Moilaberri, bisitari eta turistentzako harrera-gune berria, berreskuratzea eta balioan jartzea bultzatu dute Europako funtsek

0

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak, Azahara Dominguez Gipuzkoako Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako foru diputatuarekin eta Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatearekin batera, Moilaberri eraikinaren birgaitzea bisitatu du. Debegesak kudeatzen duen Geoparkearen Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planaren (PSTD Geoparke) barruko jarduketetako bat da hau, Europako funtsetatik datorrena.

Moilaberri eraikina Zumaia eta Geoparke osoa ezagutzeko atea izango da. Bisitarientzako eta turistentzako harrera-gune berria, erakusketa-espazioak eta erabilera anitzekoak hartuko ditu, eta herritarren eta bisitarien topaleku bihurtuko da. Eraikinak erakusketa- edo interpretazio-espazioak izango ditu, baita laneko bulegoak eta erabilera anitzeko espazio bat ere.

Javier Hurtado sailburuak erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia nabarmendu du, “gure herriak eta hiriak hobetzen dituzten eta turismo-eredu jasangarria indartzen duten” proiektuak aurrera ateratzeko. Ildo horretan, eskerrak eman ditu “Debegesak Jasangarritasun Turistikoko Plan horiek kudeatzeko izan duen lidergoagatik, Geoparkearen ondarea balioan jarri eta berreskuratzeko”, eta gogorarazi duenez, “Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planek 80 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa ekarri dute Euskadira azken bost urteetan, ezaugarri oso desberdineko udalerriek eta eskualdeek bultzatutako 34 proiektutan banatuta”.

“Geoparkearen inguruko jarduketek 7 milioi izan dituzte, eta gaur, Zumaian, turismo-bulegoa inauguratzen dugu. Bulego hau gure ondarea berreskuratzetik sortutakoa da, tren-geltoki zaharretik alegia, turismoaren bidez gure lurraldearen memoria industrialari balioa emateko. Euskadik turismo jasangarriaren eta errespetutsuaren alde egiten duen apustuaren beste adibide bat da”, adierazi du sailburuak.

Bestalde, Azahara Dominguez Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatuak adierazi duenez, bulego berri honen irekierak «turismoa modu zehatzagoan kudeatzea ahalbidetuko du, Urola Kostako eskualde osorako aukera berriak sortuta». Ildo horretan, azaldu duenez, turismo-bulegoek funtsezko zeregina dute turismo-fluxuak banatzeko orduan, eta horrek turismoak sortzen duen aberastasunaren banaketa orekatuagoa dakar. «Aberastasunaz hitz egiten dugunean, gai izan behar dugu hori lan-baldintza hobeetan, sektorearen profesionalizazio handiagoan eta urtarokotasunari ihes egiten dioten lanetan bihurtzeko», azpimarratu du. «Jarduera turistikoaren arrakasta ezin da soilik jasotzen dugun bisitari-kopuruaren arabera neurtu, baizik eta Gipuzkoan bizi eta lan egiten dugunon bizi-kalitatea hobetzeko duen gaitasunaren arabera» esanez amaitu du.