Euskal sektore publikoak 2.502 milioi euroko balioa duten 7.800 kontratu baino gehiago kudeatu zituen 2025ean

0

Gobernu Kontseiluak astearte honetan jaso du Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren Kudeaketari buruzko 2025eko Memoria. Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordeak, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateen kontratazio publikoaren arloko organo aholku-emaileak, landu du memoria. Dokumentuak ekitaldian egindako jarduera islatzen du, eta Euskadiko kontratazio publikoaren bolumenaren eta banaketaren erradiografia zehatza eskaintzen du.

2025ean, Aholku Batzordeak 4 osoko bilkura egin zituen, eta hiru txosten eta gomendio bat egin zituen. Batzorde Iraunkorra, berriz, 14 aldiz bildu zen, eta 20 txosten egin zituen kontratazio publikorako interesgarriak diren gaiei buruz, hala nola agiri orokorrei, kontratazio-mahaiei, prezioak berrikusteko formulei eta kontratuak kudeatzeko espedienteei buruz. Sailkapen Batzordeak 12 bilera egin zituen, eta enpresen kaudimenarekin eta sailkapenarekin lotzen den espediente kopuru handia tramitatu zuen.

Memoriak zehazten duenez, enpresen sailkapenean inskribatzeko 150 espediente berri tramitatu ziren, eta horietatik 107 onartu; ekonomia- eta finantza-kaudimenari eusteko 553 espediente tramitatu ziren, eta horietatik 552 baliozkotu; azkenik, kaudimen tekniko profesionalari eusteko 85 espediente tramitatu ziren, eta enpresen sailkapenari buruzko 76 berrikuspen. Horrez gain, Idazkaritzak Ministerioarekin izan ohi duen elkarrizketa teknikoari eutsi dio; elkarrizketa instituzionala, berriz, Zuzendaritzaren esku dago, Ministerioarekiko esparru formaletan parte hartzen duen heinean. Aholku Batzordeak prestakuntza-ibilbidea bultzatu zuen IVAPekin batera, eta aholkularitza eta ebazpen tekniko-juridikoko 3.900 jarduketatik gora egin zituen.

Memoriaren atal nagusiak 7.854 kontratutan kuantifikatzen du Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren kontratazio publikoa, guztira 2.502.664.807,21 eurorekin (BEZa barne), betiere 5.000 eurotik beherako kontratu txikiak kontuan hartu gabe. Horietatik, 3.157 kontratu Eusko Jaurlaritzako sailenak dira, 325,7 milioiko zenbatekoarekin; 329 kontratu organismo autonomoenak dira, 21,2 milioiko zenbatekoarekin; eta 4.368 kontratu sektore publikoaren gainerakoarenak dira, 2.155,7 milioiko zenbatekoarekin.

Sailen arabera, Hezkuntza Sailak izan zuen bolumenik handiena (612 kontratu, eta 129,9 milioi euro); ondoren dator Segurtasun Saila (262 kontratu eta 30,2 milioi euro); eta, azkenik, Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila (92 kontratu eta 35 milioi euro). Sektore publikoaren gainerakoan bereziki nabarmendu ziren Osakidetza (1.660 kontratu eta 1.236,3 milioi euro), EJIE (254 kontratu eta 262,2 milioi euro), Euskal Trenbide Sarea (411 kontratu eta 255,3 milioi euro) eta VISESA (165 kontratu eta 126,2 milioi euro).

Memoriak, azken batean, nabarmentzen du Eusko Jaurlaritzak kontratazio publiko estrategikoaren aldeko apustua egiten duela, herritarrentzako zerbitzu hobeak eskainiko dituen kudeaketa efikazagoaren zerbitzura.