D’Anjou sailburuak nabarmendu duenez, Batzorde Mistoan lortutako akordioen ondoren, autogobernua indartu da eta Ekonomia Ituna autogobernuaren zutabe gisa proiektatu da

0

Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak agerraldia egin du ostiral honetan Eusko Legebiltzarreko Ogasun eta Aurrekontu Batzordean. Agerraldi horretan, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren azken bileran lortutako akordioen berri eman du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko autogobernuaren funtsezko tresna hori hedatu, sozializatu eta nazioartekotzeko estrategia aurkeztu du. Agerraldian, sailburuarekin batera, Iñaki Alonso Ogasuneko sailburuordea eta Mikel Erkoreka Erakundeen Baliabideetako zuzendaria izan dira.

Sailburuak aditzera eman duenez, martxoaren 25ean egindako bileran hartutako hamaika erabakiek “Euskadiren finantza-egonkortasuna indartzen dute eta gure autogobernu ekonomikoa, fiskala eta finantzarioa sendotzen dute”. Akordio horiek guztiak aho batez onartu dira, eta horrek, sailburuaren hitzetan, agerian uzten du Batzorde Mistoak “elkarrizketarako, erakundeen arteko errespeturako eta desberdinen arteko akordiorako foroa» izaten jarraitzen duela.

Alderdi garrantzitsuenen artean nabarmentzen dira 2024ko kupoaren behin betiko likidazioa (1.735,6 milioi euro) eta 2025erako behin-behineko kupoaren onarpena (1.407,3 milioi euro). Zifra horiei esker, Euskadiren eta Estatuaren arteko finantza-harremana antola daiteke, eta sistemari segurtasun juridikoa, egonkortasuna eta aurreikusgarritasuna eman dakioke.

Era berean, 2024 eta 2025erako Enplegu Politika Aktiboen behin betiko eta behin-behineko finantzaketak adostu dira, eta enplegurako eta gizarte-kohesiorako funtsezko politiken jarraitutasuna bermatu. Osasun- eta gizarte-arloan, Euskadik Estatuko zenbait programatan parte hartzea arautu da, hala nola Osasun Mentaleko Ekintza Planean edo suizidioaren prebentzioan, guztira 4,3 milioi euroko zenbatekoarekin.

Beste mugarri garrantzitsu bat mendekotasun-sistemaren finantzaketa-metodologian egindako aurrerapausoak izan dira. Izatez, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren hurrengo bilera baino lehen behin betiko akordioa lortzeko eta 2027an Estatuaren finantzaketa gastuaren % 50era iritsiko dela bermatzeko konpromisoa erdietsi da.

Agerraldia, bestalde, baliagarria izan da 2026-2028 aldirako aurrekontu-egonkortasuna berresteko —Barne Produktu Gordinaren % 0,3ko defizit-helburuarekin eta % 13ko zor-mugarekin— eta 2025-2026 aldirako ekonomia- eta finantza-plana baliozkotzeko. Sailburuaren hitzetan, horri guztiari esker, “gure erakundeek segurtasunez planifikatzeko eta datozen urteetako erronkei aurre egiteko duten ahalmena indartu daiteke”.

 Ekonomia Ituna hedatzeko estrategia

Bigarrenik, Noël d’Anjou sailburuak Batzorde horretan aurkeztu du Gobernu Kontseiluak joan den maiatzaren 5ean onartutako Ekonomia Ituna hedatu, sozializatu eta nazioartekotzeko estrategia. Sailburuak aditzera eman duenez, “gure autogobernuaren funtsezko zutabeetako bat azaltzeko, partekatzeko eta proiektatzeko konpromiso politiko argia da”.

Ogasun eta Finantza Saileko titularrak aitortu du, Ekonomia Itunaren babes sozial eta politiko zabala gorabehera, oraindik ere Itunaren inguruko ezagutza mugatua dela Euskadin zein Euskaditik kanpo. Hori dela eta, estrategia horren helburua da tresna hori herritarrentzat ulergarriagoa eta hurbilagoa izatea eta, horretarako, zerga-kultura indartzea eta zergen eta zerbitzu publikoen arteko harremana argi azaltzea.

“Ez da pribilegio bat, Konstituzioak onartutako sistema bat baizik, erantzukizun fiskalean, aldebakarreko arriskuan eta elkartasunean oinarritzen dena”, nabarmendu du Noëlek, eta defentsa-jarrera batetik narratiba “proaktibo, zorrotz eta pedagogikora” igarotzeko beharra defendatu du.

Estrategia horren bidez, Ekonomia Ituna nazioartean proiektatu nahi da autonomia eta erantzukidetasuna uztartzen dituen autogobernu eraginkorreko eredu gisa. Ildo horretan, sailburuak adierazi du sistema horrek Euskadiri aukera eman diola funtsezko zerbitzu publikoei eusteko, hala nola osasunari, hezkuntzari edo epe luzeko egonkortasuna eta ikuspegia duten gizarte-politikei.

Amaitzeko, Noël d’Anjouk aditzera eman du akordioak eta estrategia berria beste urrats bat direla Euskal Autonomia Erkidegoaren autogobernua indartzeko bidean eta aldebikotasunean, erantzukizunean eta kontu publikoen orekarekiko konpromisoan oinarritutako eredua finkatzeko bidean.

Legealdiaren hasieratik, Batzorde Mistoak 45 akordio lortu ditu, guztiak helburu komun batekin: sistemaren sendotasuna eta Euskadik bere politika publikoak diseinatzeko eta egikaritzeko duen ahalmena bermatzea.