Euskadik eta Kanariek Espainiari eta Europari eskatzen diete onar dezatela iparraldeko eta hegoaldeko beren muga-estatusa EBren barruan

0
  • Euskadik eta Kanariek Migrazio eta Asilorako Europako Itunean aktiboki parte hartzeko eskatu diete Espainiari eta Europari
  • Imanol Pradales: “Euskadik eta Kanariek harrera-eredua eta arreta-mekanismoetarako eta garatzen ari garen ibilbideetarako ondorioak argitzeko eskatu diegu Ministerioari eta Europar Batasunari”

Imanol Pradales Lehendakariak gaur iragarri duenez, Eusko Jaurlaritzak eta Kanarietako Gobernuak baterako idatzi bat egingo dute, Espainiako Estatuari eta Europari eskatzeko ofizialki onar dezatela EBren barruan Euskadik eta Kanariek duten iparraldeko eta hegoaldeko muga-estatusa, batez ere Afrikatik datorren migrazioaren kudeaketan duten zereginagatik. Gainera, Estaturik gabeko eskualdeek eta nazioek Migrazio eta Asilorako Europako Itunean izan behar duten zeregina nabarmendu dute. Itun hori ekainaren 12an sartuko da indarrean, eta, abian jartzeko, besteak beste, mugen kudeaketa, harrera-mekanismoak, nazioarteko babes-prozedurak, jarraipen-dispositiboak eta elkartasun-tresnak mugako lurraldeen errealitatera egokitu beharko dira.

“Estatuak bere etxeko lanak egin behar ditu behingoz, eta gai honen inguruko zalantza normatibo eta operatibo guztiak argitu behar ditu. Horregatik, Euskadik eta Kanariek harrera-eredua argitzeko eskatu diegu Ministerioari eta Europar Batasunari, bai eta arreta-mekanismoetarako eta garatzen ari garen ibilbideetarako ondorioak argitzeko ere”, azaldu du Lehendakariak bileraren ondoren.

Lehendakariak Fernando Clavijo Kanarietako presidentea hartu du gaur goizean Ajuria Enea Jauregian. Bi buruzagiek egiten duten hirugarren bilera da, 2024ko abenduan egindakoen ondoren, non proposamen bateratu bat egin zuten inoren kargura dauden adingabeak hartzeko, eta, ondoren, Pedro Sánchezen gobernuari migrazioa kudeatzeko plan integral bat eskatuz osatu zen. Imanol Pradalesek iazko irailean itzuli zion bisita Clavijo presidenteari Kanaria uharteetara. Azken topaketa horretan, Euskadik eta Kanariek protokolo bat sinatu zuten migrazioaren kudeaketan, Lanbide Heziketan eta ekonomia urdinaren sustapenean laguntzeko, besteak beste.

 

Migrazio eta Asilorako Europako Ituna

Bi buruzagiek gaur goizean sinatutako idatzi berrian, Pradalesek eta Clavijok gogorarazi dute iragaitzazko migratzaileei zuzendutako baliabideen kudeaketa “zuzenean eragiten digun erronka” dela, eta, beraz, “gure ahotsa entzutea eta hori kudeatzeko gaitasun handiagoak izatea behar dugu”. Hala, testu bateratuan, Euskadik eta Kanariek eskatzen dute Itunaren hedapena ez dadila diseinatu soilik estatu-logika zentralizatu batetik, ez eta migrazio-errealitatearen irakurketa partzial batetik ere; aitzitik, migrazio-ibilbideen ondorioak zuzenean kudeatzen dituzten lurraldeen esperientzia txertatzeko eskatzen dute.

Era berean, Itunaren ezarpenean aktiboki parte hartzea eskatzen dute, eta horrek esan nahi du hitza eta botoa izan behar dutela haren jarraipena, finantzaketa eta ebaluazioa egiteko egituratzen diren mekanismoetan, bai eta ibilbide atlantikoa eta iparraldeko muga berariazko migrazio-errealitate gisa aitortzea ere.

“Euskadi ez da pasaerako lurralde bat soilik: erantzun humanitario egonkor bati eusten dion lurraldea da, iragaitzazko migratzaileei arreta ematen diena, baliabide publikoak eta sozialak koordinatzen dituena, Bidasoa inguruan arrisku-egoerak saihesteko lan egiten diharduena eta Europa iparralderako migrazio-ibilbideen barruan funtsezko posizio batean kokatzen dena”, gogorarazi du Lehendakariak.

 

Esperientzien trukea

Bileran, gainera, Lehendakariak interes komunekoak izan daitezkeen beste gai batzuen berri eman dio Clavijo presidenteari, besteak beste, Basque Quantum estrategiarena eta Lanbide Heziketaren eremuko konpetentziak egiaztatzeko ereduarena. Era berean, Kanarietako Gobernuak bultzatutako ‘Tierra Firme’ proiektua abian jartzeari buruzko iritziak partekatu dituzte. Proiektu hori jatorrian Afrikako herrialdeetan prestatzeko eta kontratatzeko da, eta Senegalen gazteak laneratzeko eta trebatzeko ezarri nahi du Eusko Jaurlaritzak.

“Euskadi eta Kanariak politika serio, erabilgarri eta eraikitzaile batekin konprometituta gaude. Arazoei aurre egiteko politika batekin, lankidetzan oinarritua eta suminduratik eta polarizaziotik ihes egiten duena. Horretan jarraituko dugu, balio horiek partekatzen dituzten guztiekin batera aurrera eginez. Amore eman gabe, eta zaratarekin despistatu gabe”, esanez amaitu du Lehendakariak.