Lehendakaria Euskadiko oinarrizko zerbitzuetan mehatxu hibridoei aurre egiteko Ertzaintzaren ariketa batean izan da

0
  • Ertzaintzaren hainbat unitatek egin dute instalazio baten aurkako ustezko eraso hibrido baten ariketa
  • Horrelako ariketen helburua Euskadiko oinarrizko zerbitzuen erresilientzia eta normaltasuna berreskuratzeko gaitasuna indartzea da, bai eta herritarren ongizatea eta segurtasuna bermatzea ere
  • Imanol Pradales Lehendakariak segurtasunari ikuspegi integral batetik heltzeko beharra nabarmendu du

Imanol Pradales Lehendakariak, Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak lagunduta, gertutik jarraitu ditu gaur goizean Ertzaintzak Euskadiko oinarrizko zerbitzuen aurkako eraso konplexuak ebaluatzeko eta horiei aurre egiteko prestatzeko egin dituen entrenamendu-ariketak. Bermeon, Enagas energia-enpresaren instalazioan egindako praktikan Segurtasun Saileko hainbat ordezkari eta Rosa Nieto Enagasen Azpiegituretako zuzendari nagusia ere izan dira.

Ariketa eraso hibrido bat izan da, zibereraso bat eta mehatxu fisiko bat konbinatu dituena. Jarduera Segurtasun Sailak sustatutako Euskadiko Segurtasun Publikoko Plan Nagusiaren esparruan egin da, plan horren helburuen artean baitago lankidetza publiko-pribatua indartzea, Ertzaintzak babestuta, Euskadin oinarrizko zerbitzuak ematen dituzten erakundeak babesteko.

Gaurko gaitasunak ebaluatzeko, “full-scale exercise” moduko ariketa bat egin da. Ariketa-modalitate horrek aukera ematen du baliabideak, unitate operatiboak, esku hartuko duten agenteak eta itxurako biktimak modu errealistan mobilizatzeko. Gertakari handietarako prestakuntza ebaluatzeko formula osoenetako bat da, gaitasun logistiko handia izatea eta unitate-kopuru handia koordinatzea eskatzen baitu.

Ariketa hori aurretik egindako prestakuntza-prozesu baten emaitza da, prozesu horretan gero eta konplexuagoak izan diren hainbat ariketa egin baitira gaur garatu den agertokira iritsi arte.

Horrelako ariketen bidez, Ertzaintzak bere gaitasunak aztertzen ditu eta mehatxu hibrido berriei aurre egiteko beharrak baloratzen ditu, Euskadiko oinarrizko zerbitzuen sarearen erresilientzia eta normaltasuna berreskuratzeko gaitasuna indartzen laguntzen duten aldi berean, azken helburutzat hartuta herritarren ongizatea eta segurtasuna bermatzea.

Lehendakariak adierazi du azken urteek agerian utzi dutela egungo gizarteen kalteberatasuna eta segurtasunari ikuspegi integral batetik heltzeko beharra. Testuinguru horretan, arduraz eta prestaketaz jokatzeko eskatu du, alarmismoa saihestuz, baina herriaren aurrea hartzeko eta erantzuteko gaitasuna indartuz. Era berean, prebentzio- eta koordinazio-mekanismoak hobetzearen eta probatzearen garrantzia defendatu du, eta Eusko Jaurlaritzak Europaren eskutik subiranotasun estrategikoa indartzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du, Euskadin segurtasuna bermatzeko baliabideak ez direla eskastuko ziurtatuz.

Ariketa

Gaur goizean egin den ariketaren planteamendua eraso hibrido bat izan da, mehatxua gauzatu aurreko egunetan sortutakoa. Hasierako prebentzioko eta inteligentzian oinarritutako monitorizazioko fase horretan, enpresaren inguruan jarduera susmagarria zegoela antzeman eta jakinarazi da, eta, horren ondorioz, Ertzaintzak inguruko segurtasun-neurriak indartu ditu eta dagozkion ikerketa-lanak hasi ditu.

Gertakaria abian zegoenean, hainbat gertaera izan dira bata bestearen atzetik, eta aurreko egunetako susmoak eta egindako ikerketak berretsi dituzte. Alde batetik, detekzio-sistema teknologikoek berretsi dute ibilgailu susmagarri bat igaro dela, Ertzaintzaren base informatikoan seinalatuta baitzegoen, eta operatiboan hedatutako unitateen artean alerta aktibatu da.

Ia aldi berean, konpainiak berak akatsak eta blokeoak sumatu ditu bere sistema informatikoetan, eta bertako segurtasun-saileko alarmak aktibatu dira, beraz. Aldi berean, Ertzaintzak hauteman du tripulatu gabeko aireontzi bat hurbiltzen ari zela, eta aurretik jakinarazi ez den drone baten hegaldia zela jakin du.

Inteligentziak gidatutako alerta goiztiarrak benetako mehatxua baieztatu du, eta gertakari konplexuari aurre egiteko erantzuna abiarazi da, Ertzaintzak koordinatuta, mehatxua neutralizatzera, instalazioak babestera eta erasoan inplikatuta egotearen susmagarriak atxilotzera bideratuta, mehatxatutako enpresak normaltasuna berreskuratzeko fasea hasi ahal izateko eta oinarrizko zerbitzuaren jarduera bermatzeko.

Koordinazioa

Hauek izan dira gaurko praktikaldian zuzenean edo zeharka parte hartu duten Ertzaintzaren unitateak:.

  • Inteligentzia Bulego Nagusia
  • Zibersegurtasuna Koordinatzeko Burutza
  • Kabinete Teknikoa
  • Gernikako Ertzain-etxea
  • Esku-hartze unitatea
  • Brigada Mugikorraren Unitatea
  • Zaintza eta Erreskate Unitatea
  • Lehergailuak Indargabetzeko eta NRBQ Unitatea
  • Txakur Unitatea
  • Bizkaiko Aginte eta Kontrol Zentroa
  • Aginte eta Kontrol Zentro Nagusia
  • Polizia Zientifikoaren Unitatea
  • Koordinazio eta Lankidetza Unitatea
  • Atal Nagusiak eta Polizia Judiziala

Ariketa honetan jasotzen diren ondorioak urtea amaitu aurretik bukatuta egotea aurreikusten den 2026-2030ko Segurtasun Publikoko Plan Orokor berria egiteko erabiliko dira.