Eusko Jaurlaritzak 2,25 milioi euroko laguntza-lerroa onartu du 2025-2026 ikasturtean euskara ikasten duten herritarrentzat

0
  • Laguntza-lerro hau helduen euskalduntzea eraldatzeko Eusko Jaurlaritzaren estrategia zabalago baten parte da
  • Azken bost urteetan, 2022tik 2026ra, 25,1 milioi euro bideratu dira euskara ikasteko doakotasun-politiketara eta 43.500 pertsonak jaso dituzte laguntzak. Era berean, euskaltegietako matrikulazioek gora egin dute maila guztietan

Eusko Jaurlaritzak gaur onartu du 2,25 milioi euroko laguntza-lerroa 2025-2026 ikasturtean euskara ikasi duten herritarrek matrikularen kostuaren zati bat edo osoa berreskuratu ahal izan dezaten. Gobernu Kontseiluak gaur onartutako neurriak helduen euskalduntzea indartzeko eta euskara ikasteko doakotasunerantz aurrera egiteko Eusko Jaurlaritzak azken urteotan garatzen ari den estrategia integralaren barruan kokatzen dira.

Azken urteetan, Eusko Jaurlaritzak euskara ikasteko oztopo ekonomikoak murrizteko politika progresiboa garatu du, helburu argi batekin: gero eta herritar gehiagok euskara ikasteko aukera erreala izatea eta erabilerarako gaitasuna eskuratzea.
Horren baitan, gaur egun hainbat laguntza-lerro daude martxan:

  • Maila gainditzeagatiko dirulaguntzak: Ikasleek matrikularen kostuaren zati handi bat edo osoa berreskuratu dezakete mailak gainditu edo egiaztatuz gero (A1etik C2ra). (Onartutako dirulaguntza honek lerro honi egiten dio erreferentzia)
  • C1 mailako 16-18 urteko gazteen doakotasuna. 16 eta 18 urte bitarteko gazteek C1 maila ia doan ikasteko aukera dute.
  • AISA programa. Atzerritik etorritako herritarrei zuzendutako harrera eta lehen euskara hurbilketa programa.
  • A1 eta A2 mailetan matrikula merkatzeko sistemak, etorkizunean Euskara Bonuak ordezkatuko dituenak. (Info gehiago)

Azken bost urteetan, 2022-2026 artean

  • 25,1 milioi euro bideratu dira euskara ikasteko doakotasun-politiketara,
  • 500 pertsonak jaso dituzte laguntzak,
  • eta neurri horiek eragin zuzena izan dute euskaltegietako matrikulazioetan.

Bereziki esanguratsua izan da hasierako mailetako bilakaera. A1 mailaren doakotasuna martxan jarri ondoren, maila hori gainditu duten pertsonen kopurua %44 hazi zen ikasturte bakarrean: 1.963 ikasletik 2.831ra igo zen.

Halaber, azken urteetan: C1 mailako matrikulazioak %24,6 hazi dira; A1 mailakoak %30etik gora, eta A2 mailakoak %19 inguru (dirulaguntza ikasturte honetan jarri da eta oraindik ez da bukatu. Portzentaia handitzea aurreikusten da).

Estrategia berriaren helburua ez da soilik pertsona gehiago euskara ikasten hastea, baizik eta ikasketa-prozesuan jarraitzea eta eguneroko erabilerarako gaitasuna eskuratzea. Horregatik, Eusko Jaurlaritza helduen euskalduntzearen politika berrantolatzen ari da, sarbidetik harago, jarraitutasuna, erabilera eta autonomia sustatzeko.

 

Gobernu Kontseiluak onartutako dirulaguntza

Testuinguru horretan kokatzen da gaur onartutako laguntza-lerroa. Deialdiaren bidez, HABEren mailak gainditu edo egiaztatzen dituzten ikasleek matrikularen kostuaren zati bat edo osoa berreskuratu ahal izango dute, A1etik C2ra bitarteko maila guztietan.

Laguntzen zenbatekoa gainditutako edo egiaztatutako mailaren araberakoa izango da, eta kasu batzuetan matrikularen kostu osoa estaltzera iritsi ahal izango da. Adibidez, gehieneko laguntzak 1.000 eurokoak izango dira B2 mailan.

Dirulaguntzak eskuratzeko, beharrezkoa izango da HABEren erregistroan inskribatutako euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentro homologatu batean matrikulatuta egotea eta dagokion maila gainditu edo egiaztatzea.

Eskabideak bi txandatan egin ahal izango dira 2026an:

  • Lehen txandaren eskari-epea ebazpena argitaratu eta biharamunetik abuztuaren 3ra arte izango da. Eskaria egin ahal izango dute lehen txanda honetan 2025ko uztailaren 1etik 2026ko uztailaren 31 bitartean maila gainditu edota maila egiaztatu duten ikasleek.
  • Bigarren txandaren eskari-epea 2026ko irailaren 1etik azaroaren 3ra arte izango da. Eskaria egin ahal izango dute bigarren txanda honetan 2026ko abuztuaren 1etik urriaren 31ra bitartean maila gainditu edota maila egiaztatu duten ikasleek eta lehen txandan, eskaria egiterik izan ez duten pertsonek.

Gobernu Kontseiluak gaur onartutako neurriak bat egiten du helduen euskalduntzearen sistemaren egonkortze eta eraldaketa prozesuarekin. Ildo horretan, aste honetan bertan aurkeztu da HABEren eta EUDELen arteko udal euskaltegien finantzazio-eredu berria ere; helduen euskalduntze sistema osoari egonkortasun handiagoa emateko estrategiaren barruan.