Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak Añarbeko presaren larrialdi planaren simulakroan parte hartuko du

0
  • Ekainaren 18an, presaren eta Ugaldetxo (Hernani) eremuaren artean jarritako herritarrei abisatzeko lau sirenak aktibatzeko probak egingo dira.
  • Ariketak aukera emango du alerta-sistemaren eraginkortasuna, sirenen estaldura akustikoa eta Larrialdi Planean aurreikusitako koordinazio-prozedurak egiaztatzeko.

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak datorren ekainaren 18an parte hartuko du Añarbeko presaren Larrialdi Plana aktibatzeko simulakroan. Azpiegitura horrek dagoeneko osatu du plan horren ezarpen operatiboa, 2027ko uztailerako ezarritako arauzko gehieneko epea baino urtebete baino gehiago lehenago.

Ariketa 9:00etatik 13:00etara egingo da gutxi gorabehera, eta presaren eta Ugaldetxo (Hernani) eremuaren artean kokatutako herritarrei abisatzeko lau sirenak aktibatzeko proba barne hartuko du. Sirena horiek larrialdi-kasuan kalteak jasan ditzaketen eremuetarako aurreikusitako alerta-sistemaren parte dira.

Abisu-sistema akustikoaz gain, azpiegiturak kontrol-zentro bat du, herritarren segurtasuna indartzeko eta balizko larrialdi batean koordinazioa bermatzeko diseinatutako komunikazio-sistema erredundante batekin hornitua.

PLANAREN AKTIBAZIOA

Simulakroan, Añarbeko presaren Larrialdi Planean zehaztutako lau agertokiak pixkanaka aktibatuko dira, arrisku-mailaren arabera.

0 agertokia normaltasun-egoera bati dagokio, zaintza areagotuz eta esku hartzeko neurririk hartu beharrik gabe. 1. agertokiak matxura larria eragin lezaketen gorabeherak agertzea aurreikusten du, neurri zuzentzaileak aplikatzen ez badira; hala ere, oraindik eskura dauden baliabideekin kontrolatzeko modukoak izango lirateke.

  1. agertokiak salbuespenezko egoera bat islatzen du, non haustura edo matxura larria izateko arriskua dagoen eta ezin den haren kontrola bermatu. Azkenik, 3. agertokiak muga-maila adierazten du, hausteko probabilitate handiarekin edo haustura hasita dagoela, eta ia saihestezina da uholde-uhin bat sortzea. Azken agertoki horretan aktibatzen dira abisu-sirenak, presa hausteko arriskua dagoelako.

Planean aurreikusitako kasuen artean sartzen dira azpiegituraren segurtasuna edo funtzionamendua arriskuan jar dezaketen egoerak, hala nola uholdeak, lurrikarak, hornidura elektrikoaren akatsak, iragazketak, sabotaje- edo bandalismo-ekintzak, egituran edo zimenduan agertutako pitzadurak, hustubide-organoetako anomaliak, tokian tokiko prezipitazio bortitzak, uhate edo balbulen haustura, egiturazko ezegonkortasunak, mendi-mazelen irristatzeak edo harri- edo elur-jausiak, bai eta auskultazio-sistemetan izandako irakurketa anomaloak ere.

ALERTA-SISTEMA ETA KOORDINAZIOA

Ariketaren helburua da Añarbeko presako alerta-sistemaren eraginkortasuna egiaztatzea. Horretarako, sirenen estaldura akustikoa egiaztatuko da kalteak jasan ditzaketen eremuetan, eta haien soinu-mailak neurtuko dira hainbat kontrol-puntutan.

Era berean, larrialdiak kudeatzeko sistema, kontrol-zentroarekiko komunikazio-erredundantziak eta Larrialdi Planean ezarritako prozeduren aktibazio zuzena ebaluatuko dira, mezuen kudeaketa eta gorabeheren erregistroa barne.

Simulakroan ez da aurreikusten baliabide operatiborik mobilizatzea. Hala ere, Hernaniko Udaltzaingoak eta Nafarroako Foruzaingoak parte hartuko dute, seinale akustikoaren funtzionamendu egokia gainbegiratzeko eta ariketa garatzen den bitartean herritarrek egin ditzaketen kontsultei erantzuteko.

INFORMAZIOA ETA KOORDINAZIOA

Larrialdi Plana ezartzeko prozesuan, atez ate banatu zaie informazioa uholde-arriskuko eremuetan balizko ebakuazio batek eragin liezaiekeen herritarrei, sirena bidezko abisu-sistemaren hartzaile baitira.

Halaber, koordinazio-bilerak egin dira Urumearen arroaren ertzeko udalerrietako larrialdi-zerbitzuekin: Goizueta, Arano, Hernani, Astigarraga eta Donostia.

Prozesua Ezarpen Batzordeak koordinatu du, Añarbeko Urak buru dela, eta honako hauek parte hartu dute: Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako larrialdiak koordinatzeko unitateek, Gobernuaren Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Ordezkaritzetako Babes Zibilak eta Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak.

Inplikatutako erakunde guztiek azpimarratu dute horrelako ariketen garrantzia administrazioen arteko koordinazioa hobetzeko, lurraldearen segurtasuna indartzeko eta herritarrak informatuta eta prestatuta mantentzeko, larrialdi-egoera bat gauzatuko balitz.