- Astigarragak lehen aldiz izango du Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutu propioa.
Gobernu Kontseiluak, gaur, baimendu du, Hezkuntzako sailburuak proposatuta, 22,8 milioi euroko kontratua Astigarragako IES BHI berria eraikitzeko.
Erabaki horren bidez, Eusko Jaurlaritzak beste urrats bat egin du Astigarragako etorkizuneko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutu publikoa sortzeko bidean. Azpiegitura berri horrek herriko egungo eta etorkizuneko hezkuntza-premiei erantzuteko aukera emango du.
Astigarragak, horrela, lehen aldiz izango du Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutu propioa. Gaur egun, Lehen Hezkuntza amaitzen duen ikasleriak Martuteneko institutuan edo inguruko beste udalerri batzuetan jarraitzen ditu ikasketak. Azken urteotan Astigarragak izan duen hazkunde demografiko handiak hezkuntza-beharrak areagotu ditu, eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe propio baten beharra indartu du.
Jarduketaren bidez, Astigarragako IES BHI berrirako beharrezko instalazioak eraikiko dira, Udalak horretarako lagatako lurzatian, Mendiaundi-Anibar eremuan.
Etorkizuneko ikastetxea eraikiko den lursailak konplexutasun tekniko berezia du, duen maldagatik eta lurzoruaren ezaugarriengatik. Horrek jarduketaren plangintza espezifikoa egitea eskatu du, bai lur-mugimenduei dagokienez, bai zimendatzeari eta proiektua kokalekura egokitzeari dagokienez.
Gaurko eta biharko beharrei erantzuteko prestatutako ikastetxea
Institutu berria Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lau lerro oso hartzeko diseinatuko da, eta DBHko 16 unitate izango ditu. Horrez gain, berariazko gelak, gimnasioa, jangela, espazio osagarriak eta ikasleei kalitatezko hezkuntza eskaintzeko beharrezko gainerako instalazioak izango ditu.
Era berean, proiektuak etorkizuneko ikuspegia du, eta aurrerago Batxilergoko sei gela eta espazio espezializatu berriak gehitzeko aukera aurreikusten du. Horrela, udalerriaren bilakaera demografiko eta hezitzaileari egokitzeko gaitasuna bermatuko da.
Obrek 24 hilabeteko iraupena izango dutela aurreikusten da.
Hezkuntza-azpiegiturekin eta Astigarragaren hazkundearekin konpromisoa
Astigarragako IES BHI berriaren eraikuntza Hezkuntza Sailak hezkuntza-azpiegiturak etengabe hobetzeko duen konpromisoaren barruan kokatzen da, baita lurralde bakoitzaren beharretara egokitutako ikaskuntza-guneak planifikatzeko duen apustuaren barruan ere.
Azken urteotan, Astigarragak hazkunde demografiko handia izan du, eta horrek udalerriaren hezkuntza-beharrak handitu ditu. Horren ondorioz, hezkuntza-azpiegitura berrietan aurrera egiten jarraitzeko beharra areagotu da.
Institutu berriak udalerriko hezkuntza-eskaintza publikoa indartuko du, Bigarren Hezkuntza familiei hurbilduko die eta hezkuntza-komunitatearen egungo eta etorkizuneko beharretara egokitutako ikastetxe-sarea eraikitzen lagunduko du.
Gobernu Kontseiluak gaur onartutako baimenarekin, Hezkuntza Sailak aurrera egiten jarraitzen du Astigarragaren hezkuntza-etorkizunerako estrategikoa den azpiegitura hau errealitate bihurtzeko bidean.






