María Jesús San Josék defendatu du “giza eskubideen oinarritutako hezkuntza behar demokratikoa eta mundua eraldatzeko tresna” dela

0
  • Justizia eta Giza eskubideen sailburuak ‘Giza eskubideetan oinarritutako hezkuntza Iberoamerikar testuinguruan’ jardunaldietan parte hartu du, Deustuko Unibertsitatean
  • Testuinguru horretan, Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Estatu Iberoamerikarren Erakundeak (OEIk) ‘Óscar Arnulfo Romero’ Giza Eskubideetan Hezteko Sari Iberoamerikarra banatu du

María Jesús San Josék, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak, giza eskubideetan oinarritutako hezkuntza “behar demokratiko eta mundua eraldatzeko tresna” gisa defendatu du, egungo gizarteei eragiten dieten erronken aurrean, eta ziurtatu du Euskadin konbikzio osoz heltzen diogula konpromiso horri, “giza eskubideen bitartez, bizikidetza hobea eta aberasgarriagoa lortzen laguntzeko”.

San José Bilbon izan da gaur, Deustuko Unibertsitatean, ‘Giza eskubideekiko hezkuntza Iberoamerikar testuinguruan’ izeneko jardunaldien inaugurazioan. Bertan, Juan José Etxebarria Deustuko Unibertsitateko errektoreak; Mariano Jabonero Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Estatu Iberoamerikarren Erakundearen (OEIren) idazkari nagusiak, eta Santiago Roura Espainiako Gobernuko Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kiroletako idazkariordeak ere parte hartu dute.

Sailburuak bere hitzaldia hasi du ohartaraziz gure gizarteen kalitate demokratikoari eragiten dieten erronkei buruz: “desinformazioa, gorroto-diskurtsoak, desparekotasunak, gizarte bazterketa, polarizazioa eta erakundeekiko mesfidantza”, eta azaldu du, “erronka horien aurrean, giza eskubideetan oinarritutako hezkuntza ez da bigarren mailako kontua, ezta osagarria ere, behar demokratikoa da”.

Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren aburuz, “giza eskubideetan hezteak esan nahi du pertsona bakoitzaren duintasuna aitortzea, aniztasunean elkarrekin bizitzen ikastea, diskriminazioa eta edozein indarkeria prebenitzea, eta kritikoa, arduratsua eta balio demokratikoekin konprometitua dagoen gizartea sustatzea”. Zentzu horretan, nabarmendu du hezkuntza tresna estrategikoa dela Euskadik bere bazkide iberoamerikarrekin partekatzen dituen hiru helburutan aurrera egiteko: “bizikidetza demokratikoa indartzea, giza eskubideak bermatzea eta aniztasuna aktibo sozial gisa baloratzea”.

Sailburuaren hitzetan, “demokraziek erakunde sendoak behar dituzte, baina baita gizarte kohesionatuak ere, desadostasunak modu baketsuan eta errespetuz kudeatzeko gai direnak. Aniztasuna indar gisa ulertzen diren espazioak behar dituzte, eta ez mehatxutzat”, eta zentzu horretan, Euskadi adibide moduan jarri du: ”gure gizarteak ibilbide luzea egin du haustura eta indarkeria etapak gainditzeko. Ikasi dugu bakea ez dela soilik indarkeriarik eza. Memoria, errekonozimendua, giza duintasunarekiko errespetua eta balio demokratikoekiko konpromiso aktiboa eskatzen ditu”.

Gazteak, ezinbesteko protagonistak

 

Sailburuak berretsi duenez, Justizia eta Giza Eskubideen sailak giza eskubideetan oinarritutako hezkuntza politika publiko estrategikotzat jotzen du, eta, horregatik, hain zuzen, “hezkuntza prozesuetan zeharka sustatu eta txertatu behar dugu, eta gizartearen beste esparru batzuetara zabaldu”. OEI bezalako nazioarteko beste erakundeekin aliantzei dagokionez, San Josék nabarmendu du “loturak, esperientziak eta balioak partekatzen ditugu, eta, horiei esker, elkarren artean ikasten eta aliantzak eraikitzen ditugu, bidezkoagoak, inklusiboagoak eta demokratikoagoak diren gizarteak sendotzeko”.

Azkenik, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak gazteriaren papera azpimarratu du, “ez baitira soilik gure politiken hartzaile; demokrazia eraikitzeko ezinbesteko protagonistak dira. Haien kezkak entzun behar ditugu, haien ekarpenak aitortu eta parte hartzeko benetako guneak eskaini behar dizkiegu”.