Eusko Jaurlaritzak baimena eman du moto eta ziklomotoreetarako ikuskaritza-espazio bat ezartzeko Irungo IATn

0
  • Itelevesa taldeak, IAT zerbitzuaren Euskadiko emakidadunetako batek, bere gaitasun operatiboa indartu du Irunen, horrelako ibilgailuen urteroko ikuskaritza-kopurua 7.500era iritsi ostean 2025ean

Eusko Jaurlaritzako Industria sailak motozikleta eta ziklomotoreetarako ikuskaritza-zerbitzu bat martxan jartzea baimendu du Irungo IAT estazioan. Antolatu den box espezifikoaren helburua erabiltzaileen segmentu horrentzako arreta optimizatzea da, bai eta estazioaren gaitasun operatibo osoa areagotzea ere.

Espazio espezializatu hori sortu da Itelevesa taldearen gaitasuna handitzeko proiektu baten barruan, IAT zerbitzuaren Euskadiko emakidadunetako bat baita, eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailak horretarako baimena eman du.

Halaber, proiektuaren barruan, ibilgailuak ikuskatzeko laugarren linea unibertsala ere martxan jarriko da datozen asteetan eta, horrela, zerbitzua indartu eta estazioa egokitu ahalko da, Bidasoaldeko jarduera-bolumena gero eta handiagoa denez gero.

Box berria egiteko apustuak errealitate operatibo argi bati erantzuten dio, motozikletek eta ziklomotoreek garrantzi handia dute-eta Irungo IAT estazioan.

Iaz, 2025ean zehar, bi gurpileko ibilgailuen ia 7.500 ikuskaritza egin zituzten estazioan. Hortaz, lider absolutua da segmentu horretan, bai Euskadiko estazioen multzoan, bai Itelevesa taldeak estatuan daukan estazio-sare osoan.

Eskari handiagatik erabaki da batez ere espazio independente bat diseinatzea; izan ere, espazio hori edukita, ibilgailuen fluxuak askoz modu arinagoan eta eraginkorragoan kudeatu ahalko dira, estazio osoaren zerbitzua arindu ahalko da eta zerbitzuaren kalitatea zein erabiltzaile guztientzako arreta hobetu ahal izango dira.