Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburua eta Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusia Barakaldoko BECen 2023-2024-2025 EPEaren lehen fasearen hasieran izan dira ostiral honetan. Osakidetzaren historiako enplegu publikoaren eskaintza arruntik handiena da, 5.425 plaza baititu, 107 lanbide-kategoriatan banatuta, eta horietatik 2.160 sortu berriak dira.
Martínezek proba horrek euskal osasun-sistema publikoarentzat zer esan nahi duen nabarmendu du, eta defendatu du lan-eskaintza publiko honek zabaldu, indartu eta egonkortu egiten den Osakidetza islatzen duela. Sailburuak defendatu du lan-eskaintza publiko hau ez dela hautaketa-prozesua soilik: «Osakidetzak talentua erakartzeko, lanbide-erreleboa antolatzeko eta esparru publikotik euskal osasun-sistema indartzen jarraitzeko duen gaitasunaren erakusgarri ere bada». Era berean, azpimarratu du deialdiak pisu handia duela EAEko lan-merkatuan, partaidetza-bolumenagatik eta Euskadi barruko eta kanpoko irteera profesional gisa pizten duen interesagatik.






