- Aginduak baliozkoak diren eta 2026ko irailaren 30era arte indarrean egongo diren titulazio eta esperientzia egiaztatuak ezartzen ditu
- Behin-behinean onartu da federazioen, Gurutze Gorriaren eta DYAren prestakuntza, uda honetan profesionalik ez dagoelako
- Agindu honen bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak erabilera kolektiboko igerilekuetako segurtasuna indartzen du eta profesionalen estaldura errazten du udako denboraldian
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak onartu du erabilera kolektiboko igerilekuetan sorosleek uretako salbamenduan eta lehen sorospenetan duten prestakuntza egiaztatzeko irizpideak arautzen dituen agindua. Agindua gaur sinatu da, dagoeneko indarrean dago eta astelehen honetan, ekainaren 29an, argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA).
Neurri horrek 32/2003 Dekretua garatzen du, erabilera kolektiboko igerilekuen osasun-baldintzak arautzen dituena eta prestakuntza espezifikoa duten sorosleak izateko betebeharra ezartzen duena.
Aginduaren helburua da zehaztea, aldi baterako, zer ziurtagirik eta titulaziok egiaztatzen duten horrelako instalazioetan sorosle gisa jarduteko behar den lanbide-kualifikazioa. Bere eremutik kanpo geratzen dira naturaguneetako jarduerak, besteak beste, hondartzak, ibaiak edo urtegiak, horiek ez baitira Osasun Sailaren eskumenekoak.
2026ko urtarrilaren 1etik, sorosle gisa lan egiten duten pertsonek kualifikazio aintzatetsia izan behar dute, jarduera fisikoaren eta kirolaren lanbideei buruzko euskal araudiaren arabera. Egiaztapen hori instalazioek irekitzeko unean aurkeztu behar duten erantzukizunpeko adierazpenean sartzen da, eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak egiaztatu, kontrolatu eta ikuskatu ahal izango du.
Era berean, adierazpen horren bidez, sorosleek egiaztatu ahal izango dute egungo araudia indarrean sartu aurretik ere betetzen zutela jarduera.
Salbuespen gisa, eta udako denboraldiaren hasiera honetan eskatzen den kualifikazioa duen profesionalik ez dagoenez, aginduak aldi iragankor bat ezartzen du. 2026ko irailaren 30era arte, baliozkotzat joko dira kirol federazioek, Gurutze Gorriak, DYAk eta antzeko beste erakunde batzuek uretako sorospenari buruz eman ohi dituzten prestakuntzak, betiere dagokion diplomaren bidez egiaztatzen badira.
Agindu honekin, Osasun Sailak erabilera kolektiboko igerilekuetako segurtasuna indartzen du eta profesionalen estaldura errazten du uda sasoian.






