- Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea giltzurruneko transplantea dela-eta da erreferente bai Euskadin, bai beste autonomia-erkidego batzuetan; horrez gain, CSUR zentro gisa dago aitortuta haurren giltzurruneko transplanteak egiteko. Hala, bere jarduera handia sendotu du eta aurreikusten da programaren urterik bizienetako bat izango dela
- Osakidetzaren giltzurrun-transplanteen programak urtean 150 transplante inguru izaten ditu batez beste, hori horrela, 2026ko lehen seihilekoan 100 prozeduretara iritsi izanaren garrantzia dimentsionatu daiteke
- Osakidetza erreferentea da gibeleko transplanteetan ere, 34 interbentzio egin dira aurten, eta 2.000 prozeduratik gertu dago. Hala, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea Estatuko erreferentziazko zentroen artean dago konplexutasun handiko kirurgiari dagokionez
Osakidetzak dagoeneko giltzurruneko ehun transplante egin ditu aurten Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean. Errekorreko zifra da, oso kopuru esanguratsua da bereziki lehen seihilekoan lortu izanagatik eta, gainera, orain arte inoiz ez delako horren goiz horrelakorik lortu izan; hortaz, agerian geratu da programaren jarduera izugarria, eta berretsi da erreferente dela giltzurruneko transplantearen alorrean.
Mugarriaren bidez argi geratu da programa sendoa dela eta Osakidetzak antolatzeko gaitasuna duela; halaber, aipatzekoa da ere espezializazio handiko nahiz diziplina anitzeko lantaldea duela eta sare asistentzialak Euskadiko askotariko ospitaletako profesionalak hartzen dituela barne prozesuaren fase guztietan, organoa ematen denetik transplantea egiten den arte.
Azken hamarkadan, Osakidetzaren giltzurruneko transplanteen programa bere horretan mantendu da eta urtean batez beste 150 transplante inguru egin ditu. Zehazki, azken hamar urteetan urtean 143 eta 178 transplante bitartean egin izan dira, eta hori aintzat hartuta ikusten da zein garrantzitsua den 2026ko lehen seihilekoan jada ehun prozeduren kopurura heldu izana.
Batetik, konplexutasun handiko prozesuan inplikatutako profesional ugariren koordinazio-lanaren erakusgarri da emaitza; bestetik, emaileen kopuru handiari zor diogu lorpena, euskal gizartearen elkartasuna oinarritzat duena. Transplanteak egiteko ezinbestekoa da emaileek bizirik nahiz heriotzaren ostean erakutsitako eskuzabaltasuna, eta oso antolakuntza nahiz protokolo zorrotzak dituen prozesua da.
Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak hildako emaileen nahiz emaile bizien transplanteak egiten ditu, modalitate konplexuak barne; horri esker, konplexutasun handiko kasuak artatzen dira eta geroz eta handiagoa den eskariari erantzuten zaio. Kasu askotan, giltzurruneko transplantea aukerarik onena da giltzurruneko gaixotasun aurreratua duten pertsonentzat; izan ere, horren bidez nabarmenki hobetzen da beren bizi-kalitatea nahiz -itxaropena dialisiarekin alderatuta.
Aurten dagoeneko egin diren transplante guztietatik datu hauek nabarmendu behar ditugu:
- Sei transplante emaile bizienak izan dira, eta modalitate horrek, kasu askotan, ahalbidetzen du dialisia ekiditea edo horren denbora murriztea.
- Lau transplante pediatrikoak izan dira; izan ere, Osasun Ministerioak Erreferentziazko Zentro, Zerbitzu eta Unitateen (CSUR) akreditazioa eman dio Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleari, haurren giltzurruneko transplanteak egin ditzan. Transplanteen modalitate horren bitartez, giltzurruneko gaixotasun aurreratua duten haurrei aukera terapeutikoa ematen zaie nabarmenki hobetu dadin beren bizi-kalitatea, zeina bereziki kaltetzen baita dialisiaren mendeko egoeretan.
Aldi berean, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak jarduera handia du gibeleko transplanteetan, urtean 70-75 interbentzio egiten baitira batez beste. 1996ko otsailaren 1ean programa hasi zenetik, zentroak 2.000 gibel-transplante inguru egin ditu, eta dagoeneko 34 egin ditu aurten, atzo egindakoa azkena. Horrek guztiak esperientzia sendotzen du, eta konplexutasun handiko kirurgian Estatuko erreferenteen artean kokatu.
Emate- eta transplante-eredua
Emaile gehien dituen munduko autonomia-erkidegoetako bat da Euskadi, eta horri esker konplexutasun handiko programei nahiz jardueraren bolumen handiari eutsi ahal zaie. Horiek horrela, Osakidetza erreferente gisa finkatu da Estatuan nahiz nazioartean.
Hizpide dugun mugarria bat dator Euskadiko Osasun Itunaren ildo estrategikoekin, zeinen xedeak baitira osasun-emaitzak hobetzea eta kronikotasuna aztertzea; hori guztia, osasun-sistemak duen ebazteko gaitasuna sendotu bitartean bultzatu nahi da, koordinazioa, espezializazioa eta bikaintasuna oinarritzat dituzten eredu asistentzialen bidez konplexutasun handiko prozesuei erantzute aldera.






