Euskadik bide terapeutiko berri bat aurkitu du gibeleko gaixotasun arraro batentzat, ikerketa publikoari esker

0
  • Biogipuzkoa eta Biobizkaia Osasun Saileko ikerketa-institutuek, EHUk eta CIBERehd-ek koordinatutako nazioarteko ikerketa batek frogatu du estatinek gibeleko gaixotasun polikistikoaren progresioa geldiaraz dezaketela; patologia genetiko arraroa da, eta aukera terapeutikoak mugatuak dira
  • Ikerketa Hepatology aldizkarian argitaratu da, eta informazio berria ematen du gibeleko kisteak osatzen dituzten zelulen metabolismoari buruz. Emaitzak esperantzagarriak dira eredu esperimentaletan eta pazienteen datu klinikoetan
  • Aurrerapen horrek bat egiten du Euskadiko Osasun Itunarekin eta gaixotasun arraroen lan-ildoarekin: ikerketa kolaboratiboa sustatzen du, emaitzak praktika klinikoan aplikatzen dira eta pazienteen arreta hobetzen da

Biogipuzkoa eta Biobizkaia Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko osasun-ikerketako institutuek, EHUk eta Gaixotasun Hepatikoen Arloko Sareko Ikerketa Biomedikoko Zentroak (CIBERehd) koordinatutako nazioarteko ikerketa batek gaixotasun hepatiko polikistikoaren tratamendua alda lezakeen bide terapeutiko berri bat aurkitu du. Patologia genetiko minoritarioa da, eta, gaur egun, ez dago tratamendu eraginkorrik gibel-transplanteaz harago, kasurik larrienetan.

Ikerketa Hepatology aldizkari zientifiko ospetsuan argitaratu da, eta frogatzen du estatinek, kolesterola murrizteko erabiltzen diren sendagaiek, gibeleko kisteak haztea geldiarazi eta gaixotasuna aurreratzea mantsotu lezaketela. Aurkikuntza oso garrantzitsua da; izan ere, farmako batzuk eskuragarri daude jada, eta segurtasun-profila oso ezaguna dute praktika klinikoan.

Gibeleko gaixotasun polikistikoa herentziazko nahasmendu bat da; gibelean kiste anitz agertzen dira eta etengabe hazi. Oso gutxitan gertatzen den arren, 10.000 pertsonatik bati eragiten dio, gutxi gorabehera, forma isolatuan, eta ohikoagoa izan daiteke giltzurrunetako gaixotasun polikistikoarekin batera gertatzen denean. Kasu askotan isilean eboluzionatzen du urteetan zehar, baina gaixotasunak aurrera egin ahala ondorioak izan daitezke gibelaren tamaina asko handitzea, abdomeneko mina, digestio-arazoak eta bizi-kalitatea nabarmen galtzea.

Estatinak, estrategiaren parte

Ikerketari esker frogatu ahal izan da kisteak osatzen dituzten zelulak metabolismo energetikoan nabarmen aldatzen direla. Zehazki, mitokondrio-jarduera handitua eta energia-ekoizpen handiagoa dute, eta horrek mitokondrioak kontrolik gabe haztea eta ugaltzea eragiten du.

Horrez gain, zelula horietan kolesterol pilaketa anomaloa identifikatu du taldeak, metabolismo asaldatu horrekin estuki lotutako prozesu bat. Aurkikuntza horretatik abiatuta, ikertzaileek estatinak erabiltzea proposatu zuten zelula-portaera anomalo hori blokeatzeko.

Eredu esperimentaletan, estatinekin egindako tratamenduak nabarmen murriztu zuen kisteen hazkundea, eta, gainera, gibeleko hantura eta fibrosia txikiagotu. Ikerketak DIPAK nazioarteko kohortean sartutako pazienteen datu klinikoak ere jaso zituen —giltzurrun-polikistosi autosomiko gainartzailea (PQRAD), gaixotasun genetiko eta arraroa, ikertzeko diseinatutako kohorte akademikoen azterketa handiena—, eta ikusi zen estatinak hartzen zituztenei gibelaren bolumena gutxiago hazten zitzaiela tratamendu hori egiten ez zutenei baino.

Gaixotasun arraroei bultzada

Aurrerapauso horrek balio berezia du gaixotasun arraroen esparruan, aukera terapeutikoak mugatuak izaten baitira eta ikerketa kolaboratiboa funtsezkoa baita irtenbide berriak sortzeko. Eredu esperimentalak eta pazienteen datuak uztartuta, handitu egiten da azterketaren sendotasuna eta haren balizko baliagarritasun klinikoa.

Ikerketa Eusko Jaurlaritzaren osasun-arloko ikerketa-jarduera sustatzeko ildoaren 2021eko deialdiaren esparruan finantzatu da, eta horrek indartu egiten du ikerketa biomedikoaren eta ezohiko patologien arreta hobetzearen aldeko apustu publikoa. Gainera, aurrerapauso hori bat dator Euskadiko Osasun Itunarekin: lehentasunezko lan-ardatz ditu ikerketa bultzatzea, osasun-arreta hobetzea eta gaixotasun arraroei erantzuna ematea.