Landartek hamargarren edizioa ospatuko du Nafarroako landa-eremuan sortutako bost sormen-prozesu garaikiderekin

0
A* Jesús Garzaron/Gobierno Navarra. F* 2026_06_29 T* Presentación de la X edición de Landarte L* Museo de Navarra, Pamplona.

Landarteren X. edizioak Nafarroako landa-eremuko herrietan garatuko diren bost sormen-prozesu garaikide bilduko ditu, Foru Komunitatean egoitza dute beste hainbeste sortzaileren parte-hartzearekin.

Edizio berri honetan, Iratxe Perez Barandalla zinemagileak Leotzibarrean lan eginen du; Jaime Remírez de Ganuza diseinatzaileak, Mirafuentesen; Silvia Ayerra argazkilariak Miranda Argan landuko du bere proposamena; Hasier Larretxea idazlea Elori lotuta egonen da; eta Irantzu del Valle eszena-sortzaileak Uskartzen burutuko du bere prozesua.

Landartek, azken edizioetan bezala, tokiko biztanleen parte-hartzea sustatu nahi du proiektuaren garapen osoan, modu kolektiboan eta horizontalean, hausnarketa eta ekintzak sortzeko. Hori erdiesteko, sortzaileek aukeratutako herrietan lan eginen dute, herriekin elkarreraginean, bertako herritarren artean egon daitezkeen loturak antolatuz, tokiko komunitatearen interesak eta beharrak jasoko dituzten proiektuak elkarlanean garatzeko. Ekimenak elkarlanerako gune bat proposatzen du, artistek eta tokiko komunitateek denbora, entzuketa eta sormen-prozesuak parteka ditzaten, lurraldearekin, bertako herritarrekin eta herri bakoitzean ehuntzen diren harreman kultural, sozial eta afektiboekin lotutako proiektuak bultzatzeko. Proposamenak laguntza, lurraldean bertan egotea eta komunitateekiko zuzeneko harremana oinarri dituen lan-metodologiari eusten dio.

Vianako Printzea Erakundea–Kultura Zuzendaritza Nagusiak antolatua, Landarte landa-eremutik sorkuntza garaikidea sustatzen duen programa da. Koordinazio-taldeak aukeratutako herriak martxoan eta apirilean bisitatu ondoren, aukeratutako parte-hartzaileek ikerketa-lana eginen dute uztailaren amaierara arte, eta landuko dituzten udalerriekin loturak ezarriko dituzte. Ondoren, komunitateekin batera, beren proiektuak definitu eta urriara bitartean landuko dituzte. Programari amaiera emateko, hainbat bilera eginen dira artistekin eta herriekin, bost proiektuetan egindako lana ebaluatze aldera.

Ignacio Apezteguiak Vianako Printzea Erakundea-Kultura zuzendari nagusia, Lorenzo Garciak Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria eta Anne Ibañezek (Kanpoko Bulegoa kolektibokoa), programaren koordinatzaile-taldeko kideak gaur goizean aurkeztu dute Landarte programaren hamargarren edizioa. Bertan izan dira, koordinazio-taldeko gainerako kideak eta parte hartu duten sortzaileak. Horrez gain, tokiko garapen-agentzietako eta aukeratutako udalerrietako ordezkariek parte hartu dute ekitaldian; horiek, herriak aurkezteko landutako bideo batzuen bidez ere egon dira bertan.

Ignacio Apezteguiak nabarmendu duenez, Landartek “Nafarroako landa-eremuko hainbat herriri gonbidapena luzatzen die kultura-sorkuntza garaikideko prozesu kolektiboetan inplika daitezen. Prozesu intimoak eta hurbilekoak dira, hausnarketa, elkarrizketa eta ekintza uztartzen dituztenak. Horrela, bizilagunen beharrei erantzun nahi zaie. Horretarako, tokiko komunitateei beharrezkoak diren bitartekoak eta laguntza ematen zaizkie, prozesu horietan eginkizun aktiboa izan dezaten”.

Lorenzo Garcia Echegoyenek edizio honetan parte hartuko duten artisten eta udalerrien berri eman du, eta nabarmendu du ez direla “agertoki huts”, baizik eta “komunitate batek bizi duen lurraldearekin ezartzen dituen harremanen gauzatze geografiko gisa” ulertzen direla. Horregatik hartzen du garrantzia espazio horiek egituratzen dituzten dinamika sozioekonomiko, kultural eta lurraldekoei erantzuteak”. Adierazi duenez, “programa honekin sortzaileen eta hautatutako udalerrien artean loturak eta aliantzak sustatu nahi ditugu”. Eta horregatik, bitartekaritza ezinbestekoa da”.

Bestalde, Anne Ibáñezek iragarri du hamargarren edizio honetan Xian Rodriguez izango dela Landarte artxiboaren parte; ekimen horretan, 2023an abian jarri zenetik, Susana Camara Leret artistak, Fran Quiroga ikertzaileak eta Nyamnyam kolektiboak parte hartu dute, “Nafarroatik kanpoko bestelako esperientziak eta ikuspegiak hurbiltzeko asmoz, programa zeharkatzen duten hainbat gairen inguruko hausnarketa aberaste aldera”. Lan-ildo horrek Landarteko sortzaileekin topaketa bat egitea proposatzen du, baita elkarrizketa/solasaldi bat egitea ere; berau grabatu eginen da programaren webgunetik zabaltzeko.

Kultura Ministerioko Autonomia Erkidegoekiko Kultura Lankidetzarako Zuzendariordetza Nagusiko aholkulari teknikoa den Xian Rodriguezek lurraldeen arteko kultura-lankidetza indartzea, herritarrak kultura-bizitzan parte-hartzea erraztea eta kultura kohesio-, berrikuntza- eta garapen-tresna gisa sustatzea helburu duten politika eta programak bultzatzen dihardu lanean, testuinguru anitzetan, bereziki landa-errealitateei erreparatuta. Anne Ibañezek nabarmendu duenez, Xian, ‘Kultura eta Herritarrak’ eta ‘Kultura eta Landatartasunak’ programen arduraduna da “landatartasun garaikideko kulturaren arloan erreferentziazko eragile instituzionaletako” bat. Hura LANDARTEn parte hartzeak ahalbidetuko du Nafarroako programa kulturaren, lurraldearen eta kultura-eskubideen inguruan estatu-mailan garatzen diren lan-ildoekin uztartzea”.

Kultura-sortzaileak Landarte 2026an

Landarte 2026ko sortzaileak hainbat diziplinatatik ari dira lanean. Zinema-zuzendari eta ekoizle Iratxe Perez edizioan espezializatua da, eta telebista-sailetan, zineman eta publizitatean script-lanetan esperientzia du. “Caribeños del Sáhara”, “Auzolan” eta “180º Rumbo a la luz” dokumentalak, besteak beste, zuzendu ondoren, gaur egun “Todos lo sabían” (2025) dokumentala banatzen ari da lanean, baita fikziozko, dokumentaleko eta animaziozko hainbat proiektu garatzen ere.  Diseinuan graduatua eta Arte Praktiketan eta Kultura Ikasketetan masterduna, Jaime Remirez de Ganuzak ikus-entzunezko ikerketa bat garatzen du Soriako Tierras Altas lurraldean, eta horrek bere lehen 16 mm-ko film analogikoa ekarri zuen, “Cardos de Plata”. Gaur egun, bideo analogikoaren filmaketa-prozesuetan eta idazketan interes berezia du.

Argazkilaria, artista bisuala eta Pedagogia Bisualean eta Irudi Terapeutikoan espezializatutako bideratzailea, Silvia Ayerrak argazkigintza bidezko esku-hartze sozialeko prozesuak diseinatzen eta koordinatzen ditu, eta irudia adierazpenerako, parte-hartzeko eta gizarte-eraldaketarako tresna gisa erabiltzen du. Bere lana oroimen indibidualak berreskuratzen eta dibertsitate funtzionala duten pertsonen testuinguruetan oinarritzen da. Hasier Larretxeak idazketa uztartzen du literatura- eta terapia-arloko tailerren bideratzaile lanarekin, eta poesia, euskal herri-kirolak eta musika elektronikoa uztartzen dituen eszena-lanarekin. Sortzaile eszenikoa den Irantzu del Vallek gorputz-adierazpenarekin, arte eszenikoekin eta ikus-entzunezko hizkuntzarekin lotzen du bere ibilbide profesionala, bitartekaritza sozialean. Arte-laborategien zuzendaria da, eta gorputz-adierazpena, dantza eta inprobisazioa irakasteko esperientzia du ENTko eta Nafarroako Arte Eszenikoen Eskolako ikasketa profesionaletan.

Landarte 2026ko lantaldea

Landarte 2026k bitartekaritza-talde bat du eta horren egitekoak dira: partaide guztiak (herriak, sortzaileak eta erakundeak) koordinatzea, tokiko biztanleria dinamizatzea, sortzaileak erkidegoarekiko eta bere inguruarekiko loturan laguntzea, eta sortzaileak identifikatzea eta aholkua ematea programak planteatzen dituen lan-ildoekin bat datozen proiektuetan.

Horrez gain, programak komunikazio-talde bat du, Landarteren webgunearen eta blogaren bidez programa zabaltzeko, hori baita bere komunikazio-kanal nagusia. Programaren, herrien eta artisten informazio guztia jasotzen du, eta horiekin batera material grafikoa eta ikus-entzunezkoena. Halaber, bost proiektuen ibilbidea jasotzen duten argitalpenen bidez edizio honen lanketa jarraitzeko blog bat ere badu. Horrez gain, Landarte Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren sare sozialez baliatzen da sortutako edukiak zabaltzeko.