- Susana García Chueca sailburuak zehaztu du une honetan Euskal Trenbide Sarea sareko beste 17 puntutan lanean ari dela segurtasunaren arloan aurrera egiteko
Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Iraunkorraren Sailak, Euskal Trenbide Sarearen (ETS) bitartez, sareko hamaika estazio eraiki edo eraberritu ditu genero-ikuspegiko irizpideekin azken lau urteotan, eta beste 17 puntutan lanean ari da. Susana García Chueca sailburuak euskal trenbide-sareko geltokiak genero ikuspegiarekin diseinatzeko irizpideen liburu zuriaren ondorioak eskumen autonomikoko trenbide-sarean gauzatzeko aurrerapenak zehaztu ditu ostiral honetan Legebiltzarrean. Liburu zuria 2022an sortu zen.
Lau urte hauetan, ikuspegi horrekin eraiki dira edo eraikitzen ari dira Amara, Kontxa, Benta Berri eta Pasai Antxoko geltokiak —Sailak aurten bertan Gipuzkoan inauguratuko dituen zerbitzuen artean—; Atotxako geltokia eta Amarako igogailu berria; Bediako, Usurbilgo eta Gernikako geltokiak; Eibar-Azitain tartearen estalkia eta dagozkion igogailuak; edo Eubako gaineko pasabidea. Garraioen arduradunak adierazi duenez, diseinu-prozesuaren hasieratik genero-ikuspegia txertatzen duten beste 17 geltoki proiektuan daude edo obran hasi berri dira: Bilboko metroaren 5. lineako bostak eta 4. lineako seiak, edo Elgoibarko Urruzunoko geltokia, Eibarko Unibertsitatekoa, Galtzarabordakoa eta Errenteriakoa, Boluetako trukagailua edo Astigarragako geltokia.
“Uste osoa dut garraio publikoa elkarbizitzarako gune bat dela eta kalitate-maila handiak lortzen dituela bere azpiegiturek benetan kontuan hartzen dituztenean horiek erabiltzen dituzten pertsona guztiak”, adierazi du sailburuak, eta nabarmendu du garrantzitsua dela “proiektuak hasieratik amaierara genero-ikuspegiaz eta begirada transbertsal batetik bideratzea” geltokietako segurtasuna hobetzeko eta emakumeen mugikortasuna ez mugatzeko.
2022an, Euskal Trenbide Sareak euskal trenbide-sareko geltokiak genero-ikuspegiarekin diseinatzeko irizpideen liburu zuria argitaratu zuen. Obra berrietan eta eraberritze-lan integraletan aplikatzeaz gain, irizpide horiei jarraitzen ari zaie edozein geltokitan detektatzen diren puntu kritikoak ezabatzeko eta ikuspena bezalako alderdietan hobekuntzak sartzeko (kristal opakuak gardenekin ordezkatuta). Jarduketen artean, 38 geltokitan hogeita hamar bat segurtasun-kamera eta 76 larrialdi-totem jarri dira, segurtasun-gabeziako egoeretan aktiba daitezkeenak. Elementu horiek, aktibatu ondoren, erabiltzen dituztenen segurtasuna indartzera bideratutako hainbat ekintza eragiten dituzte; adibidez, segurtasun-kamerak aktibatzen dira, ETSren aginte-postuarekin kontaktua ezartzen da —postu hori SOS Deiaki abisatzeaz arduratzen da— eta alarma-seinale argidunak pizten dira.






