2026ko bigarren Euskal Soziometroa (89. zk.) egiteko 3.485 inkesta egin dira telefonoz —800 Araban, 1.485 Bizkaian eta 1.200 Gipuzkoan— 2026ko maiatzaren 20tik 26ra bitartean. Edizio honetan, egoeraren balorazioari, arazo pertsonal eta sozialei eta jarrera politikoei buruzko ohiko galderez gain, arretaz begiratu zaio Eusko Jaurlaritzaren jarduera-arloen araberako balorazioari.
EGOERA POLITIKO ETA EKONOMIKOAREN BALORAZIOA
Euskadiko herritarren % 64k uste du Euskadiko egoera politikoa ona edo oso ona dela; % 76k, berriz, Espainiako Estatuarena txarra edo oso txarra dela. Ekonomiaren arloan, balorazioak desberdinak dira, baina lurraldeen arteko alde hori berresten dute: % 77k positiboki baloratzen du Euskadiko ekonomiaren egoera; Espainiako Estatuarena, aldiz, % 53k txarra edo oso txarra dela dio. Kasu bietan, 18-29 urteko gazteek egoera
ekonomikoaren balorazio negatiboagoa egiten dute, baina ez hain negatiboa egoera politikoari dagokionez, batez ere Espainiako Estatuan.
ARAZO NAGUSIAK
Euskadiko gizarte-arazo nagusien artean, etxebizitzarekiko kezkak gora egiten jarraitzen du. Aurreko erregistro guztiak gainditu ditu eta kezka nagusi gisa sendotu da, biztanleriaren % 60k aipatzen baitu. Nahiko urrun daude lan-merkatuarekin (% 40) eta osasungintzarekin (% 24) lotutako arazoak; biak jaitsi dira martxoko neurketatik. Arazo ekonomikoak ere gutxiago aipatzen dituzte (% 13) Euskadiko herritarrek; segurtasun faltarekiko (% 21) eta immigrazioarekiko (% 15) kezkek, berriz, gora egin dute. Ideologikoki eskuinarekin identifikatzen direnen artean nabarmentzekoa da immigrazioarekiko kezka bikoiztu egiten dela; ezkerraren eremuan, berriz, etxebizitzarekiko kezkak indar handiagoa hartzen du.
Eguneroko bizitzan arazo pertsonalei dagokienez, Euskadiko herritarrek arazo ekonomikoak (% 24) aipatzen dituzte lehenik; ondoren datoz lan-merkatuarekin lotutakoak (% 23), etxebizitza (% 21) eta osasungintza (% 21). Segurtasun falta biztanleriaren % 13k aipatzen du. Martxoko neurketatik, etxebizitzarekiko, osasungintzarekiko eta segurtasun faltarekiko kezkek zertxobait gora egin dute; arazo ekonomikoekiko eta lan-merkatuarekiko kezkek, berriz, behera. Halaber, etxebizitzarekiko eta lan-merkatuarekiko kezka nabarmen handitzen da 30 urtetik beherakoen artean.
EUSKO JAURLARITZAREN BALORAZIOA
Herritarren % 36k Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa ona edo oso ona dela uste du, eta % 15ek txarra edo oso txarra dela. % 45ek, berriz, hala-holakoa dela dio; azken urtean, hori da gehien hazi den balorazioa. Jardueraarloei dagokienez, Eusko Jaurlaritzari buruzko balorazio positiboak honako hauek dira: kultura, turismoa, euskara, ingurumena, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna, mugikortasuna eta azpiegiturak, baita
zientzia, unibertsitatea eta berrikuntza ere. Etxebizitza da, aldiz, baloraziorik txarrena jasotzen duen arloa; osasungintzak, administrazio-izapideak sinplifikatzeak eta justiziak ere balorazio negatiboak jasotzen dituzte. Eusko Jaurlaritza ondoen definitzen duen ezaugarriei dagokienez, herritarrek haren gaitasuna (% 18) nabarmentzen dute, eta, ondoren, hurbiltasuna (% 16), iniziatiba (% 15) eta zintzotasuna (% 14). Bigarren maila batean daude arazoen diagnostiko egokia eta erantzun azkarra. Nabarmentzekoa da biztanleriaren % 18k ez duela ezaugarri horietako bat ere lotzen Eusko Jaurlaritzaren jardunarekin. 65 urtetik gorakoen artean, zintzotasuna aipatzen da gehien; 30 urtetik beherakoen artean, berriz, gaitasuna.
LEHENDAKARIGAI EGOKIENA
Oraingoan, herritarrei eskatu zaie, beren lehentasun edo sinpatia politikoak alde batera utzita, lehendakari izateko hautagai onena nor litzatekeen esateko. Lautik batek (% 25) Imanol Pradales egungo lehendakaria jotzen du aukerarik onentzat. Alde handira, Pello Otxandiano dago, biztanleriaren % 11k aipatua. Herritarren % 5ak Eneko Andueza eta Amaia Martínez egokitzat jotzen dituzte; Javier de Andrések (% 3) eta Jon Hernándezek (% 1), berriz, babes txikia dute. Nolanahi ere, nabarmentzekoa da inkestatuen % 35ek ez dakiela edo ez diola galderari erantzun, eta % 14k uste du aipatutako hautagaietako bat ere ez dela egokia. Bloke ideologikoei dagokienez, zentroko zein eskuineko eremuetan Imanol Pradales lehendakaria hautagairik onentzat jotzen da; EAJ-PNVren eta PSE-EEren boto-emaileek zein abstentzionistek lehen aukeratzat dute; PPren boto-emaileen artean ere lehen aukera izatetik gertu dago. Ezkerraren eremuan, aldiz, Pello Otxandiano da aukerarik onena, eta EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen boto-emaileen artean ere bera da hautagai gogokoena.
HERRITARREN JARRERA ETA BALIO POLITIKOAK
Euskadiko herritarren % 42k dio politikarekiko interes handia edo nahikoa duela. Azken urteotan, interes hori handitzen ari bada ere, martxoko datuekin alderatuta, sei puntu jaitsi da interes handia edo nahikoa duela adierazten duen biztanleriaren ehunekoa. Politikarekiko interesa nabarmen handiagoa da unibertsitateikasketak dituztenen artean, bigarren mailako ikasketarik ez dutenen artean baino.
Sinpatia politikoari dagokionez, Euskadiko herritarren artean, EAJ-PNV da sinpatia handiena sortzen duen alderdia (10etik 5,2 punturekin). Ondoren datoz PSE-EE eta EH Bildu, biak 4,4 punturekin. Urrunago daude Sumar (3,7), PP (2,0) eta Vox (1,0). EAJ-PNVk du sinpatia-mailarik handiena 30 urtetik gorakoen, abstentzionisten eta kolektibo gehienen artean; EH Bildu, berriz, honako kolektibo hauetan nabarmentzen da:
30 urtetik beherakoen, ikasleen eta ezkerreko edo abertzale diren pertsonen artean. Bestalde, PSE-EErekiko sinpatia gailentzen da euskal nazionalismoaren eskalari buruzko galderan bere burua kokatzeko gai ez direnen edo erantzun nahi ez diotenen artean.
Lider politikoen ezagutza-mailari dagokionez, Imanol Pradales lehendakaria da ezagunena (% 77); ondoren datoz Eneko Andueza eta Pello Otxandiano, biak % 50ekin, eta Javier de Andrés (% 42). Jon Hernándezek (% 20) eta Amaia Martínezek (% 30), berriz, ezagutza-mailarik txikienak dituzte. Balorazioari dagokionez, Imanol Pradales lehendakariak puntuaziorik altuena (10etik 5,8) lortu du, orain arteko emaitzarik onena. Ondoren Pello Otxandiano dago (5,3); biak dira gainditzea lortzen duten lider bakarrak. Atzetik daude Eneko Andueza (4,5), Jon
Hernández (4,1), Amaia Martínez (3,4) eta Javier de Andrés (3,0). Nabarmentzekoa da Pradalesek eta Otxandianok bakarrik lortzen dutela gainditzea beren hautesleen artean.
Ezker-eskuin ardatzean, euskal gizarteak ezkerrerantz jotzeko joera du, 4,2ko batez bestekoarekin, 0tik (ezker muturra) 10era (eskuin muturra) bitarteko eskala batean. Biztanleriaren erdiak (% 50) zentroko posizioetan kokatzen du bere burua; % 31 ezkerrean eta % 10 eskuinean. Adin-taldeen arabera, ezkerreko posizioak ohikoagoak dira gazteen artean —18-29 urte bitartekoen artean, % 40ra iristen dira—; adin handiagoko
taldeetan, berriz, zentroak indar handiagoa du; bereziki, 65 urtetik gorakoen artean (% 57).
Euskal nazionalismoaren eskalan, herritarren % 32k oso abertzaletzat du bere burua; % 24k, berriz, batere ez, eta % 36 tarteko posizioetan kokatzen da. Identitateari dagokionez, herritarren % 43 soilik euskal herritar sentitzen dira edo euskal herritar espainiar baino gehiago—gazteen artean ohikoagoa—; % 39 euskal herritar bezain espainiar, eta soilik % 10ek du bere burua espainiartzat edo nagusiki espainiartzat. Azkenik, balizko independentziari dagokionez, ez da aldaketa esanguratsurik ikusten: % 37 aurka dago, % 22 alde, eta % 32 egoeraren arabera alde edo kontra egongo litzateke.






