- Onura publikoko aitorpena duten elkarteen kopurua hiru puntu igo da, kopuru osoaren % 31tik % 34ra.
- Ordaindutako langileak dituzten erakundeen ehunekoa % 62,7ra igo da, serie historiko osoko handiena, eta erakundeen % 88,4tan boluntariotzak pisu esanguratsua dauka, kideen erdia edo gehiago baitira
- Erakundeetako kide diren adinekoen % 67k beren jarduteko modua alda dezaketen ideia berriak onartzen dituzte
Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren (EHSS) 2025 Barometroaren emaitzak aurkeztu ditu. Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailak egin du barometro hori, Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokiaren esparruan. Txosten honek erakunde sozialen ikuspegi integrala emateko helburuarekin datu kuantitatiboak zein kualitatiboak biltzen ditu.
2025eko barometroaren emaitzen arabera, Euskadiko 4.320 erakundek osatzen dute Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala, aurreko barometroak (2023. urtea) jasotzen zuena baino 61 gehiago. Gainera, onura publikoko aitorpena duten erakundeen kopurua % 3 handitu da, guztizkoaren % 31tik % 34ra. Lurraldeka, Bizkaiak kontzentratzen du sektorearen zatirik handiena, 2.397 erakunderekin (% 55,5), ondoren Gipuzkoak 1.264 ( % 29,3) eta Arabak 659 ( % 15,3).
Ekintza boluntarioko erakundeak dira, irabazi-asmorik gabekoak, pribatuak, autogobernatuak eta autogestionatuak, eta egoitza zein jarduera Euskadin dute. Erakunde horien helburu nagusia da kalteberatasun edo bazterkeria-egoerei, babesgabetasun-egoerei eta mendetasun-egoerei aurre egiten dieten pertsonen, familien, kolektiboen edo komunitateen gizarteratzea. Baita garapenerako lankidetza eta eskubide horiek benetan egikaritzeko sustapena ere. Gizarte-ekintza eraikitzeko oinarrizko zutabea dira, elkartasuna eta bizikidetza sustatuz. Erakunde-maparen osaerari dagokionez, gehienak ( % 91,2) elkarteak dira, % 4,8 fundazioak eta gainerako % 4ak beste figura juridiko bat du.
Erakunde bakoitzaren xedeari dagokionez, % 37,6k berdintasuna eta kalteberatasun-egoeran dauden eskubide kolektiboak sustatzen dituzte (emakumeak, adinekoak, gutxiengo etnikoak, familiak, LGTBIQ+ kolektiboak…). Bigarren tokian, % 21,9 dira mendetasuna, desgaitasuna edo babesgabetasun eta bazterkeria-arriskuan dauden pertsonak artatzen dituzten erakundeak. % 13,7 garapenerako lankidetzan diharduten erakundeek osatzen dute. Haur eta gazteekin hezkuntzaren eta astialdiaren esparruan lan egiten dutenak guztizkoaren % 11,9 dira. Elkarteen % 9,5ek gaixotasunak dituzten pertsonei eta haien familiei eskaintzen die laguntza, eta % 3,6 gizarteratzean eta laneratzean zentratzen diren erakundeak dira.
Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialak bere profesionalizazio prozesu progresiboarekin jarraitzen du. Ordaindutako langileak dituzten erakundeen ehunekoa % 62,7ra igo da, serie historiko osoan handiena, eta % 37,3, berriz, boluntarioek osatzen dute oso-osorik. Profesionalizazio horrek, hala ere, ez du esan nahi boluntarioek garrantzia galtzen dutenik: erakundeen % 88,4k boluntarioak izaten jarraitzen du.
Ohikoena da, lantaldeen osaketan, ordaindutako langileek laurden bat baino gutxiago ordezkatzea. Ordaindutako langileen gehiengoa erakundeen % 12,6tan baino ez da. Boluntarioek lantaldeetan duten garrantziari dagokionez, erakundeen % 88,4tan boluntariotza oso presentzia esanguratsua da, erakundea osatzen duten pertsonen erdia edo gehiago baitira.
Ohikoena da erakunde bateko boluntarioen kopurua 10 eta 50 pertsona artekoa izatea ( % 49,5); horietatik % 63,1 emakumeak dira. Erakunde batean ordaindutako pertsonen bolumenari dagokionez, zifra ez da 10 pertsonatik gorakoa izaten, eta horietatik % 74,6 emakumeak dira.
Belaunaldien arteko bizikidetzaren onurak eta erronkak
Lehen aldiz, erakundeetan belaunaldien arteko bizikidetzari berariaz eskainitako galdera-sorta bat sartu da barometroan.
Horrela, belaunaldien arteko erreleboari eta lantaldeen zaintzari buruzko datuak eta informazioa lortu dira. Jasotako datuek irudi berri bat eskaintzen dute, sektoreko erakundeen baitan belaunaldi desberdinetako pertsonak nola bizi diren adierazten duena: nola osatzen den adinaren arabera erakundearen maila bakoitza, zer neurritan kudeatzen den nahita ezagutzaren transferentzia, zer erronka identifikatzen diren eta zer onura hautematen dituzten erakundeek beraiek.
Erakundeen barruko belaunaldien arteko bizikidetzari dagokionez, balorazioak positiboak eta handiak dira, batez ere harremanei eta antolaketa-giroari dagokienez. EHSSren Barometroan, erakundeen % 79,6k adierazi du adin desberdinetako pertsonen artean esperientziak partekatzen dituela, erakundean duten ibilbidea gorabehera, eta % 82,3k adierazi du adinekoek zailtasunik gabe partekatzen dituztela beren ezagutzak.
Oso balorazio aipagarriak dira, halaber, belaunaldien arteko talkarik gabeko erronka berriei ekitea ( % 71,7), harreman informaletarako eta zaintzarako espazioak sustatzea ( % 72,3) eta adineko pertsonek beren jarduteko modua alda dezaketen ideia berriak onartzea ( % 67,5).
Belaunaldien arteko bizikidetza sustatzeak dakartzan onurei dagokienez, beren iritzia eman zuten ia erakunde guztiek positiboki baloratzen dute belaunaldien arteko bizikidetza, bizikidetza horrek ekar ditzakeen erronkak alde batera utzita.
Gehien aipatzen den onura, askotariko formulazioetan, ezagutza trukatzea eta transferitzea da: adinekoen esperientzia metatuaren eta ikuspegi freskoaren, gaitasun digitalen eta gazteen energiaren arteko osagarritasuna da balio-iturri nabarmenena.
Belaunaldi desberdinetako pertsonekin bizi diren erakundeen artean, erronkak hiru ardatzen inguruan biltzen dira. Lehenengoa komunikazio-estiloetan eta teknologiaren erabileran dauden desberdintasunak dira: eten digitala oztopo zehatz eta errepikakorrenetako bat da adin ezberdinetako pertsonen arteko barne-harremanean. Bigarren ardatza motibazioetan eta konpromisoan dauden ezberdintasunak dira: belaunaldi berriek lotura-modu laburragoak dituzte, proiektu zehatzei lotuta daudenak eta militantzia iraunkorrean hain errotuta ez daudenak. Erakunde batek adierazten duen bezala: «erronka handiena boluntariotza da, hau da, elkartean emandako denbora ez da lehen bezalakoa; orain 1-2 urte dira batez beste, eta gero jendea desagertu egiten da». Hirugarren ardatza ezagutzaren transferentzia eta memoria instituzionala galtzeko arriskua da, ibilbide luzeagoa duten pertsonak erretiratzen direnean, eskualdaketa ziurtatzeko mekanismorik egon gabe.
Aurkezpen jardunaldia
Bihar, ekainak 19, ostirala, txostenaren aurkezpen publikoa egingo da goizeko 10:00etatik aurrera Europa Jauregian (Gasteiz) egingo den jardunaldian. Jardunaldi horrek trukerako eta ikaskuntzarako gune ere izan nahi du. Txosteneko datuak aurkeztu ondoren, belaunaldien arteko bizikidetza kudeatzeko ekimen zehatzak garatzen ari diren EHSSko erakundeek beren esperientzia partekatuko dute, eta elkarrekin hausnartuko dugu errealitate horrek sektoreari dakarzkion erronkei eta aukerei buruz.






