- Gipuzkoako espetxe berriak plaka batekin gogoratuko ditu 1990etik 1997ra bitartean ETAk hildako Martuteneko hiru langileak
- Imanol Pradales: “Helburua da laguntza, prestakuntza eta lan-aukerak eskaintzea eragindako kaltea ahal den neurrian erreparatzeko eta bizitza berri bat eraikitzeko”
Imanol Pradales Lehendakariak gaur defendatu du euskal espetxe-politika uko egin ezin zaien printzipioek gidatu behar dutela, hala nola humanismoak, integrazioak eta gizarteratzeak, baina “onkerian eta xalotasuneran” erori gabe. Lehendakariak gizarteari gogorarazi dio Eusko Jaurlaritzak oso zorrotza izaten jarraituko duela delituak egiten dituztenak jazartzen eta legea ezartzen, baina beharrezkoa dela gorroto, errebantxa eta estigmatizazio diskurtsoetatik ihes egitea, ez baitute laguntzen, esan du, berrerortzea prebenitzen eta gizarte-kohesioa bultzatzen. “Helburua ez da presoa sufritzen ikustea, baizik eta komunitatean integratzeko eta bizitzeko prestatzea; laguntza, prestakuntza eta lan-aukerak eskaintzea eragindako kaltea ahal den neurrian erreparatzeko eta bizitza berri bat eraikitzeko”, azpimarratu du.
Imanol Pradalesek eman dio amaiera bere hitzaldiarekin Zubietan (Donostian) dagoen Gipuzkoako Espetxe berria inauguratzeko ekitaldi ofizialari. Espetxeak indartu egiten du Eusko Jaurlaritzak humanismoan oinarritutako justizia, pertsona beti politiken erdigunean jartzen duena, sustatzeko ezarrita duen helburua eta hartuta duen konpromisoa. Ekitaldian María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburua eta Fernando Grande-Marlaska Espainiako gobernuko Barne ministroa ere izan dira.
Bere hitzaldian, Lehendakaria espetxeko langileei ere zuzendu zaie, eta egiten duten lana eskertu die, batez ere, lan horrek askotan ez duelako izaten merezi duen aitorpen soziala. Bestalde, espetxeko presoei gogoratu die gizarteratzeko bidea eskubideen eta betebeharren gainean eraikitzen dela, eta horrek “exijentzia, erantzukizuna eta konpromisoa” dakartzala. “Zuen esku dago delituak zuen nortasuna ez definitzea lortzea: eragindako kaltea aitortzea, ahal den neurrian erreparatzen laguntzea eta eskaintzen zaizkizuen aukerak aprobetxatzea zuen bizitza berriz eraikitzeko”, esan die.
Azkenik, Imanol Pradaselek adierazi du bere ustez Martuteneko espetxea ixtea eta Gipuzkoako espetxea irekitzea –eta Estatuko administrazioarekin izandako lankidetza emankorragatik izan da posible, nabarmendu duenez– eraldaketa-etapa berri bat dela Donostiarentzat, Gipuzkoarentzat eta Euskadirentzat. Horrela, adierazi du konfiantza osoa duela gobernantza kolaboratiboak Txomin Enea auzoa garatzen jarraitzeko 400 etxebizitza babestu eraikitzea ahalbidetuko duela.
Ildo beretik, San José sailburuaren ustez, “gaur emango dugun urratsak, Zubietako espetxearen inaugurazioak, gure espetxe-politikaren oraina eta etorkizuna markatuko ditu; izan ere, eraikin berri bat baino askoz ere gehiago da: urrats erabakigarria sinbolizatzen du Euskadik espetxe-eredu propio, arduratsu eta guztiz gizatiarra izateko duen konpromisoan.
“Gaurtik aurrera, Euskadi espetxe-administrazio integral gisa eratuko da. Baina lorpen hori ez da kudeaketaren edo eskumenen arabera bakarrik neurtzen. Batez ere, gure ekintza gidatzen duen agindu konstituzionala betetzeko gure gaitasunaren arabera neurtzen da, uste baitugu askatasun gabetzen duten zigorrak berreziketara eta gizarteratzera bideratuta daudela. Printzipio hori ez da erretorikoa; egunero interpelatzen gaituen konpromiso etiko, juridiko eta soziala da. Askatasun gabetuta dauden pertsonak zigor bat betetzen ari dira, baina eskubideen titular izaten jarraitzen dute. Zigorrak eragiten ez dien oinarrizko eskubide guztiak mantentzen jarraitzen dute. Eta administrazio gisa dugun erantzukizuna da eskubide horiek errespeta daitezen eta duintasun-baldintzatan gauza daitezen bermatzea”, adierazi du.
ETAk hildako hiru langile gogoan
Gipuzkoako Espetxearen inaugurazioaren hasieran, plaka bat jarri dute ETAk 1990etik 1997ra bitartean hil zituen Martuteneko espetxeko hiru funtzionarioren omenez. Plaka Martuteneko espetxetik ekarri dute, eta honako hauek gogorarazten ditu: Ángel Jesús Mota Iglesias, José Ramón Domínguez Burillo eta Francisco Gómez Elósegui.
- 1990eko martxoaren 3an: Ángel Jesús Mota Iglesias, 31 urtekoa. Alarguna eta bi seme-alaba utzi zituen (bost hilabeteko semea eta urte eta erdiko alaba). Zamoran jaio zen eta espetxeetako funtzionario baten semea zen, eta bere familia Donostian instalatu zen berak bi urte besterik ez zituenean.
- 1993 urtarrilaren 22an: José Ramón Domínguez Burillo, Donostiako espetxera lanera zihoanean; hezitzaile gisa lan egiten zuen bertan. Burgosen jaio zen eta ezkongabea zen, eta 35 urte zituen hil zutenean.
- 1997ko martxoaren 11n: Francisco Gómez Elósegui, EEIko hezitzailea eta psikologoa zen. Gros auzoan hil zuten Martutenera lanera zihoanean, bertan psikologo gisa lan egiten baitzuen. 37 urterekin hil zen, eta alarguna eta bi urteko alaba utzi zituen.
1997ko apirilaren 17an, Juan José Baeza Martuteneko funtzionarioa zaurituta geratu zen ETAk Errenterian egindako atentatu zapuztu batean.
Horiek guztiak bereziki gogoratu dituzte bai lehendakariak bai San José sailburuak beren hitzaldietan. Ekitaldian ETAren biktimen senideak eta gertukoak izan dira, eta Lehendakariak, Barne ministroak eta Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuak agurtu dituzte.
Ekitaldian, besteak beste, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia, Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea, Jon Insausti Donostiako alkatea, Iñaki Subijana Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea eta Carmen Adán del Río Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusia ere izan dira.






