Finantza publikoek Euskadiko ekonomia eraldatzeko betetzen duten zeregina nabarmendu du lehendakariak IVF Topaketak 2026 foroan

0

Imanol Pradales lehendakariak finantza-tresna publikoek “ekonomia errealaren zerbitzurako palanka estrategiko” gisa betetzen duten funtsezko zeregina nabarmendu du gaur IVF Topaketak 2026 foroan. Finantzen Euskal Institutuak antolatutako topaketaren bigarren edizio hau Guggenheim Bilbao Museoan egin da, eta bertan nazioarteko adituak, erakundeetako arduradunak eta enpresa-ordezkariak bildu dira etorkizun ekonomikoaren erronkei buruz eztabaidatzeko.

Lehendakariak, hitza hartu duenean, ziurgabetasunak markatutako testuinguru globalari —“normaltasun berri” gisa kalifikatu du— aurrea hartzeko beharra defendatu du, eta adierazi du “aurrea hartzen duenak, erabakitzen duenak eta anbizio estrategikoarekin jokatzen duenak aurrera egiten” duela, eta Euskadik, Europaren eskutik, bide horri jarraitzea erabaki duela.

Lehendakariak lankidetza publiko-pribatuan, produkzio-sarearekiko hurbiltasunean eta gauzatzeko gaitasunean oinarritzen den Euskal Autonomia Erkidegoko eredua balioetsi du, erronka ekonomiko handiei heltzeko elementu bereizgarria den aldetik. Ildo horretan, aditzera eman du egungo erronkek “eskala, epe luzeko ikuspegia eta baliabideak mobilizatzeko gaitasuna” eskatzen dutela, eta herrialdearen lehentasunetara bideratutako ekintza publiko “irmoa, selektiboa eta zorrotza” defendatu du.

Gainera, merkatua iristen ez den eremuetan, finantzaketa publikoak inbertsio-katalizatzaile gisa betetzen duen zeregina nabarmendu du, baita konfiantza sortzeko, kapital pribatua mobilizatzeko eta balizko proiektu eraldatzaileak egiteko duen ahalmena ere. Jakinarazi du Finantzen Euskal Institutuak 400 milioi euro inguru mobilizatu dituela 2025etik, eta 1.200 milioi inbertsio pribatu baino gehiago erakarri dituela.

Itxierako ekitaldian, Euskadi Eraldatuz 2030 planaren esparruan bultzatutako ekimen nagusiak ere errepasatu ditu. Horien artean aipatu ditu startupen hazkundea bizkortzeko Hazten funtsa abiaraztea, eskalagarritasun-programak hedatzea eta Euskadin aitzindaria den zor malguaren funtsa gisako tresna berriak garatzea. Era berean, aurrerapenak iragarri ditu etorkizuneko finantzaketa-lerroetan eta azpiegitura-programetan, enpresa-lehiakortasuna indartzera eta hazkunde-fase guztietan laguntzera begira.

Amaitzeko, anbizio kolektiborako deia egin du, herri ikuspegia duen politika ekonomikoa eraikitzen jarrai dadin: “Eraldaketa garaietan, Euskadin ekintzaren bidetik erantzuten ari gara, honaino ekarri gaituen eredua berrituta eta etorkizuneko aukerak baliatuta”.

Etorkizunari aurrea hartzeko foro finkatua

Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak eman dio hasiera, lehen orduan, jardunaldiari, eta IVF Topaketak foroa azterketa eta hausnarketa partekaturako erreferentziazko espazio gisa sendotu izana nabarmendu du. Adierazi duenez, bigarren edizio hau aurrerapausoa da “erronkak hobeto ulertuko dituen eta erantzun irmoagoak eta errealistagoak eraikiko dituen” foroa sortzera begira.

Sailburuak egungo erronkak testuinguruan kokatu ditu —tentsio geopolitikoak, nazioarteko merkataritzaren aldaketak, trantsizio teknologikoa eta jasangarritasuna—, eta erakunde publikoen zeregin aktiboa defendatu du: “kontua ez da jardun behar ote dugun, baizik eta nola jardun behar dugun”, ohartarazi du, eta eraldaketa ekonomikoa lagundu, babestu eta bideratuko duen ekintza publikoaren alde egin du.

Ildo horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko lankidetza publiko-pribatuko ereduaren garrantzia nabarmendu du, baliabideen optimizazioan, konfiantzaren sorreran eta beste modu batean garatu ezin izango liratekeen proiektuen aktibazioan oinarritzen den heinean. Gainera, azpimarratu du Finantzen Euskal Institutua “palanka estrategikoa” dela baliabide publikoak eta pribatuak bat etor daitezen, enpresen errotzea indartu dadin eta produkzio-sarearen lehiakortasuna hobetu dadin.

Sailburuak berriki abian jarri diren jarduera garrantzitsuenetako batzuk zehaztu ditu: gazteei etxebizitza eskuratzen laguntzeko Gazteaval programa abian jartzea; nazioarteko ziurgabetasun-testuinguruei erantzuteko abal-lerroak aktibatzea eta eguneratzea; eta Euskadi Eraldatuz 2030 plana bultzatzea, ekonomia eraldatzeko bide-orri gisa.

Era berean, enpresa estrategikoen errotzea indartzeko Finkatuz gisako inbertsio-tresnak (350 milioi euro gehiago) indartu izana nabarmendu du, baita bitarteko berriak martxan jarri izana ere, hala nola enpresa-hazkundera bideratzen den Indartuz sozietatea, 260 milioiz hornitua. Horiei gehitu behar zaie, funts eta programa berriak garatu izana, barnean direla enpresa-ehunaren eskalagarritasuna eta berrikuntza-gaitasuna hobetzeko Hazten edo Ezten II gisako ekimenak.

Sailburuak adibide zehatzekin azaldu du politika horiek industria, teknologia eta hurbileko sektoreetan izan duten inpaktua, eta ohartarazi du eragiketa bakoitzaren atzean “aurrera egiten duten enpresak, gauzatzen diren proiektuak eta finkatzen den enplegua” daudela.

Nazioarteko ikuspegia duen analisi-jardunaldia

Jardunaldia Guggenheim Bilbao Museoan egin da, eta izen handiko nazioarteko pertsona batek hartu du parte, Yngve Slyngstad Norvegiako funts subiranoko CEO ohiak. Epe luzerako inbertsioen kudeaketan duen esperientzia ez ezik, jasangarritasunari eta etorkizuneko belaunaldiei buruz duen ikuspegia ere partekatu ditu.

Programak bi mahai-inguru barne hartu ditu, eta horietan finantza-erakunde publikoek garapen ekonomikoan eta sektore pribatuarekiko elkarlanean betetzen duten zeregina izan da aztergai. Mahai-inguruetan parte hartu dute: ICF, ICO, BPI France eta Finantzen Euskal Institutua entitateetako ordezkariek —azken horren ordezkaritzan Amaia del Villar zuzendari nagusia izan da—, Europako Inbertsio Bankuko ordezkariak , eta Eroski, CIE Automotive edo ITP Aero gisako enpresetako zuzendariek. Horrenbestez, egungo testuinguruko erronkei eta aukerei buruzko ikuspegi plurala eskaini dute.

IVF Topaketak 2026 foroa, halaber, finantzaketa publikoaren etorkizunari buruz eta, gero eta zorrotzagoa den testuinguru global honetan, ekonomiaren eraldaketan betetzen duen zereginari buruz hausnartzeko erreferentziazko topagune gisa finkatu da. Jardunaldiak agerian utzi du erakundeen eta enpresen arteko elkarlanaren garrantzia, etorkizuneko erronkekin bat datorren hazkunde jasangarria eta lehiakorra bultzatze aldera.