- Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuak Gogorak bultzatutako erakusketa ireki du Bilboko La Bolsa eraikinean
María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuak ‘Hotel Monbar, 1985. 40 urte GALen sarraski handienetik’ erakusketa inauguratu du gaur Bilboko La Bolsa eraikinean. Erakusketa udazkenean erakutsi zen Donostian, eta orain Bilbon dago 1985eko irailaren 25ean izandako atentatuaren efemeridearen testuinguruan: ETAko lau kide, Jose Mari Etxaniz, Iñaxio Astiasuinzarra, Agustin Irazustabarrena eta Sabin Etxaide, metrailaz hil zituzten eta bosgarren pertsona bat zauritu zuten.
Sailburuaren hitzetan, erakusketa honek “Zuzenbide Estatuaren mugei buruzko hausnarketa izan nahi du, eta salaketa eta gaitzespen irmoa ere bai; izan ere, balio demokratikoak babesteko eta defendatzeko herritarren agindua izanik, legez kanpo eta Zuzenbide Estatutik kanpo jardutea erabaki zutenen aurka doa, estatuaren mekanismoak erabiliz gure gizarteari hainbeste kalte egin zion erakunde terrorista finantzatu eta mantendu baitzuten”.
“Indarkeriak ez du sekula beste indarkeria baten erabilera justifikatuko. Ezerk ezin du justifikatu, minimizatu edo erlatibizatu giza eskubideen urraketa”, gaineratu du.
Erakusketa hori Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren ekimen baten parte da. Ekimen horren bidez, gertakarien ezagutza eta Zuzenbide Estatuaren porrotaren salaketa sustatu nahi dira, biktima horien giza eskubideen urraketa aitortu eta haien senideek jasan duten babes instituzional eta sozialaren falta neurri batean arintzen lagundu nahi da.
María Jesús San José sailburuak adierazi duenez, erakusketak, lehenik eta behin biktimei eta haien familiei aitortza izan nahi du: «Beharrezkoa da hilketa haien krudelkeria eta bidegabekeria gizarteari helarazteko gai izatea. Inork ez du besteen bizitzari buruz erabakitzeko eskubiderik eta ez da onargarria”.
Zentzu horretan, sailburuak defendatu duenez, ekimen honek, ahal den neurrian, “hainbeste urtetako isiltasunaren mina arindu nahi du: berrogei urte, familien mina sakontzeko baino balio izan ez dutenak”, eta azpimarratu du «erakusketa honek haien mina apur bat arintzea besterik ez du lortuko, baina bide luzea izatea espero dudanaren lehen urratsa da”.
Erakusketa
13 panelek osatuta, bertan, azalpen-testuen, artxiboko dokumentuen, eta garaiko hemerotekaren bidez, talde terrorista horren 1983tik 1987ra bitarteko jardunaren jarraipena egin daiteke. Guztira 27 hilketa eta, gutxienez, 24 zauritu egozten zaizkio GALi. Halaber, GALekin lotutako ikerketa judizialak eta kazetaritza-ikerketak ere jasotzen ditu erakusketak. Erakusketako zenbait argazki Daniel Vélez argazkilariaren artxibokoak dira, garaiko egunkarietarako lan egiten zuen Vélezek.
Monbar Hoteleko biktimen senitartekoen testigantzek osatzen dute erakusketa, justizia ezak eta erakundeen eta gizartearen babes eta aitortza faltak eragindako minaz dihardute, baita elkarbizitzarako beharrezko ikusten dituzten pausoez ere.
Horrela, erakusketa honek Euskadiren iragan hurbileko ia ahaztuta dagoen gertakari honi arreta jarriz, ‘estatu-terrorismoak’, ‘gerra zikinak’ eta horiek dakarten Zuzenbide Estatuaren porrota salatu nahi ditu.
‘Monbar hotela, 1985. 40 urte GALen sarraski handienetik’ erakusketa ekainaren 15era arte egongo da zabalik, Bilboko La Bolsa eraikinean.






