Tolosako Ospitale berriak zerbitzu eta espezialitate gehiago izango ditu, eta Tolosaldeko arreta publikoa indartuko da

0
  • Alberto Martínez Osasuneko sailburuak etorkizuneko ospitale publikoaren Plan Funtzionala aurkeztu du, eta azpimarratu du proiektua ez dela azpiegitura hutsa: osasun-eredu publiko berri bat definituko du, integratuagoa, bizkorragoa eta hurbilagoa, «Tolosaldearentzat onena dena nahi dugu», adierazi du
  • Osasun Sailak eta Osakidetzak osasun-arloko profesionalen, alkateen, gizarte-eragileen, sindikatuen, TOPA tokiko plataformaren eta herritarren beraren eskutik landu dute proiektua, eta asistentzia-diseinua aberasteko entzute-prozesua egin dute
  • Osakidetza dagoeneko ari da Tolosaldean jarduten, eta hemendik aurrera arreta hobetuko duten trantsizio-zirkuitu eta -neurriak aplikatzen ari da, Tolosako ospitale publiko berriak aurrera egiten duen bitartean

Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak gaur aurkeztu du Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean Tolosako Ospitale Publikoa izango denaren Plan Funtzionala. Sailburuaren ustez, Eusko Jaurlaritzak Tolosaldearekin duen konpromiso irmoa da eta herritarren aldarrikapen historiko bati emandako erantzun argia. Zentro berriak orain arte baino zerbitzu eta espezialitate gehiago izango ditu, eta lurralde osoan arreta publikoa hobetzeko pentsatutako asistentzia-berrantolaketaren parte izango da. «Tolosaldearentzat onena dena nahi dugu», adierazi du.

Sailburuarekin batera, Aritz Uriarte Administrazio eta Finantzazio Sanitarioko sailburuordea eta Maite Martínez de Albeniz Donostialdea ESIko zuzendari gerentea izan dira, baita Xabier Zubeldia osasun-arloko medikua eta Amparo Asenjo familia-arloko medikua ere. Biek parte hartu dute plana funtzionalaren lanketan, eta Tolosaldea eta Donostialdea ESIen arteko asistentzia-mailen arteko koordinazioa gauzatzen ari dira, asistentzia-eredu berrirako trantsizio progresibo honetan abian dauden jarduketekin.

Mezu nagusi bat helarazi nahi izan du Martínezek: “Proiektu hau ez da eraikin hutsa; osasun-ereduaz ari gara”. Ildo horretan azaldu du proiektua ez dela azpiegitura berri bat eraikitzea, baizik eta herritarrak zaintzeko beste modu bat definitzea, hala arreta koordinatuagoa, hurbilagoa eta Tolosaldeko herritarren benetako beharretara hobeto egokitua lortzeko.

Prozesua luzea, zorrotza eta partekatua izan dela adierazi du sailburuak. Adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak osasun-arloko profesionalen, alkateen, gizarte-eragileen, sindikatuen, TOPA tokiko plataformaren eta herritarren beraren eskutik landu du proiektua, eta asistentzia-diseinua aberasteko entzute-prozesua egin dute azken hilabeteotan. Martínezen hitzetan: “entzute-prozesua eta profesionalen parte-hartzea bermatu dira”.

Ospitale bat eskualdearentzat

Sailburuak azaldu duenez, ondorio partekatua argia da: Tolosaldeak ospitale publiko bat behar du, baina, horrez gain, beharrezkoa da ospitale hori sistema zabalago batek barne hartzea. Hori dela eta, etorkizuneko zentroa Donostialdeko ESIarekin, bertako profesional espezialistekin eta euskal sistema publikoko konplexutasun handiko baliabideekin konektatuta egongo da.

Planteamendu horrek aukera emango du gertuko arreta espezializatua eskaintzeko, beharrezkoak ez diren bideratzeak murrizteko eta paziente bakoitzak kasu bakoitzean erantzun egokiena jasotzen duela ziurtatzeko. Martinezek nabarmendu du helburua dela osasun arloko emaitzak hobetzea, asistentziaren jarraitutasuna indartzea eta arreta segurua, gizatiarra eta jasangarria bermatzea.

Etorkizuneko ospitalea ez da zentro generikoa izango, Tolosaldeko osasun-errealitatearen arabera berariaz pentsatutako baliabidea baizik. Plan funtzionalaren abiapuntua izan da gaur egungo eta etorkizuneko biztanleria, gaixotasun-karga eta eskualdean lehendik dagoen asistentzia-jarduera aztertzea, egitura bera lurraldeak behar duen funtzionalitatera egokitzeko.

Zerbitzu eta espezialitate gehiago

Tolosako Ospitale Publiko berriak zerbitzu-zorro zabala eskainiko du, eta eskualdeko beharretara egokituko da. Honako hauek izango ditu, besteak beste: kanpo kontsultak, jarduera kirurgiko programatua, ospitalizazioa, prozedura-gelak, larrialdiak, irudi eta laborategi bidezko diagnostikoa, errehabilitazioa eta etxeko ospitalizazioa.

Gainera, espezialitate gehiago izango ditu, hala nola kardiologia, neurologia, ginekologia, traumatologia eta barne-medikuntza, eta diagnosi-teknologia aurreratua izango du, erresonantzia magnetikoa, OTA, ekografia eta ohiko erradiologia barne. Endoskopia-unitate bat, eguneko ospitale medikoa, laborategia, farmazia-zerbitzua, errehabilitazioa, etxeko ospitalizazioa eta larrialdietarako base bat ere aurreikusten ditu zentroak.

Martínezek azpimarratu du ospitale berriak aukera emango duela osasun-arazo gehiago konpontzeko gaixoen etxetik gertu, kalitatea bermatuta eta beharrezkoak ez diren deribaziorik gabe. Era berean, Donostia Unibertsitate Ospitalearekin lotura bizkorra izaten jarraituko duela azpimarratu du, konplexutasun handiko kasuetarako, eta profesionalak eta zirkuitu klinikoak partekatuko dituzte.

Martxan da jarduketa

Sailburuak jakinarazi du Tolosaldean osasun-arretaren hobekuntza abian dela. Osakidetza, Donostialdeko ESIarekin lankidetzan, eredu asistentzial berriranzko trantsizioa garatzen ari da, eta jarduketa zehatzak aplikatzen ari dira eskualdean, ospitalearen proiektuak aurrera egiten duen bitartean.

2025aren amaieratik, zirkuitu espezifikoak aktibatu dira ORL eta biriketako tumoreen gisako prozesuetan diagnostikoak arintzeko, eta lehen mailako arretaren eta arreta espezializatuaren arteko koordinazio-mekanismoak indartzen ari dira. Gainera, espezialitate berriak pixkanaka txertatzea eta paziente konplexuen arreta hobetzea aurreikusten da.

Osasun arloko profesionalek Batzordean azaldu duenez, honako hau ez da itxarote-fasea, arreta-eredu berria eraikitzeko etapa aktiboa baizik. “Dagoeneko lanean ari gara”, laburbildu dute, “hemendik aurrera asistentzia hobetzeko, etorkizuneko ospitalea eraikitzen den bitartean”.

Proiektua garapen-fasean

Proiektuak oinarri sendoa du asistentziaren, hirigintzaren eta aurrekontuen ikuspuntutik. Eusko Jaurlaritzak partida espezifiko bat gehitu du, eta proiektua idazteko lizitazioa martxan dago dagoeneko. Gainera, lursail bat dago azpiegitura berria eraikitzeko, Iurramendin, Tolosako Udalak proiektua posible egiteko hirigintza aldetik bultzatu duen eremuan.

Aurreikuspenen arabera, ospitalea zazpi solairuko eraikin moderno bat izango da, eta inbertsioa 100 milioi euro baino gehiagokoa izango da. Zentroak 90 ohe, lau ebakuntza-gela eta asistentzia-erakunde bat izango ditu, eskualdearen eta Gipuzkoaren zati baten beharrei erantzuteko, batez ere proba diagnostikoei eta prozedura osagarriei dagokienez.

Sailburuak adierazi du proiektua eskaera historiko bati erantzuten diola, eta Eusko Jaurlaritza Tolosaldearekiko konpromiso argia betetzen ari dela. “Proiektua ez da ospitale bat eraikitzea. Zaintzeko modu hobea ari gara eraikitzen”, adierazi du Martínezek, eta gaineratu du helburua dela “paziente eta familia bakoitzarentzat pentsatutako sistema hurbilago, integratuago eta justuago” baterantz aurrera egitea