Eusko Jaurlaritzak 700.000 eurorekin sustatuko du kirolarien parte-hartzea nazioarteko lehiaketetan eta maila goreneko estatuko emakumezko ligetan

0

Eusko Jaurlaritzak 700.000 euro bideratuko ditu 2026. urtean egin edo hasten diren nazioarteko lehiaketetan kirolarien parte – hartzea sustatzera. Zehazki, bi lerro lagunduko dira deialdi honetan: lehena, nazioarteko eremua eta izaera duten kirol-lehiaketa ofizialetan kategoria absolutuan lehiatzen diren kirolarientzat izango da; eta bigarrena, emakumezkoen taldeko kiroletan liga nazionaletan kategoria absolutuan parte hartzen duten kirolarientzat.

Gobernu Kontseiluak gaur oniritzia eman dio dirulaguntza deialdi honi eta, hala, 700.000 euroko diru partida honela banatuko da:

  • Nazioarteko esparrua eta izaera duten kirol-lehiaketa ofizialetan kategoria absolutuan parte hartzeko dirulaguntzetara 420.000 euro bideratuko dira.
  • Emakumeen talde-kiroletako liga nazionaletan parte hartzeko dirulaguntzetara 280.000 euro bideratuko dira.

Deialdi honetara aurkeztu nahi duten klub, kirol-elkarte edo erakundeek honako irizpide hauek bete beharko dituzte:

  • Nazioarteko federazio baten, Europako federazio baten edo nazioarteko liga profesional baten egutegi ofizialean sartuta egon beharko dute.
  • Emakumezkoen liga estatalak kategoria absolutuko federazioaren edo liga profesionalaren egutegi ofizialean sartutako maila gorenekoak izango dira.

Eusko Jaurlaritzarentzat nazioarteko kirol-lehiaketetan parte hartzeak berebiziko garrantzia du, eta funtsezkoa da euskal kirolak nazioartean presentzia izateko, bai eta kirolaren praktika orokorra bultzatzeko ere. Hori da deialdi honen xedeetako bat. Emakumezkoen kirolak duen garrantziaren isla ere bada deialdia: euskal taldeek emakumezkoen maila goreneko lehiaketetan parte hartzea sustatu nahi du, bai eta kirolaren praktika orokorra ere.

Agindu honetan araututako dirulaguntzetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2025 urteko deialdian guztira 33 euskal klub, kirol-elkarte eta erakunde lagundu ziren: 25 nazioarteko lehiaketen lerroan eta 8 emakumezko talde-kiroletako lerroan.