- SATSErekin lortutako akordio berriak ezartzen du pediatrian espezializatutako erizainak kontratatzeko izen-ematea irekiko dela, eta, horrela, pediatria-eremuetako asistentzia-estaldura indartuko da
- 2026. urtea amaitu baino lehen, bi EPE berriak negoziatu eta onartuko dira –betetzeko zailak diren lanpostuena eta adimen-desgaitasuna duten pertsonei zuzendutakoa–, baita lanpostu funtzionalen dekretu berria ere
- Euskal Osasun Zerbitzuak gogorarazi du azken 7 urteotan Osakidetzako plantilla % 26 handitu dela, eta, zehazki, kategoria sanitarioak % 73 igo direla
Osakidetzak gaur erabaki du Erizaintza Pediatrikoaren espezialitateko aldi baterako kontratazio-zerrendetan izena emateko aukera irekitzea, bai Lehen Mailako Arretarako, bai ospitale-eremurako. Erabaki hori maiatzean sindikatuekin izandako negoziazioaren ondoren hartu da. Negoziazio horren bitartez, SATSErekin akordio bat sinatu da Mahai Sektorialean. Bilera horretan, gainera, urteko bigarren seihilekoko negoziazio-egutegia aurkeztu da.
Pediatriako erizain espezialistaren kategorian kontratazio-zerrendak irekita, pediatria-arloetako asistentzia-estaldura indartuko da gero eta eskari eta espezializazio handiagoko testuinguru batean. Gainera, bereziki garraitzitsua da Haursareren zabalkunde fase berrian, gaixotasun larriak eta konplexuak dituzten haur eta nerabeei arreta emateko sarearen hedapenean, alegia.
Neurria ebazpen bidez aplikatuko da. Ebazpen horretan ezartzen denez, zerrenda horietan izena eman ahal izango dute Erizaintzako Diploma edo Gradua eta Erizaintza Pediatrikoko espezialistaren titulazio ofiziala dutenek. Lanpostu funtzional berria denez eta Osakidetzan kategoria horretarako erreferentziazko EPErik ez dagoenez, egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna kontuan hartuko da. Berdinketak hausteko irizpidea Arreta Pediatrikoko Unitateetan lan egindako denbora izango da (neonatologia, pediatriako zainketa intentsiboak, haurren ospitalizazioa, pediatriako larrialdiak, kanpoko kontsultak, pediatriako lehen mailako arreta…).
Zerrenda etengabe egongo da irekita, eta eskaera Osakidetzako aldi baterako kontratazio-zerrenden webgunearen bidez egin beharko da.
Osakidetzak azpimarratu duenez, neurri horrek «indartu egiten du euskal osasun-sistemak funtsezko asistentzia-eremu batean erantzuteko duen gaitasuna, pediatriako arretarako kualifikazio handiko profesionalen eskuragarritasuna bermatuz».
Negoziazio-egutegia
Gainera, gaur goizeko Mahai Sektorialean urteko bigarren seihilekoko negoziazio-egutegia aurkeztu da. Bertan, besteak beste, honako gai hauek jaso dira: lanpostu funtzionalen dekretu berria, betetzeko zailak diren lanpostuen EPEa, desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako EPE espezifikoa edo lan-baldintzen akordioa.
Osakidetzak azpimarratu du «elkarrizketarako, entzuteko eta negoziatzeko benetako borondatea» duela, orain arte bezala, Euskal Osasun Zerbitzuko langileen lan-baldintzak hobetzen jarraitzeko eta «osasun-sistemaren egungo errealitatea barne hartzeko». Ildo horretan, gogorarazi du azken legegintzaldian aurrekaririk gabeko egonkortze-prozesu bat egin dela, bitartekotasun-tasak gutxienekora murriztu direla (zehazki % 3,75era), 11.000 plaza finkatu direlako guztira, eta, horrez gain, 23-24-25 EPEa martxan dagoela. Zehazki, EPE horretan 5.425 plaza eskaintzen dira eta lehen azterketak ekainaren 19an, 20an eta 21ean egin ziren.
Azken 7 urteotan, Osakidetzako plantilla % 26 hazi da, eta, zehazki, kategoria sanitarioetan, % 73. Beste lorpen azpimarragarri batzuk honako hauek dira: plantilla euskalduntzea (profesionalen % 60k hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta du), berdintasun-plan finkatuak, lanbide-garapeneko urteroko deialdiak, laneko sexu-jazarpenaren protoloak eta Estatuan erreferentzia den profesionalen aurkako erasoen protokolo bat; horrekin guztiarekin, ingurune seguruagoa, berdinzaleagoa eta errespetuzkoagoa lortzeko aurrerapausoak eman dira.






