Euskadik herritarrentzako ongizatea sortuko duen eta ingurunea errespetatuko duen turismo jasangarri bat aldarrikatu du

0

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok El Plural-ek turismo jasangarriari buruz antolatutako jardunaldia inauguratu du Gasteizen. Bertan, komunitatearentzat onurak sortuko dituen, ingurunearen gaineko inpaktua minimizatuko duen eta lurraldeen garapen ekonomiko eta sozialean lagunduko duen eredu turistiko bat defendatu du.

 “Turismoak, errentagarria eta erakargarria ez ezik, bidezkoa eta inklusiboa ere izan behar du eta komunitate hartzaileak errespetatu behar ditu”, adierazi du sailburuak, eta azpimarratu du jasangarritasuna ez dela azken helburutzat hartu behar, turismo-jarduera eraikitzeko bidetzat baizik. Halaber, azaldu duenez, “turismo jasangarriak funtsezko hiru dimentsio landu behar ditu: ingurumen-dimentsioa, dimentsio soziokulturala eta dimentsio ekonomikoa”, eta nabarmendu du turismo-sektoreak zuzeneko enplegua sortzen duela 110.000 familia baino gehiagorentzat Euskadin, hau da, enplegu osoaren % 11 inguru. Horregatik, jasangarritasuna kalitatezko enpleguaren sorkuntzarekin, aukera-berdintasunarekin, inklusioarekin eta aniztasunarekiko errespetuarekin lotu behar dela adierazi du.

Ekitaldian, Euskadik Euskadiko Turismoaren Kode Etikoan gauzatutako turismoaren etikaren alde egin duen apustuaren balioa nabarmendu da. Kode hori ekimen aitzindaria da, eta dagoeneko 820 erakunde baino gehiago ditu atxikita. “Ez da atxikimendu soila, prestakuntza, auditoretza, jarraipena eta etengabeko hobekuntza dakartzan konpromisoa baizik”, azaldu du. Sailburuak gogorarazi duenez, “Euskadi lanean ari da udalerriak eta eskualdeak helmuga adimendun, jasangarri eta lehiakor gisa sendotzeko, eta, horretarako, hainbat tresna erabiltzen ditu, hala nola Turismoaren Kode Etikoa, adimen turistikoa eta administrazioen arteko lankidetza”.

Testuinguru horretan, duela gutxi Gasteizen egin den Helmuga Turistiko Adimendunen Kudeatzaileen Topaketa nabarmendu du, eta adierazi du erakundeen arteko koordinazioa oso garrantzitsua dela eredu turistiko arduratsu batean aurrera egiten jarraitzeko. “Gure ereduaren zutabeak sektorearen konpromisoa, herritarren inplikazioa, erakundeen arteko lankidetza eta turismoaren etika dira”, amaitu du.