-
Historian barrena egindako bidaia bizikleta gainean: ibilbideak borrokak izan ziren lekuak zeharkatzen ditu, Gasteiz inguruko enklabeak 84 km-ko ibilbidean zehar funtsezko 10 puntu interesgarriren bidez konektatuz.
-
Turismo jasangarria eta landa-ingurunea bultzatzea: ibilbideak Euskal Autonomia Erkidegoko zikloturismo-eskaintza zabaltzen du, bisitarien deszentralizazioa bultzatzen du eta Arabako Ibilbide Berdeen Sareari balioa ematen dio.
Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok, Foru-diputatu nagusiorde eta Enplegu, Merkataritza eta Turismoko foru-diputatu Cristina Gonzalezekin, Iruña Okako alkate Michel Montesekin eta 1813-2013 elkarteko presidente Patxi Vianarekin batera, «1813, Gasteizko Gudua» ibilbide zikloturista berria aurkeztu du, Arabako ondare historikoa, paisaia eta turismo aktiboa uztartzen dituen proposamena.
Ibilbide berri hau helburu bikoitzarekin sortu da: 1813ko Gasteizko Guduaren—Independentzia Gerrako gertaera garrantzitsuenetako bat— memoria kontserbatzea eta zabaltzea, eta zikloturismoaren eskaintza eta Euskal Autonomia Erkidegoko turismo jasangarriaren eredua indartzea.
Aurkezpenean, Hurtado sailburuak nabarmendu duenez ekimen horrek “aukera ematen du ondare historikoa, paisaia eta mugikortasun jasangarria esperientzia turistiko oso batean integratzeko, eta, aldi berean, landa-ingurunea dinamizatzen eta bisitari-fluxuak hobeto banatzen laguntzeko”.
Hurtado sailburuaren ustez, “ibilbide honek Arabako historiako gertaera garrantzitsuenetako baten memoria kontserbatzeko eta zabaltzeko balio du. Gainera, lurraldeko turismo kultural eta zikloturistaren proposamen berri bat eskaintzen du, gudu hori agertoki gisa hartuta. Beraz, Gasteizko Guduaren ibilbide hau memoria da eta turismoa da. Arabako memoria kolektiboa da, hain garrantzitsua den mugarri historiko bat gogora ekartzen duelako. Eta turismoa da, bere ibilbidea balioesten duelako, Euskal Autonomia Erkidegoko zikloturismo-estrategiaren barruan, turismo-fluxuak desestazionalizatzen eta mugitzen lagunduz, bisitariak hain ezagunak ez diren espazioetara hurbiltzean”.
Foru-diputatu Cristina Gonzalezek estrategia berri baten barruan kokatu du proposamen hau, helburu hauekin: “kalitatezko helmuga jasangarri eta irisgarri gisa sendotzea; ostatu-gauetan eta batez besteko egonaldian gora egitea; eta turismoaren onurak Arabako eskualde guztietan banatzea. Emaitza onak ematen ari den estrategia”.
“2025a zifra historikoekin itxi genuen, eta 2026an joerari eusten diogu: gure ostatuetan kontratatutako gauak % 2,5 hazi dira urtarriletik apirilera bitartean, eta batez besteko egonaldia 2,4 egun ingurukoa da jada, Euskal Autonomia Erkidegoko altuena. Turismo gutxien erakartzen duten eskualdeak nabarmentzen dira batez ere, % 28ko hazkundearekin, eta horrek berresten du turismoa gero eta gehiago iristen ari dela lurralde osora”.
Ibilbidearen ezaugarriak
Ibilbidea zirkularra da, eta Arabako Armagintza Museoan hasten da, Gasteizen. Abiapuntu ezin hobea da gertakari historikoak testuinguruan kokatzeko eta bizikletaz egingo den paisaia ulertzeko. 84 kilometro inguruko ibilbidean zehar, borrokak gertatu ziren leku nagusietako batzuk zeharkatzen dira, hala nola Mendebaldeko lautada, Zadorra ibaiaren ingurua, Tresponde edo Argomaniz.
Ibilbidea bi zati diferentetan egituratzen da. Lehenengoa batailaren fronte nagusian zentratzen da, borrokak gertatu ziren lekuetan barrena bizikletaz ibiltzeko aukera emanez, batez ere Gasteizko eta Iruña Okako udalerriak zeharkatuz. Bigarren zatiak, ekialderantz, Frantziako armadaren erretiratzearen aztarnak jarraitzen ditu eta konboiaren arpilatzearekin lotutako gertakariak gogoratzen ditu, landa-gune txikien eta paisaia irekien artean aurrera eginez, Argomaniz herrira iritsi arte.
Ibilbidearen zatirik handiena dagoeneko balizatuta dauden ibilbideetatik eta trafiko-dentsitate txikiko errepideetatik igarotzen da, profil irisgarri eta malda leunekin, eta horrek era askotako jendeari ibilbideaz gozatzeko aukera ematen dio. Ibilbidea Gasteizen amaitzen da; bertan, Gasteizko Batailaren Monumentuak esperientziaren amaiera markatzen du.
Bidea Arabako Ibilbide Berdeen Sarean oinarritzen da, ingurunea errespetatzen duen ibilbide segurua bermatuz, eta lurraldeak zikloturistentzat egiten duen eskaintzan sartzen da, Erromanikoaren Ibilbidea edo Arabako Errioxako Trikuharrien Ibilbidea bezalako proposamenekin batera. Ekimen horiek Sailak sustatutako Euskadiko Zikloturismo Estrategiaren barruan daude.
Ibilbidea eta haren alderdi historikoak diseinatzeko, Vitoria 1813-2013 elkarte historikoaren laguntza jaso dugu.
Ibilbidea martxan jartzearekin batera, sustapen-material turistikoa prestatu da; ibilbide birtuala, 360º-ko bista panoramikoen bidez, 10 geldialdi-puntuetan, eta bisita gidatuak antolatuko dira, bizikletaz eta oinez, udako hilabeteetan, batailaren testuinguru historikoa eta kulturala jendeari hurbiltzeko.






