Ubarretxena sailburuak Lillen egingo den «L ‘IA avec NOUS», Adimen Artifizialari buruzko nazioarteko hitzorduan parte hartuko du

0
  • Sailburuak Euskadiren esperientzia aurkeztuko du goi bilera horretan, eskualdeek eta estatu azpiko erakundeek administrazio publikoan AA aplikatzeko duten zereginari buruzko mahai batean
  • Topaketak mundu osoko mila ordezkari instituzional, enpresa teknologiko eta aditu baino gehiago bilduko ditu

Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak Grand Sommet (Goi bilera handia) «L ‘IA avec NOUS» izeneko jardunaldian parte hartuko du ostiral honetan, Lillen (Frantzia). Adimen Artifizialari buruzko Europako hitzordu nagusietako bat da, eta mundu osoko arduradun publikoak, enpresa teknologikoak eta adituak bilduko ditu, Adimen Artifizialaren erabilera, erronkak eta gobernatzeko erak aztertzeko.

Ubarretxenak «Adimen Artifizialak bultzatutako eskualdeak: bost eskualde, anbizio partekatu bat – Europa eta nazioarte mailan eragina duten ekimenak» izeneko mahaian parte hartuko du. Eskualdeek edo estatu azpiko erakundeek Adimen Artifizialaren gobernantzan eta herritarrengan benetako eragina duten ekimenen garapenean duten zeregina izango du oinarri aipatu mahaiak.

Marylandeko (Estatu Batuak), Turingiako (Alemania), Brusela-Hiriburuko (Belgika) eta Marrakech Safiko (Maroko) erakundeetako ordezkariek ere parte hartuko dute mahai berean.

Euskal esperientzia

Sailburuak foro honetan azalduko du Euskadi nola ari den Adimen Artifiziala administrazio publikoan erabiltzen, betiere pertsonak erdigunean jarriz. Algoritmoen erabilerari gardentasun handiagoa emateko garatu diren formulei buruzko xehetasunak ere emango ditu.

Grand Sommet «L ‘IA avec NOUS» izeneko goi bilerak  hainbat gai jorratuko ditu: Adimen Artifiziala eta horrek enpleguan, hezkuntzan eta prestakuntzan duen eragina; baita datu-zentroei lotutako industria-garapena eta horiek kulturan eta defentsan duten aplikazioa ere. Irekiera ekitaldian Emmanuel Macron Frantziako presidenteak parte hartuko du, lehen mailako beste arduradun politiko eta ekonomiko batzuekin batera.

Euskal Sektore Publikoaren Adimen Artifizialaren Gobernu Estrategia onartu eta zortzi hilabetera parte hartuko du Euskadik goi-bileran; hain zuzen ere, Europako erakundeak,  gardentasuna, kontu-ematea edo herritarren eskubideak babestea bezalako printzipioei uko egin gabe,teknologia honen erabilera nola zabaldu eztabaidagai duten une honetan.