- Segurtasun sailburuak larunbatean Loiun gertatutakoa aztertu du, eta Ertzaintza aireportura AENAk eskatuta joan zela azaldu du.
Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordean, larunbatean Loiuko aireportuan izandako istiluak aztertzeko. Ricardo Ituarte Segurtasuneko sailburuordeak eta Victoria Landa Ertzaintzako zuzendariak lagunduta, gertatutakoa azaldu du, irudiak erakutsiz eta gertatutakoa kronologikoki deskribatuz.
Bere hitzaldian, Eusko Jaurlaritzak Gazan gertatzen ari denaren aurrean duen jarrera berretsi du Zupiriak, irailaren 2an Israel egiten ari zen genozidioa salatzeko adierazpen instituzional bat onartu zela gogoraraziz. Gainera, urriaren 13an, Gazarako Bake Akordioa hitzartu zenean, Eusko Jaurlaritzak hainbat erabaki hartu zituen Gazako herritarren alde. «Hori da Eusko Jaurlaritzaren jarrera, lehen eta orain, Israelgo Gobernuak izan duen eta duen jokabidearen aurrean», adierazi du Zupiriak, eta gaineratu du «Israelgo Gobernua Palestinako herriaren aurka egiten ari denak sumindu egiten gaitu: biztanleria zibilaren aurkako bonbardaketak eginez eta milaka hildako eraginez; laguntza humanitarioaren blokeoa; Nazio Batuen Erakundeko langileen edo 200 kazetari baino gehiagoren hilketa; ehunka mila desplazatu haien etxeetatik… Ezintasunak ezin gaitu geldiarazi. Berriro dei egiten diegu Europar Batasunari eta nazioarteko komunitateari, behingoz, Israelgo Gobernuak sarraski hori amai dezan. Su-etena negoziaezina da. Premia larria da. Elkarrizketaren eta negoziazio politikoaren bidea aktibatzea inoiz baino beharrezkoagoa da”.
Gazan gertatzen ari dena gaitzetsi ostean, Zupiriak gogorarazi du larunbatean Loiuko aireportuan gertatu zena ez dela nazioarteko politikako kontu bat, «ordena publikoko eta bizikidetzako gaia da», eta azpimarratu du «Ertzaintzak ez zuela inor kolpatu Loiun bere ideologiagatik edo aktibismoagatik». Segurtasun sailburuak, igandean egin zuen bezala, istiluak deitoratu ditu: «Ez zuten gertatu behar. Baina ez dute zerikusirik ontzidiarekin, Palestinarekin edo Israelekin «. Zupiriak gaineratu duenez, «gure sailak Loiuko gertakariak beste modu batera kudeatzeko gai izan behar zuen, eta sentitzen dut normaltasunez egin beharreko harrera bat amaitu zen bezala amaitu izana. Eta sentitzen dut Euskadi eta Ertzaintza horregatik albiste izatea. Horregatik, ezin dugu beste alde batera begiratu. Eta gure gain hartzen dugu gertatutakoa «.
Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordean egindako hitzaldian, Segurtasuneko sailburuak nabarmendu du, azken egunetan, hainbat manifestazio egin direla Gazako genozidioa salatzeko, eta normaltasunez egin direla, baina gogorarazi du euskal herritar batzuek Ertzaintza jarri zutela jomugan, ertzainak ETAren terrorismoaren eta kale indarkeria deitutakoaren biktima izanik. «Zorionez, indarkeriaren erabilera amaitu da, baina ordutik hona gure herritar batzuek Ertzaintzaren aurrean duten jarrera ez da aldatu. Eta beste batzuek, oraindik, ez diote barkatu Ertzaintzari demokraziaren eta giza eskubideen defentsan eta terrorismoaren eta kale indarkeriaren aurka hartutako bidea», gaineratu du Zupiriak. Euskadin protesta librea da, baina denok jakin behar dugu bizikidetza urratzea edo besteen eskubideak mugatzea ez dela eskubide bat. Ertzaintzaren eginkizuna guztion eskubideak errespetatzea da, pentsatzen dutena pentsatze dutela, baita Ertzaintza gorrotatzen dutenen pentsamendu- eta adierazpen-askatasuna ere. Eta horretan saiatu ziren, larunbatean, Loiun, lan egitea egokitu zitzaien ertzainak».
Ondorioak
Larunbatean Loiuko aireportuan gertatutakoari buruz, Segurtasun sailburuak gertakariak deskribatu ditu, irudiekin batera, eta azpimarratu duenez, «bizikidetzak eskubideak eta erantzukizunak ditu, eta hurkoarekiko eta ondarearekiko errespetuan oinarritu behar da. Gure artean nahi baino istilu gehiago gertatzen ari dira, eta azkenean, batzuentzat, beti dago errudun bat: Ertzaintza».
Loiun gertatutakoari dagokionez, Zupiriak sei ondorio aletu ditu:
- Ertzaintzak AENAren deiari erantzunez joan zen, Bilboko aireportuan segurtasuna eta pertsonen joan-etorri normala bermatzeko, errugbiko nazioarteko finalengatik jende asko biltzen zen egun batean. Ertzaintzaren lana une oro ordena publikoa bermatzea da.
- Kontzentrazioa ez zen aldez aurretik jakinarazi. Eta komeni da gogoraraztea kontzentrazioak edo manifestazioak aldez aurretik jakinarazteak ez duela zigortze- edo hertsatze-izaerarik; aitzitik, balizko neurriak aldez aurretik planifikatzeko eta pertsona guztien segurtasuna bermatzeko balio dute.
- Loiura joandako agenteek ez zekiten, aldez aurretik, zer pertsona helduko ziren aireportura, ez eta zer harrera egingo zitzaien ere.
- Ez zitzaien jaramonik egin ertzainen jarraibideei; izan ere, ontzidiko kide batek probokatu eta bultzatu zituen, beste bidaiari batzuk pasabidea bermatzen saiatzen ari ziren bitartean.
- Ontzidiko kide hori bera Ertzaintzako agente bati oldartu zitzaion harrera egiten zegoen beste pertsona bat segurtasun-perimetrora berriro eramaten saiatzen ari zen bitartean.
- Agintaritzaren agenteari egindako eraso horrek gainerako ertzainen jarduera eta polizia-indarra erabiltzea eragiten du. Barne-ikerketak zehaztuko du ea bat datorren Ertzaintzaren barruan indarrean dauden jarraibideekin.
Gainera, larunbateko dispositiboan parte hartu zuen agenteetako baten aurka sare sozialetan zabaldutako mezua salatu du Zupiriak. Segurtasuneko sailburuak iragarri duenez, mezu horiek, agentearen argazkia jasotzen dutenak, fiskaltzaren aurrean salatuta daudela, eta azpimarratu duenez, «ez dugu onartuko ertzainen, ordezkari publikoen edo militanteen ehiza digital edo fisikorik».






