Berdintasunerako enpresen Bai Sareak erakunde berdinzaleago eta iraunkorragoak lortzeko lan egiten duen proiektuarekin bat egiteko gonbita egin die euskal enpresei

0
  • Emakundek sustatutako sareak bere estrategia aurkeztu du gaur Barakaldon egindako jardunaldi batean
  • Hainbat sektoretako 39 erakundek jaso dute aitortza, emakume eta gizonen berdintasunarekin duten konpromisoagatik

Berdintasunerako enpresen Bai Sareak «Berdintasunerako enpresa eraldatzailearen eredu baterantz» jardunaldia egin du gaur Barakaldoko BECen, lan estrategia berria aurkezteko eta berdintasunaren aldeko konpromisoa erakutsi duten 39 euskal erakunde aitortzeko.

Hausnarketa-aldi baten ondoren, Emakundek sustatutako eta duela hamarkada bat inguru hasi zen proiektu honek lan-ildo eta erronka berriak identifikatu ditu, erakunde feministagoak eta eraldatzaileagoak eta egungo lege- eta enpresa-testuingurura egokituak izateko bidea eraikitzen jarraitzea helburu dutenak.

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak eman dio hasiera jardunaldiari, aurtengo leloa gogoratuz: «Eman lekua berdintasunari». «Berdintasunak leku gehiago behar du, eta enpresa-mundua esparru estrategikoa da, eta berdintasuna zabaltzen ahalegindu behar dugu». Elgarrestak enpresetan berdintasunean oinarritutako gizartea eraikitzeko egin daitezkeen ekintzak zerrendatu ditu, hala nola berdintasun-planak, lidergo-postuetara iristeko oztopoak kentzea edo sexu-jazarpena prebenitzeko protokoloak.

«Bai Sareak alderdi horiek guztiak lantzen ditu, Euskadiko 2030erako berdintasun-estrategiarekin eta soldata-arraila murrizteko estrategiarekin bat datozenez gain. Enpresetan berdintasun-politikak txertatuta eta eskubideak eta betebeharrak beteta, horiek bikainagoak eta lehiakorragoak bihurtzen dira «, nabarmendu du Emakundeko zuzendariak.

Miren Elgarrestak eskerrak eman dizkie jardunaldi honetan aitortza jaso duten 39 entitate laguntzaileei berdintasunaren alde hartutako konpromisoagatik, eta Bai Sarearekin bat egitera gonbidatu ditu, «funtsezko proiektua baita enpresei laguntzeko entitate berdintasunezkoagoak, bidezkoagoak eta iraunkorragoak lortzeko lanean sakontzen.

Sare-lanaren garrantziaren berri emateko, lau enpresak hartu dute parte jardunaldian: Aspace Bizkaia, Ulma Packaging, Seguros Lagun Aro eta Gariza Films. Beren erakundeetan berdintasunaren alde egindako lanaren berri eman dute, bertaratutako jendearentzat inspirazio-iturri izan dadin.

Margaret Bullen antropologo feministak, EHUko berdintasunerako zuzendariak, instituzioetan ikuspegi feminista txertatzeko bideak planteatu ditu.

Aitortutako erakundeak

Fundacion Gizakia; Sestra Ingeniería y Arquitectura, S.L.; Ambulancias Gipuzkoa; Sopra Steria; Lanchas Bus; Campezo Obras y Servicios, S.A.; Museo de Arte Contemporáneo del País Vasco – Artium Museoa; Avanza Urbanos de Euskadi, S.L.; Gariza Films; Ulma Ulma C y E, S. Coop.; Argia Fundazioa; Tuvisa; Altuna y Uria, Amenabar, Grupo Urgatzi; Viuda de Sainz, Injelan; Athlon Kudeaketa; Aurman S.A. Aurman Open Agency, Vivebiotech S.L., Nortunel, Inetum Norte S.L.; Ezkerraldea -Meatzaldea Bus, Iza Ascensores, Asmatu, Transformados Metálicos, Gertek; Ekin, Bilboko Hiribus, EVE – Energiaren Euskal Erakundea, Lagun Aro Servicios, Gestión de Capital de Riesgo, Fundacion Eudes, Zamakoa S.A.; Aztertzen Servicios Asistenciales, S.L., Koopera Servicios Sociales y Formación, S.Coop., Uvesa, Iparraguirre Eraikuntza Lanak eta GMSM.