- 000 euroko laguntza horien bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak berretsi egiten du prebentzioaren, diagnostiko goiztiarraren, tratamenduaren eta bizi-kalitatea hobetzearen arloko jarduerak indartzeko konpromisoa, eta GIB/hiesaren, C hepatitisaren eta STIen arloan irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeek Euskadin egiten duten lana bultzatzen du.
- GIBak eta, oro har, STIek eragin epidemiologiko handia dute Euskadin, ondorio kliniko eta sozialekin. 2025ean, 95 GIB kasu berri detektatu ziren, eta beste infekzio batzuek, tartean gonokoziak, sifiliak edo klamidiasiak, oraindik ere eragin handia dute biztanleriaren osasunean, bereziki gazteen artean.
Gobernu Kontseiluak Alberto Martínez Osasuneko sailburuaren Agindua onartu du gaur. Agindu horren bidez beste urte batez Osasun Sailak gizarte-ekimeneko eta irabazi-asmorik gabeko erakundeei zuzendutako laguntzen deialdia egiten da, 2026an Euskadin GIB/hiesa, C hepatitisa edo sexu-transmisiozko infekzioak (STI) prebenitzeko eta kontrolatzeko jarduerak egiten dituzten erakundeentzat, 300.000 euroko zenbatekoarekin.
GIB infekzioak eta, oro har, sexu-transmisiozko infekzioek (STI) eragin epidemiologiko handia izaten jarraitzen dute Euskadin, ondorio kliniko eta sozialekin. 2025ean 95 GIB kasu berri detektatu ziren Euskadin, gehienak diagnostiko berantiarrak izan ziren, eta beste infekzio batzuek, tartean gonokoziak, sifiliak edo klamidiasiak –bereziki azken honek, goranzko joera argiarekin jarraitzen baitu– eragin handia dute oraindik ere biztanleriaren osasunean, batez ere gazteen artean, urtero detektatutako kasu-kopuru handiarekin.
Laguntza horien bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Osasun Publikoko Zuzendaritzaren bitartez, berretsi egiten du prebentzioaren, diagnostiko goiztiarraren, tratamenduaren eta bizi-kalitatea hobetzearen arloko jarduerak indartzeko konpromisoa, eta GIB/hiesaren, C hepatitisaren eta STIen arloan gizarte-ekimeneko eta irabazi-asmorik gabeko erakundeek Euskadin egiten duten lana bultzatzen du. Lan hori, administrazio publikoen ekintzarekin batera, funtsezkoa da infekzio horien transmisioa prebenitzeko eta birusa duten pertsonen egoera hobetzeko, maila sozioekonomikoan kalteberenak diren kolektiboei lehentasuna emanda.
Horrela, deialdi honetan, Euskal Autonomia Erkidegoan garatutako proiektu-mota hauek lagunduko dira:
a) Gizonekin sexua duten gizonen kolektiboari zuzendutako esku-hartze proiektuak, kontuan hartuta kolektibo horretan GIBak, C hepatitisak eta STIek egun duten garrantzi epidemiologikoa.
b) GIBari, C hepatitisari eta STIei dagokienez kalteberak diren beste kolektibo batzuei zuzendutako proiektuak: etorkinak, drogak bide parenteraletik hartzen dituzten pertsonak, prostituzioan aritzen diren pertsonak, eta, oro har, gizarte-bazterketako egoeran daudenak.
c) C hepatitisaren, GIBaren eta sexu-transmisiozko infekzioen diagnostiko goiztiarrera bideratutako proiektuak.
d) GIBarekin bizi diren pertsonei laguntza psikologikoa eta soziala emateko proiektuak.
Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Laguntza horiek Euskadi 2030 Osasun Planaren barruan sartzen dira. Plan horren helburua da sektore arteko estrategiak diseinatzea eta ezartzea, ekitatearen ikuspegitik ohitura osasungarriak hartzea errazteko, bai eta gaixotasunak prebenitzeko plan espezifikoak indartzea, hedatzea eta zabaltzea ere. Ildo horretan, GIBak eragindako infekzioa eta sexu bidez transmititzen diren beste infekzio batzuk prebenitzeko eta kontrolatzeko 2022-2030 Plan Estrategikoaren helburua da GIBaren eta sexu bidez transmititzen diren beste infekzio batzuen (STI) prebentzio konbinatua, diagnostiko goiztiarra eta tratamendu goiztiarra, GIBak eragindako infekzioaren kronikotasunaren maneiua eta GIBa duten pertsonen bizi kalitatea hobetzea. Era berean, Osasunaren Euskal Itunaren ildo estrategikoen artean osasunaren prebentzioaren eta zaintzaren helburua jasotzen da, detekzio goiztiarra indartzeko.






