Bilboko Udalak Aste Nagusiaren 46. edizioa prestatzeko lanetan ari da, eta berretsi egiten du gero eta jasangarriagoak diren eta jaiak ospatzen diren ingurunea errespetatzen duten jaiekiko konpromisoa. Helburu horrekin, berriro bultzatuko dira zenbait ekintza ingurumen-sentsibilizazioa sustatzera, ohitura arduratsuak bultzatzera eta 2030 Agendan jasotako Garapen Jasangarrirako Helburuak betetzen aurrera egitera bideratuta.
Ekimen nabarmenetako bat Casilda Iturrizar parkeko Txikigunea da. Abuztuaren 23tik 30era bitartean, jolasaren eta parte-hartzearen bidez hainbat balio sustatuko dira, hala nola autonomia, sormena, erantzunkidetasuna, ingurunearekiko errespetua, elkartasuna eta belaunaldien arteko bizikidetza.
GJHak zeharka egongo dira programazio osoan eta hainbat eremurekin bat datozen balioak eta portaerak sustatuko dira, hala nola osasunarekin eta ongizatearekin, kalitatezko hezkuntzarekin, berdintasunarekin, desberdintasunen murrizketarekin, hiri eta komunitate jasangarriekin, ekoizpen eta kontsumo arduratsuarekin, klimaren aldeko ekintzarekin, bizikidetzarekin eta gizarte jasangarriago baterantz aurrera egiteko aliantzekin.
«Txiki-Botxo» izenpean, Aste Nagusiko umeen parkea hiribilduan inspiratutako hiri bizi eta txiki bihurtuko da, non txoko bakoitza Bilbo sentitzeko, bizitzeko eta eraikitzeko modu bat izango den. Goizez eta arratsaldez egongo da irekita, 11:00etatik 14:30era eta 16:30etik 20:00etara, eta 30 proposamen baino gehiago egingo zaizkie 0 eta 12 urte bitarteko umeei eta haien familiei.
ARGI IKUSKIZUNAK ETA HERRITARREN KONTZIENTZIAZIOA
Pergolako iturriak eta Plaza Eliptikoak ur-, argi- eta kolore-ikuskizuna eskainiko dute berriz ere Aste Nagusian, 17 GJHetan inspiratutako tonalitateak konbinatuko dituena. Proiekzioak gauez egingo dira, su artifizialen aurretik eta ondoren. Hau da bost saioen programazioa: 21:30, 22:00, 23:00, 23:30 eta 00:00.
Gainera, kontzertu bakoitzaren aurretik, bideo batzuk proiektatuko dira jendeari gogorarazteko ingurunea garbitzen laguntzeak daukan garrantzia, hondakinak dagokien edukiontzian behar bezala utzita; eta beste bideo batzuk espazio publikoan ohikoenak diren gizalegearen aurkako jokabideak murrizteari buruzko kontzientziazioa lortzera bideratuko dira, ingurune garbiago, atseginago eta jasangarriago bat lortzen lagunduko duten jarrerak sustatuz.
HONDAKINEN KUDEAKETAREN BILAKAERA POSITIBOA
Hondakinen sorrerari dagokionez, ingurumenaren gaineko inpaktu negatiboa minimizatzea da ekitaldi handi oro antolatzeko desafio handienetako bat. Alde horretatik, Bilboko Udalak Aste Nagusi geroz eta jasangarriago baten alde egiten du eta, hala, bere esku dituen baliabide guztiak jartzen ditu helburu hauek lortzeko:
- Sortzen diren hondakinak gutxitzea, batez ere, erabilera bakarrekoak.
- Hondakinak behar den moduan bereiztea, arreta berezia jarriz plastikoa, posible den neurrian, ahalik eta gutxien erabiltzeari.
Hori dela-eta, hondakinen kudeaketa errazte aldera, zaborrontzi eta edukiontzi sorta handia egongo da jai-eremuetan, era bateko eta besteko hondakinak gaika biltzeko.
Kontzertuen guneetan, bestalde, 200 edukiontzi eta ontzi gehiago jarriko dira, hondakin mota batzuetarako eta besteetarako. Eta, horrez gain, langile eta ibilgailu batzuk beren-beregi papera eta kartoia, organikoa eta ontziak bereiz jasotzen arituko dira.
Txosnen gunean, bestalde, txosnen barruan 214 edukiontzi jarriko dira, birziklatu ahal diren era bateko eta besteko hondakinetarako; eta tamaina ertaineko beste 250 edukiontzi jarriko dira, jai-eremu guztietan.
Horren guztiaren bidez, birziklatzea eta hondakinak gaika bereiztea sustatu nahi da.Ildo horretan, bilakaera positiboa ikusten da azken urteetan. Hala, 2025ean 576,33 tona hondakin bildu ziren, 2024an baino gutxiago, urte hartan 609,91 tona jaso baitziren. Hala ere, gaikako bilketaren ehunekoak nabarmen egin zuen gora 2025ean, % 39,44ra iritsi baitzen, aurreko urteko % 37,40ren aldean.
Datu horiek agerian uzten dute 2025ean guztira hondakin gutxiago sortu bazen ere, nabarmen hobetu zela hondakinen kudeaketaren eta bereizketaren efizientzia, eta hori aurrerapen garrantzitsua da jai jasangarriagoen bidean. Aurrerapen horrek azpimarratzen du garrantzitsua dela ekitaldi jendetsuetan hondakinak birziklatzea eta behar bezala kudeatzea sustatzen duten neurriak eta kanpainak bultzatzen jarraitzea.
ERRONKA GARBIA
Laugarren urtez jarraian, Txikiguneak Erronka Garbia zigilua izango du. Ziurtagiri hori Eusko Jaurlaritzak jarri du martxan Ihobe sozietate publikoaren bitartez, eta aitortza egiten die diseinuan eta antolaketan ingurumen-neurriak betetzen dituzten ekitaldiei, ingurumen-eragin negatiboak minimizatzen dituzten heinean.
Bereizgarria lortzeak berekin dakar, gainera, ekitaldian zehar ekintzen jarraipena egitea eta erabilitako jardunbide egokiak herritarrei gardentasunez komunikatzea. Neurri zehatzen artean, hauek nabarmentzen dira: garraio publikoaren edo bizikletaren erabilera edo oinezko joan-etorriak sustatzea; ur-kontsumoan aurreztea; eta argi seinaleztatutako eta gune estrategikoetan kokatutako edukiontzi-multzoak instalatzea.
Ekintza horiekin guztiekin, Bilboko Udalak berretsi egiten du ingurunea gehiago errespetatzen duen festa-eredu batekin daukan konpromisoa, dibertsioa eta ingurumen-kontzientzia uztartzen baititu.






