Finkatuz funts publikoa, Eusko Jaurlaritzak sustatua eta Finantzen Euskal Institutuak kudeatua, Iparlateko kapitalean sartu da akzioen % 17,16 erosita. Eragiketa biltzen da SOCADE sozietatearen likidazio-prozesu ordenatuaren barruan —Finantzen Euskal Institutuak eta foru-aldundiek parte hartzen dute sozietate horretan—.
Eragiketa horri esker, modu koherentean egin daiteke aurrera SOCADEren likidazio-prozesuan. Izatez, Euskadiko nekazaritzako elikagaien sektorearen aktibo estrategiko batek, Iparlatek, tresna publikoaren laguntzarekin jarraituko du eta haren jarraipena bermatuko da, epe luzeko ikuspegi estrategikoan oinarrituta. Era berean, Iparlaten parte hartzearekin, enpresaren egonkortasuna ez ezik, nekazaritzako elikagaien balio-kate osoa ere indartzen da.
Iparlat erreferentea da nekazaritzako elikagaien esparruan, industria-eredu oso espezializatua eta hazteko bokazio indartsua baitu, eta bazkide nagusia Kaiku kooperatiba da. Konpainiaren negozio-eredua Banaketa Markan (MDD) espezialista gisa duen posizionamenduan oinarritzen da (Mercadona edo Eroski gisako banaketa-kate handietako bazkide industrial gisa jarduten du). Orientazio horrek eta ekoizpen-ahalmen sendoak ahalbidetu diote merkataritza-harreman egonkorrak sendotzea eta Estatuko merkatuan duen presentzia indartzea.
Partaidetzaren titular berria Finkatuz da, sozietateak epe luzera Euskadiko enpresa estrategikoetan inbertitzeko duen helburuari jarraikiz. Horrela, enpresa horiek bertan errotzea, jarraitzea eta haztea bermatu nahi da, eta lurraldeko ekonomiari egiten dioten trakzio-ekarpen handiari eutsi nahi zaio —egungoari edo potentzialari—.
Eragiketak, halaber, Finkatuz sozietateak inbertitzaile publiko estrategiko gisa betetzen duen zeregina finkatzen du. Abian jarri zenetik, funtsak Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiarako funtsezkoak diren konpainietako partaidetzak eskuratu ditu, hala nola CAF (Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles), ITP Aero eta Kaiku Corporación Alimentaria konpainietakoak, eta, 2025etik aurrera, Grupo Arania, Ohmnia Electronics eta Innometal, Arteche, Talgo eta Ayesa konpainietakoak. Iparlaten kasuan bezalaxe, inbertsio multzo horren helburua da arrastatzeko eta balioa sortzeko ahalmena duten Euskal Autonomia Erkidegoko ekoizpen-sareko trakzio-enpresetan bazkide egonkorraren rola hartzea.
Eragiketa barne hartzen da Euskal Autonomia Erkidegoko produkzio-sarearen lehiakortasuna indartzea eta, testuinguru ekonomiko global zorrotz honetan, erresilientzia bermatzea helburu duen lankidetza publiko-pribatuko estrategia zabalago batean.
Finkatuzi buruz
Finkatuz Eusko Jaurlaritzaren funts estrategikoa da, Finantzen Euskal Institutuak kudeatzen duena, eta Euskadirentzat giltzarri diren enpresetan inbertitzera bideratuta dago, enpresa horien errotzea, egonkortasuna eta epe luzerako hazkundea berma dadin.
Iparlati buruz
Iparlat esnekien eta landare-oinarriko produktuen elaborazioan eta merkaturatzean espezializatutako konpainia da, Estatuko merkatuan presentzia nabarmena duena. Banaketa-markan, ekoizpen-efizientzian eta lehen sektorearekiko hurbiltasunean oinarritutako industria-eredua du.






