onuragarria izango da, zalantzarik gabe, tokiko ekonomiarako”.
Sailburuarekin batera, Zallako, Artzentalesko eta Karrantzako alkateek, eta Renfeko eta Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioaren mende dagoen eta zerbitzu berria zein Euskadiko aldiriko zerbitzu guztiak hartzen dituen sarearen jabea den Adif enpresa-erakunde publikoko ordezkariek egin dute bidaia. Aste honetako asteazkenetik, ibilbidea ibilgailu elektrikoek egiten dute, Bilboko aldirien sareko gainerakoen antzekoek, aipatutako azken enpresak elektrifikatu egin baitu linea azken hilabeteotan.Orain arte, distantzia ertaineko Santander-Bilbo zerbitzuko diesel trenek baino ez zuten egiten ibilbide hori, eta tren horiek noranzko bakoitzean eguneko hiru ibilbideak egiten jarraituko dute.
C5 zerbitzu berria Renfek eskainiko du, eta geldialdiak egiten ditu Karrantzako, Villaverde Turtziozko, Artzentalesko, Traslaviñako (Artzentales), Mimetizko (Zalla) eta Arangurengo (Zalla) geltokietan. Herri horietako guztizko biztanle kopurua 12.000tik gorakoa da. Arangurengo geltokian, Balmaseda eta Bilbo (La Concordia) lotzen dituen eta hilean batez beste 94.000 bidaiari dituen C4 linearako tren-aldaketa egin ahal izango dute bidaiariek. “Renfek egunez egun lan egingo du zerbitzua kalitatezkoa izateko eta erabiltzaileei bidaia-esperientzia ona bermatzeko”, ziurtatu du Renferen Euskadiko ordezkari instituzional Ricard Ribék. Gainera, C5 linea berriari buruz adierazi duenez, “inguruko erabiltzaileen mugikortasuna errazten du” eta “garraio publikoa, jasangarria eta kalitatezkoa” da.
Noranzko bakoitzean sei tren berri astean
C5 tren-anezka berriarekin, noranzko bakoitzean bost tren sortu dira astelehenetik ostiralera jarduteko, eta beste bat asteburuetan eta jaiegunetan. Zehazki, zerbitzu berriak 8:30ean, 11:35ean, 13:15ean (asteburuan ere bai), 17:27an eta 19:07an abiatuko dira Karrantzatik. Kontrako noranzkoan, berriz, 7:35ean, 10:45ean, 12:26an (asteburuan ere bai), 16:30ean eta 18:18an abiatuko dira Arangurengo geltokitik.
Tarifak, Barik txartelarekin ordainduz gero, aldiriko zerbitzukoak izango dira (1,06 eurotik 1,32ra bitartean). Gainera, aldiriko zerbitzuetako ibilbideei lotutako garraio-tituluak eta maiz bidaiatzen dutenentzat 2026. urtearen amaierara arte indarrean egongo diren egungo abonuak erabili ahal izango dituzte erabiltzaileek.
Eusko Jaurlaritzak 900.000 eurora bitarteko inbertsioa egingo du urtean zerbitzu berri horietan, eta, zerbitzu horiei esker, inguruko biztanleek 101 zirkulazio izango dituzte aldiriko eta distantzia ertaineko zerbitzuetan, hots, gaur egun baino % 85 gehiago.
Bidaiari guztiek linea berriaren eguneroko jardunari buruzko informazio eguneratua jaso ahal izango dute denbora errealean, Bilboko aldirien sarerako gaitutako WhatsApp kanalaren bidez.






