- Bileran Abadiño, Amorebieta, Arantzazu, Areatza, Artea, Atxondo, Bedia, Berriz, Dima, Durango, Elorrio, Garai, Igorre, Iurreta, Izurtza, Lemoa, Mañaria, Otxandio, Ubide, Zaldibar eta Zeanuriko ordezkariek parte hartu dute
Basque Segurtasun Foroak Durangaldeko 40 ordezkari baino gehiago bildu ditu gaur Durangoko Bartolome Ertzilla Kontserbatorioan egin den bileran. Abadiño, Amorebieta, Arantzazu, Areatza, Artea, Atxondo, Bedia, Berriz, Dima, Durango, Elorrio, Garai, Igorre, Iurreta, Izurtza, Lemoa, Mañaria, Otxandio, Ubide, Zaldibar eta Zeanuriko gizarte-, ekonomia- eta erakunde-esparruetako hainbat arduradun eta eragilek segurtasunari eta etorkizuneko erronkei buruz hausnartu dute. Topaketon helburua erantzun bateratua hobetzeko esperientziak eta proposamenak jasotzea da, besteak beste, prebentzioari, larrialdien kudeaketari, zibersegurtasunari, bide-segurtasunari eta bizikidetzari dagokienez.
Bileran Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak, Ricardo Ituarte segurtasuneko sailburuordeak, Bizkaiko Foru Aldundiko eta udalerrietako ordezkari instituzionalek, Ertzaintzako eta udaltzaingoetako arduradunek; Babes Zibilak, Osakidetzak zein Gurutze Gorriak parte hartu dute, besteak beste.
Euskadi osoan garatzen ari den prozesu parte-hartzailea
Gaurkoa Basque Segurtasun Foroaren hogeita hamargarren bilera izan da, aurretik honako eskualde eta eremu hauetan egindako topaketen ondoren: Txorierri, Hernanialdea, Urdaibai, Urola Garaia, Uribe Kosta, Urola Erdia, Vitoria-Gasteiz, Ibaizabal, Bidasoa, Mungialdea, Goierri, Debagoiena, Meatzaldea, Arabako Errioxa eta Mendialdea, Oarsoaldea, Bilbao, Aiaraldea, Urola Kosta, Lea-Artibai, Ezkerraldea, Arabako Lautada, Debabarrena, Enkarterri, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia; horrez gain, gazteekin ere topaketa bat egin da.
Basque Segurtasun Foroa segurtasunari buruzko diagnostiko partekatua ikuspegi integral batetik eraikitzeko prozesu parte-hartzailea da. Prozesu horretan, hainbat erakundek, entitatek eta eragilek elkargune bat izango dute kezkatzen dituzten segurtasunarekin lotutako gaiak lantzeko.
Gaur Durangon egindako topaketaren ondoren, hurrengo bilera ekainaren 16an, asteartean, izango da, Tolosan.






