- Legegintzaldiaren erdira iritsita, Imanol Pradalesek nabarmendu du “egonkortasuna balio politiko eta soziala duen ukiezin gisa ongarritu eta lantzeko” ahalegina
- Jakitera eman du Etxebizitza Funts Sozial bat sustatuko dela, 2.000 milioiko inbertsio publiko-pribatua aktibatzeko, beste 10.000 etxebizitza babestu eraiki ahal izateko
“Oraindik lan asko dugu egiteko”. Imanol Pradales Lehendakariak Eusko Jaurlaritzako sailburuei gaur eskatu die datozen bi urteetan ahalik eta ahaleginik handiena egiteko, helburu nagusiak legegintzaldiko egutegi handinahikoa bultzatzea, euskal gizartearen kezka eta eskaera premiazkoenei erantzutea, herria prestatzeko etorkizunean inbertitzen jarraitzea eta ongizatearen euskal eredua zabaltzea dituen bide-orria betetzeko.
Legegintzaldiaren erdira iritsita horiek dira helburuak, eta Imanol Pradalesek nabarmendu du “egonkortasuna balio politiko eta soziala duen ukiezin gisa ongarritu eta lantzeko” ahaleginak markatu duela bi urte hauetan.
Gaur goizean Lehendakaria legegintzaldiaren erdiaren balantzea eta etorkizuneko proiekzioa egiteko ‘Ongizatean hazi, Herria hazi – Crecer como país, crecer en bienestar’ ekitaldiaren buruan izan da. Ekitaldia Gobernu Kontseiluaren bileraren ondoren egin da, Ajuria Enea Jauregiko lorategietan, Elkargunean.
Bere hitzaldian, Lehendakariak jakitera eman du bultzada irmoa emango zaiola legegintzaldiko egutegiari hainbat gaitan, eta aipatu ditu, besteak beste, Unibertsitateen Legea, Euskadiko Kultura Sistemaren Legea, Administrazioa Arintzeko eta Sinplifikatzeko Legea, Turismoaren Legea, Justizia Errestauratiboaren Legea, Euskal Diasporaren Legea, Partaidetza Instituzionalaren Legea eta Nekazaritza eta Elikadura Jasangarriaren Legea.
Era berean, aurreratu du Etxebizitzaren Gizarte Funts bat onartuko dela 2.000 milioi euroko inbertsio publiko-pribatua aktibatzeko, datozen urteetan beste 10.000 etxebizitza babestu eraiki ahal izateko; Osasun Itunean adostutako lehentasunezko 24 lerro hedatuko direla; familien ekonomiak babestuko direla kanpoko shock ekonomikoen aurrean; edo 2030erako Segurtasun Publikoko Plana edo Ertzaintzaren Plan Estrategikoa onartuko direla.
Gainera, Imanol Pradalesek honako helburu hauek ere ezarri ditu: Industria Plana hedatzea; Euskal Finantza Aliantzaren barruan proiektu berriak bultzatzea; Inbertsio Estrategikoetarako Autobide Arautzailea abian jartzea; edo BGAEren Inbertsio Erregimenaren aldaketa.
Azkenik, jakitera eman du 700 profesional berri sartuko direla ikasleen aniztasunaren eta ongizatearen arreta indartzeko; migrazioaren erronkari erantzuten jarraitzeko; ‘Jauzia Gara’’ ekimena garatzeko euskararen erabilera sozialean jauzi kualitatiboa eman dadin; eta Gernikako Estatutua amaituko dela eta autogobernu-sistema berriaren egitura adostuko dela, Euskadiren gaitasun politikoak etorkizuneko erronka gisa zabaltzeko. Hori guztia, ahaztu gabe pertsonen esparru emozionalari eman beharreko arreta, eta, horretarako, euskal ongizate eredua zabaltzeko lan egingo dela esan du, arreta-eremu berriak txertatuz.
“Emandako hitza betetzea”
Ekitaldian, Jaurlaritzako sailburuek hitza hartu dute beren sailek bi urteko jardunean egindako bidearen azalpen labur bat emateko eta etorkizuneko beren helburuak eta lehentasunak zein diren aurreratzeko.
Imanol Pradalesek eskerrak eman dizkie orain arte egindako lanagatik, baina ohartarazi du “ezin dugu erritmoa jaitsi. Emandako hitza bete behar dugu”. Horrela, Lehendakariak gogorarazi du Gobernu Programaren % 18 aktibatzea falta dela oraindik errealitateari erantzuteko, “formula magikoetatik ihes eginez eta etsipenean erori gabe”. Azken hori da “gure bidea”, esan du. “Agian ez da azkarrena izango. Ezta errazena ere. Baina bide zuzena da”, berretsi du.
Era berean, Lehendakariak nabarmendu du “egonkortasuna balio politiko eta soziala duen ukiezin gisa ongarritu eta lantzeko” ahalegina. “Egonkortasuna ez da berez helburu bat, baizik eta Euskadiren aurrerabiderako, ongizaterako eta autogobernurako faktore erabakigarria”, esan du.
Alde horretatik, Imanol Pradalesek adierazi du hain zuzen ere egonkortasun horri esker egin dela aurrera bi alderdiek sinatutako programan markatutako hiru helburu nagusietan: zerbitzu publikoak indartzea; Euskadiren etorkizuna prestatzeko eraldaketetan inbertitzea; eta komunitate-sena indartzea.
“Ondo definitutako estilo batekin egin dugu: ezkutatu gabe, arazoei aurrez aurre begiratuz; sumindura politikoei ihes eginez, begirunea sustatuz eta gure eguneroko jardunean eredugarriak izanez; desberdinen arteko elkarrizketarako, akordiorako eta elkarlanerako aukerak erraztuz, gehiengo parlamentarioetatik harago, erantzun guztiak ez dauzkagulako eta ezin dugulako bakarrik egin; eta konponbide berriak bilatzeko arriskua hartuz”, nabarmendu du ekitaldian zeudenen aurrean.
Imanol Pradalesek, bere saioari amaiera emateko, Euskadin eta Gobernuan konfiantza izateko deia egin dio euskal gizarteari. “Ez dira garai errazak. Mundu nahasi batean bizitzea egokitu zaigu. Eta indarrak batzea dagokigu. Ez dago beste sekreturik. Euskadi berria gizarte osoaren erronka da, eta bide hori ezin dugu bakarrik egin”, esan du amaitzeko.






