Bilboko hirian proiektu berritzaile bateratuak bultzatzeko zuzeneko dirulaguntza onartu da

0

Gobernu Kontseiluak Bilbao Ekintzari zuzeneko dirulaguntza bat ematea onartu du gaur, Bilboko hiri-ingurunean tokiko saltokien, hirugarren sektoreko gizarteratze-enpresen eta ikastetxeen arteko lankidetza-prozesu koordinatu bat bultzatzeko eta, horren bidez, merkataritza-ehunaren, hezkuntza-komunitatearen, herritarren eta tokiko administrazioen arteko loturak sendotzeko. Horretarako, sentsibilizazioko, laguntza teknikoko eta saltokiaren eta hiri-espazioaren arteko harremanaren esparrua hobetzeko jarduketak integratuko dira.

Esleitutako aurrekontua 150.000 eurokoa da, eta helburuak lortzeko, proiektuak hiru jarduketa-ildo ditu, aldi berean landuko direnak:

 

  • Merkataritza-inkubagailua. Bilerazi proiektua

Merkataritza-inkubagailua ekintzaileei kaleko lokaletan merkataritza- eta zerbitzu-proiektu berriak probatzeko eta abiarazteko aukera emango dieten espazioak gaitzean eta abian jartzean datza. Espazio horiek prestakuntza, laguntza, mentorizazioa eta hasierako arriskuen murrizketa eskaintzen dute, eta belaunaldien arteko erreleboan eta tokiko merkataritzaren modernizazioan laguntzen dute. Lehen merkataritza-inkubagailua San Frantzisko inguruan jarriko da abian, artisautza-esparruetako ekintzaileak hartzeko helburuarekin. Ekintzaile horiek egindako proiektuen erakusketa eta salmenta uztartuko dituen tailer bat ezarriko dute lokalean.

Epe luzera hiriko merkataritza-eremu guztietan inkubagailu-sare bat sortzeko proiektua da. Sare hori udalerriko auzo guztietan jardun behar dela pentsatuta sortuko da, jakinik oso garrantzitsua dela negozioak azkenean ezarriko diren eremuan probatzea.

 

  • Saltoki birtualak:

Pertsianak lokalaren barnealdea okupatuta balego bezala erreproduzituko duen saltoki-proposamen batekin apainduko dira, eta negozio potentzialak eta nola gera litezkeen proposatuko da. Proiektuak barnealdeen diseinuko eta, oro har, diseinuko graduetako azken urteko ikasleek diseinatuko dituzte.

  • Bilbao Gaztedenda

Ekintza honen helburua da proiektua eta haren esanahia biztanle gazteenei ezagutaraztea, gazte horiek tokiko merkataritzara hurbildu daitezen. Aldi berean, kontsumo arduratsuaren eta jasangarriaren kultura sustatuko da gazteengan. Kultura horrek erosketa-ohiturei buruzko gogoeta kritikoa sustatuko du, tokiko merkataritzaren aurkikuntza bultzatuko du eta gazteen eta haien ingurune hurbileko merkatarien arteko harremana indartuko du.

Ekintza garatzeko, topaketak egingo dira 14-16 urteko DBHko ikasleekin, 450 ikasle inguruk parte hartzeko helburuarekin. Gainera, beste jarduera bat ere egingo da, ikasle horiekin merkataritza-ibilbideak antolatuko baitira ikastetxeko barrutian kokatutako saltokietan zehar, aldi berean merkatari gehiago inplikatzeko.

Bestalde, eta 18-20 urteko biztanleak inplikatzeko, lehiaketa bat antolatu nahi da 2026ko bigarren seihilekoan. Lehiaketa horretan, proiektuan parte hartu nahi duten gazteak eta tokiko saltokiak parekatuko dira, eta lehenak bigarrenen enbaxadore digitalak izango dira eta sare sozialetan negozio horretarako marketin-estrategia bat diseinatzeaz arduratuko dira. Sare sozialetako marketin-estrategia onenak sari bat jasoko du, eta ekimenean parte hartu duten saltokietan trukatu ahal izango da.