Eusko Jaurlaritzak Bruselan egin den Espezializazio Adimendunaren Europako Konferentzian hartu du parte eskualdeek Europako lehiakortasunean duten zeregina indartzeko

0

Eusko Jaurlaritzako Zientzia Politikarako zuzendariak, Amaia Esquisabel, parte hartu du gaur “Smart Specialisation Community of Practice” (S3 CoP) komunitatearen Urteko  V. Konferentzian. Topaketa ekainaren 23an eta 24an egiten ari da Bruselan, Europako Batzordeak antolatuta, eta “Regions driving European Innovation and Competitiveness” lelopean.

Bilerak erakundeetako arduradunak, eskualde-agintariak, berrikuntza-agentziak eta Europako ekosistemako ordezkariak bildu ditu, espezializazio adimenduneko estrategien etorkizuna eta Europako lehiakortasunari, kohesioari eta industria-eraldaketari egiten dioten ekarpena aztertzeko.

Eusko Jaurlaritzaren parte-hartzea “Delivery and Performance” saioan gauzatu da. Saio horren helburua izan da aztertzea nola lortu Smart Specialisation (S3) alorreko estrategiek lurraldeetan benetako eragina izatea eta erreforma, inbertsio eta emaitza ukigarria bihurtzea. Testuinguru horretan, Esquisabel zuzendariak Euskadik 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren eta RIS3/4 estrategiaren garapenean izan duen esperientzia aurkeztu du; herrialde-ikuspegia, espezializazio-lehentasunak, laguntza-tresnak eta emaitzen ebaluazioa lotzen dituen estrategia, hain zuzen ere.

Euskadiren presentziak indartu egiten du eskualdeak Europako ikerketa- eta berrikuntza-politiketan duen posizionamendua, eta erakusten du gobernantza maila anitzeko ereduarekin duen konpromisoa, eskualde-gaitasunak Europar Batasunaren lehentasun estrategikoekin lerrokatzeko. Izan ere, konferentziaren ardatzetako bat da S3 estrategien ezarpena hobetzea, berrikuntza- eta industria-politika integratuagoen, gobernantza eraginkorragoaren eta eskualdeen arteko lankidetza sendoagoaren bidez.

«Eskualdeak funtsezko eremuak dira berrikuntza lehiakortasun, kalitatezko enplegu eta gizarte- zein industria-erronka handiei erantzuteko irtenbide bihurtzeko. Euskadiren esperientziak erakusten du espezializazio adimendunak benetako eragina sortzen duela soilik tresna zehatzetan, inbertsio iraunkorretan, lankidetza publiko-pribatuan eta ebaluazio zorrotzean oinarritzen denean», adierazi du Amaia Esquisabelek saioan.

S3 CoP da Europako espezializazio adimendunaren arloko ikaskuntza, lankidetza eta ezagutza-trukerako foro nagusia. Sortu zenetik, estatu kideei eta eskualdeei laguntza eskaintzen die, berrikuntzaren hedapenari, industria-trantsizioari eta eskualdeen arteko lankidetzari buruzko lan-taldeak sustatzen ditu, eta administrazioen, enpresen, unibertsitateen, zentro teknologikoen eta gizarte zibilaren arteko esperientzia-trukea errazten du.

Parte-hartze honen bidez, Eusko Jaurlaritzak ekarpena egiten dio Europako eztabaidari, eskualdeek berrikuntzaren, lehiakortasunaren eta kohesioaren motor gisa duten eginkizunaren inguruan. Horretarako, Euskadik plangintza estrategikoan, ekosistema zientifiko-teknologikoarekiko lankidetzan eta politika publikoak emaitza neurgarrietara bideratzean metatutako esperientzia partekatzen du.