Eusko Jaurlaritzak 120.000 euro bideratuko ditu euskaltegi pribatuak digitalizatzera

0

Gobernu Kontseiluak onespena eman dio euskaltegi pribatu eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuek gelak digitalizatzeko baliabideak eskuratu ahal izateko eta hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzat baliabide horiek irisgarri egingo dituzten gailu eta egokitzapenak ezartzeko dirulaguntza deialdiari.

HABEren bidez, 120.000 euro bideratuko dira deialdi honetara eta deialdi honen xede diren gelak digitalizatzeko baliabideak jarduera hauek garatzeko erabiliko dira: urrutiko irakaskuntza, bilera birtualak, bideo-konferentziazko saioak, saioen grabazioa, dokumentuak partekatzea, aurkezpen interaktiboak, ikasleen interakzio digitala eta euskararen irakaskuntzan erabilitako baliabide teknologikoak ikasle guztientzat irisgarri egitea.

Dirulaguntza eskatzeko derrigorrezkoa izango da HABEren euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentroen Erregistroan inskribatuta egotea, eta datu guztiak egunean edukitzea.

Diruz lagundu daitezkeen ekipamendu teknologikoa, funtsean, arbel digitalak eta proiektoreak izango dira, eta halaber, baliabide horiek hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleentzat irisgarri egiteko beharrezko izan daitezkeen bestelako gailu edo egokitzapenak.

Eskariak aurkezteko epea deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da eta 2026ko urriaren 16an amaituko da.