Elkarbizitzarako, Aniztasunerako eta Belaunaldien arteko Elkartasunerako zuzendariak atzo Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, Txema Ezkerrak Leon XIV.a Aita Santuaren giza balioak nabarmendu zituen, erreferente morala dela adieraziz. «Espero dut bere mezuek gure gizartean bizikidetza erraztea» azpimarratu zuen Ezkerrak.
Euskadiko Erlijioen arteko Kontseiluari buruz esan zuen Euskadin bizi diren konfesioekin hitz egiteko eta lan egiteko gunea dela, eta kultu-askatasuna aniztasunaren, demokraziaren eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren baliotik ulertzen dela. «Euskadiko Erlijioen arteko Kontseiluak irailean izango du lehen bilera, eta 12 kidek osatuko dute. Orain arte 8 konfesio ezberdinekin lan egin da» azaldu zuen Aniztasun zuzendariak.
Elkarrizketan, Txema Ezkerrak ADOS Aholku Batzordeari buruz ere hitz egin zuen. Eusko Jaurlaritzaren organo horrek bizikidetza eta lankidetza sustatzen ditu euskal gizartearen % 4,8 osatzen duten Euskadiko komunitate islamikoekin. Joan den asteburuan, Gasteizen, ADOS Batzordearen osoko bilkura egin da eta Ezkerrak azpimarratu du batzorde honek zortzi urte daramatzala Eusko Jaurlaritzak eta euskal erakundeek Euskadiko komunitate islamikoekin dituzten harremanetan politika publikoak aholkatzeko erreferente izaten.
Ezkerrak azaldu duenez, Euskadi gizarte tolerantea da, eta % 77 gizarte heterogeneo baten alde dago; izan ere, euskal gizarteak erlijio-aniztasunean ikusten du diskriminazio txikiena.
Eraso transfoboa
Xabi Cabrera Arrigorriagako Udaleko zinegotziak jasan zuen eraso transfoboari dagokionez, Txema Ezkerrak azaldu du bera eta Nerea Melgosa sailburua harremanetan jarri zirela zinegotziarekin baldintzarik gabeko babesa emateko. «Inork ezin dizkio beste pertsona bati bere identitatea edo genero-gaia zalantzan jarri, ez dugu inolako LGTBIfobiarik onartuko», azaldu du Aniztasun zuzendariak.
Berdindu Zerbitzuari dagokionez, egiten ari den garapenean sakondu du Ezkerrak eta azpimarratu du zerbitzu horrek, arretez gain, gero eta prestakuntza gehiago eskaintzen diela ikastetxeei, udalei… «Adibide bat jarriko dut, ikastetxe batetik deitzen digute esanez nerabe bat trantsizio bat egiten dagoela, guk irakasleen klaustroari aholkularitza ematen diogu prozesu horretan lagundu diezaioten. Aniztasuna gizarte osoaren kontua da, ez bakarrik desberdin maite edo pentsatzen duenarena «gaineratu du Ongizate, Aniztasun eta Erronka Demografikoko Saileko ordezkariak.
Belaunaldien arteko elkartasuna
Txema Ezkerraren hitzetan, belaunaldien arteko elkartasuna ardatz garrantzitsua da Euskadirentzat, eta, horregatik, aste honetan Bruselara joango da Europako hainbat eragilerekin biltzera, Euskadirentzat esparru horretan funtsezkoak diren neurriak eta programak sendotzeko.






