Euskadiko IoT sare publikoak 500 estaldura-puntu ditu eta konektatutako 295.000 sentsore inguru

0
  • Sarea, zerbitzu publikoak digitalizatzeko, kudeaketa publikoaren eraginkortasuna hobetzeko eta lurraldearen modernizaziorako funtsezko tresna bilakatu da
  • Hasierako aurreikuspenak beteta, 2028rako 620 estaldura-puntu eta 400.000 sentsore konektatu lortzea da orain erronka

Itelazpik, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailari atxikia dagoen Eusko Jaurlaritzako Telekomunikazio Sozietate Publikoak, hedatutako eta LoRaWAN teknologian oinarritutako Euskadiko IoT sare publikoak jauzi garrantzitsua eman du azken urtean. Dagoeneko 500 estaldura-puntu ditu eta 295.000 sentsore inguru daude sarera konektatuta. Zifra horiek erakusten dute aurrerapauso garrantzitsuak eman direla sarearen hedapenean, izan ere, sarera konektatutako egungo sentsore kopurua -295.000- 2028rako ezarritako helburutik oso gertu baitago -300.000 sentsore-.

Duela urtebete, Eusko Jaurlaritzak proiektua aurkeztu zuenean, sareak 362 estaldura-puntu zituen, 210.654 sentsore konektatu eta sarearen estadura %68koa zen 3 lurralde historikoak kontuan hartuta. Ordutik hona, hedapenak aurrera egin du eta jada aurreikusitako 500 gateway edo estadura puntuak jarrita daude. Helburua da zerbitzu publikoen digitalizazioa bultzatzea, datuetan oinarritutako kudeaketa eraginkorragoa eta lurraldearen modernizazioa sustatzea eta Euskadiko sektore publikoaren zerbitzura dagoen komunikazio-azpiegitura hau sendotzea.

Sarea, gainera, elkarlanean hedatu da, gaur egun proiektuari atxikita dauden 16 erakundeen eta 45 udalen eskutik. Horrek indartu egiten du proiektuaren izaera partekatua eta proiektuak euskal administrazio publiko guztiei zerbitzu emateko duen bokazioa.

Sarearen erabilerari dagokionez, ur-kontagailuen urruneko irakurketa da hedatuen dagoen eta gehien erabiltzen den kasua. Horrekin batera, azken hilabeteetan hainbat udalekin lan egin da proba pilotu desberdinak abiarazteko: parke eta lorategietako ureztatze-programazio adimenduna, aparkalekuen kontrola, zarata-mailaren monitorizazioa, putzu septikoen eta euri-uren gainezkatzeen prebentzioa eta igerilekuetako edukieren kontrola. Sentsoreen bidez, hainbat erakunde publikotako eraikinetan energia-eraginkortasuna aztertzeko eta kontsumoak eta azpiegiturak monitorizatzeko proiektu pilotuak ere garatu dira.

Helburu berriak, anbizio handiagokoak

Azpiegitura publiko honek izan duen harrera ona dela eta, hasierako aurreikuspenak bete eta helburu berriak ezarri dira plan estrategikoaren erdira iritsita: 2028an 620 estaldura-puntu eta 400.000 sentsore konektatu izatea.

Asmo handiagoko helburu horiek indartu egiten dute Eusko Jaurlaritzak herri-proiektu estrategiko honekin duen konpromisoa, herritarren eta administrazio guztien zerbitzura dagoen IoT komunikazio azpiegitura publiko honen bidez Euskadi abangoardian kokatzeko.

IoT sarea

IoT sarea, edo Gauzen Internet, haririk gabeko komunikazioen azpiegitura publikoa da, eta datuak denbora errealean biltzeko eta transmititzeko aukera ematen du, sarera konektatuta dauden sentsoreen bidez. Teknologia horri esker, administrazioek zerbitzuak eta azpiegiturak monitorizatu ditzakete, gorabeherei aurrea hartu eta datuetan oinarritutako erabakiak hartu, kudeaketa publikoaren eraginkortasuna eta herritarrei ematen zaizkien zerbitzuen kalitatea hobetzeko.