- Hezkuntza Sailak, aurten ere, EHUko Uda Ikastaroak Fundazioarekin lankidetzan jardungo du, irakasleen prestakuntza eta eguneratzea indartzeko.
- Ikastaroek egungo hezkuntza-sistemaren erronka nagusietako batzuk jorratuko dituzte; besteak beste, ebaluazio konpetentziala, ikasleen ongizate sozioemozionala, osasun mentala, inklusioa eta aniztasuna, ingurune digitaletako bizikidetza, ikastetxeen gobernantza eta irakasleen garapen profesionala.
(Donostian, 2026ko ekainaren 8an).- Donostiako Miramar Jauregian egin da gaur goizean EHUko Uda Ikastaroen 45. edizioaren aurkezpena. Bertan parte hartu dute Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak; Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak eta Uda Ikastaroak Fundazioaren Patronatuko presidenteak; Xabier Aizpurua Unibertsitate Politikako sailburuordeak; eta Idoia Otaegui EHUko Uda Ikastaroen zuzendari akademikoak.
Hezkuntzaren arloan, Hezkuntza Sailak, beste urte batez, Uda Ikastaroak Fundazioarekin lankidetzan jarduten du, irakasleen prestakuntza eta eguneratzea indartzeko bi programa nagusiren bidez: “Irakasteko Ikasten” eta “Ikasiz Hezi”.
Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak adierazi duenez, “eskola aldaketa handiak bizitzen ari da, eta irakasleek espazioak behar dituzte ezagutzak eguneratzen jarraitzeko eta esperientziak kontrastatzeko. Aurten bultzatzen ditugun ikastaroek dagoeneko ikastetxe askotako eguneroko bizitzaren parte diren eta begirada espezializatua eskatzen duten gaiak jorratzen dituzte”.
Ildo horretan, prestakuntza-eskaintzak egungo hezkuntza-sistemaren erronka nagusiekin lotutako gaiak lantzen ditu, hala nola ebaluazio konpetentziala, inklusioa, ikasleen ongizate sozioemozionala, sexu-hezkuntza eta pantailak, baita suizidioaren prebentzioa ere, besteak beste.
Hauek dira Hezkuntza Sailak sustatzen dituen ikastaroak:
1. Ebaluazio Konpetentzialaren Hezkuntza Aplikazioa (EKHA): ikaslearen ebaluazio globala burutzeko tresna
2. Conocer el cerebro desmontando mitos
3. Genero identitateak ulertzen. Gizarte eta hezkuntza ikuspegietatik gerturaketa
4. Eskola Publikoan, gobernantzan hazi eta haziarazi
5. Praktika Komunitateak: Pertsonak eta Ezaguera Ehuntzen
6. Ser niño, adolescente y joven en el siglo XXI: identidad, neurodivergencia y retos psicosociales en la era digital
7. Sexu-hezkuntza eta pantailak: erronkak, aukerak eta proposamenak
8. Entzutea, ulertzea, ekitea: suizidioari aurre egiteko gakoak / Escuchar, entender, actuar: claves frente al suicidio
9. Eremuen araberako lana Bigarren Hezkuntzan






