Barakaldoko alkateak udalerriko Irisgarritasun Batzar Nagusia osatu du

0

Barakaldoko Udalak Irisgarritasunaren Batzar Nagusia osatu du ostiral honetan, ekainaren 5ean. Funtsezko organoa da udalerriko Irisgarritasun Unibertsaleko Plana garatu, jarraitu eta ebaluatzeko. Amaia del Campo alkateak zuzendu du ekitaldia, eta ekimenaren izaera estrategikoa azpimarratu du. «Irisgarritasun Unibertsaleko Plan hau ez da dokumentu tekniko bat soilik. Entzute aktibo baten, lan partekatu baten eta uste komun baten emaitza da: Barakaldok pertsona guztiek beren bizitza autonomiaz, segurtasunez eta duintasunez garatu ahal izateko hiria izan behar duela», adierazi du alkateak irisgarritasunaren arloarekin Udalak dituen konpromisoak jasotzen dituen dokumentua sinatzerakoan.

Bilkura Los Hermanos parkeko Adinekoen Gizarte Zentroan egin da, eta udal langileak, gizarte-erakundeak eta herritarren ordezkariak bildu ditu, berrogeita hamar pertsona baino gehiago. «Prozesu honetan gehien baloratzen dugun alderdietako bat parte-hartzea da, hain zuzen ere. Hilabete hauetan egin ditugun aurrez aurreko bilera, tailer eta topaketaz gain, 1.134 pertsonak parte hartu dute Clasificación: Interna plana egiteko egindako inkestan. Eta bereziki esanguratsua den datu bat azpimarratu nahi dut: erdia baino gehiago, %54,29a, desgaitasuna duten pertsonak dira», azpimarratu du Del Campok.

Irisgarritasunaren Batzar Nagusi eratu berria Planaren inplementazioarekin lotutako lanen koordinazio, parte-hartze, kontraste eta jarraipenerako gune egonkor gisa eratzen da.

Urtean behin bilduko da.

Funtzio nagusien artean, hauek nabarmentzen dira:

  • Irisgarritasun Planean aurreikusitako ekintzen jarraipena.
  • Administrazioen, elkarteen eta gizarte zibilaren arteko koordinazioa.
  • Helburuen betetze-mailaren ebaluazioa.
  • Premia berriak eta hobetzeko proposamenak identifikatzea.

Organo horretan Udaleko arloetako ordezkariek parte hartuko dute, bai eta gizarteerakundeek, desgaitasuna duten pertsonak ordezkatzen dituzten erakundeek eta herritarrek ere.

Urtean zehar gaikako lau lantalde antolatuko dira, herriarentzat interesgarriak diren gaiak jorratuko dituztenak.

Partaidetza-eredu horrek eztabaida, enpatia eta entzute aktiboa sustatzen ditu, pertsonak politika publikoen erdigunean jarriz eta konponbideak bilatzen zuzenean inplikatzea sustatuz.

Barakaldok irisgarritasunarekin duen konpromisoa

Batzar hau abian jarrita, Barakaldoko Udalak hiri inklusiboago baten aldeko apustua indartu du, irisgarritasun unibertsala sendotuz gobernu-ekintzaren ardatz estrategiko gisa.

Topaketan alkateak konpromiso-gutun bat sinatu du, eta Udalak hainbat arlotan lan egiteko konpromisoa hartu du:

  • Irisgarritasunaren kudeaketa: zeharkako bultzada, eragileekiko koordinazioa, langileen prestakuntza eta berrikuntzaren sustapena.
  • Hiri-inguruneak eta eraikinak: oztopoak kentzea eta irisgarritasuna hobetzea espazio eta ekipamendu publikoetan.
  • Garraioak eta mugikortasuna: sistema irisgarri eta iraunkorra sustatzea, bidegorriak eta Eurotaxi bezalako alternatibak barne.
  • Seinaleztapen irisgarria: espazioen orientazioa eta erabilera autonomoa erraztuko duten sistemak ezartzea.
  • Herritarrentzako komunikazioa eta arreta: langileen komunikazio- eta prestakuntza-kanalen irisgarritasuna hobetzea, edukiak ulergarriak direla bermatzeko

Batzar hau eratzeak aro berri baten hasiera markatzen du, non lankidetza eta etengabeko jarraipena funtsezkoak izango diren hartutako neurriek herritarren eguneroko bizitzan benetako eragina izango dutela bermatzeko.

2024ko abendutik 2026ko ekainera arte 3,8 milioi euroko inbertsioak bultzatu dira gure hirian irisgarritasuna hobetzeko. Aurrera egin dugu hiri-igogailu berriekin, bidegorri bidezko konexioekin, komun egokituekin, Udal honetako lehen solairuaren irisgarritasuna hobetzearekin, semaforo irisgarri berriak jartzearekin edo Barakaldo Antzokia desgaitasun desberdinetara egokitzearekin (audifonoak, azpitituluen sistema…)

Informazio gehiago eta hurrengo urratsak

Barakaldoko Irisgarritasun Planak 4 urtean (2025-2028) gauzatu beharreko 94 ekintza biltzen ditu, 8 milioi euroko aurrekontuarekin. Sei jardun-ildo nagusitan egituratzen da: kudeaketa, hiri-inguruneak, eraikin publikoak, garraioa, seinaleztapena eta komunikazioa, oztopo fisikoak kentzetik irisgarritasun kognitibo eta digitaleraino.

«Irisgarritasun unibertsala ez da behin betiko lortzen den helburua. Konpromiso iraunkorra da. Hiria planifikatzeko, diseinatzeko eta kudeatzeko modu bat da, hasieratik pertsona guztiengan pentsatuz. Horregatik, gaur aurkezten dugun dokumentua datozen urteetarako ibilbide-orri bat ere bada. Oztopo fisikoak, sentsorialak eta kognitiboak kentzen jarraitzeko konpromisoa. Entzuten jarraitzeko konpromisoa. Elkarteekin, erabiltzaileekin eta eragile sozialekin elkarlanean jarraitzeko konpromisoa «, adierazi du Del Campok.

2026an honako ekintza hauek aurreikusi dira:

  •  Planaren etengabeko koordinazioa eta jarraipena, behar bezala gauzatzen dela eta etengabe hobetzen dela ziurtatuz.
  • Parte hartzeko guneak sortzea, aldian behin bilerak eginez, non gizarte- eta udal-eragileek elkarrekin lan egiten duten irisgarritasuna hobetzeko.
  • Udal-langileentzako prestakuntza espezializatua, kudeaketa publikoko arlo guztietan irisgarritasuna integratzeko.
  • Ekintzak etengabe ebaluatzea eta hobetzea, datuak aztertuz, gobernuarloekin elkarrizketak eginez eta aurrerapenak eta aukerak identifikatzea ahalbidetzen duten txostenak eginez.
  • Sentsibilizazio- eta hedapen-kanpainak, herritarrei irisgarritasuna hurbiltzeko, hainbat kanal eta formatu eskuragarriren bidez.
  • Teknologia eta datuak erabiltzea, eta irisgarritasunari buruzko informazioa udal-plataformetan integratzea, kudeaketa eta gardentasuna hobetzeko.