- Emaitek Industria Hobearen edizio berriak Eraldaketa proiektuentzako garapen teknologikoa lehenesten du Industria Hobea jarduketa-ardatzaren barruan
- Industriaren inpaktua da zentro teknologikoen balorazioan pisurik handiena duen elementua, eta ETEen transferentzia teknologikora dago bideratuta bereziki
- Berrikuntza gisa, zentro teknologiko propioetako ezagutza aurreratuaren bidez sortutako start up teknologikoen eskalatzea nabarmendu behar da
- Halaber, balorazio-ereduak bikaintasun zientifikoa, espezializazio teknologikoa eta zentro teknologikoen nazioartekotzea ere hartzen ditu kontuan
Eusko Jaurlaritzak Emaitek Industria Hobea programaren beste edizio bat bultzatu du. Programa horren helburua da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean (ZTBES) akreditatutako Zentro Teknologiko Multifokalizatuen jarduera ez-ekonomikoa babestea. Deialdiak 62,1 milioi euroko zuzkidura du eta uztailaren 3tik abuztuaren 3ra bitarte egongo da zabalik 11 Zentro Teknologikoen eskaerak aurkezteko.
Programa Euskadiko Industria Plana 2030en helburuen barruan sartzen da, industria lehiakorragoa, aurreratuagoa eta jasangarriagoa sustatzea baitu helburu, industria gehiago, industria hobea eta isurpen gutxiago lortzeko.
Trantsizio energetikoak, digitalizazioak, adimen artifizialak eta nazioarteko lehiakortasun geroz eta handiagoak markatutako testuinguru honetan, Euskadik ezagutza sortzeko, teknologia estrategikoak garatzeko eta aurrerapen horiek enpresa-ehundurara eramateko gaitasuna indartu behar du. Zentro teknologiko Multifokalizatuek funtsezko rola dute helburu horren barruan, Euskadiko industriarentzako balio handiko soluzio teknologikoak sortzeko gai baitira.
Emaitek Industria Hobea da zentro horiei laguntzeko tresna nagusia, ezagutza zientifiko-teknologikoa garatzeko, teknologia propioa sortzeko eta Euskadiko enpresen lehiakortasunari ekarpena egiteko gaitasunak indartzen baititu.
“Euskadik dituen erronka industrialei erantzuteko gure ezagutza sortzeko, teknologia estrategikoak garatzeko eta teknologiak enpresetara iristea azkartzeko gaitasuna indartu behar dugu. Emaitek Industria Hobearekin zentro teknologikoen rola indartzen dugu, industria lehiakorragoa, aurreratuagoa eta hobeto prestatua lortzeko eragile gakoa baitira, datorren hamarkadako erronkei erantzute aldera”, nabarmendu du Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak.
Emaitzetara bideratutako finantzaketa-eredu berria
Edizio honetako berrikuntza nagusia da aginte-panel berria ezarri dela, finantzaketaren esleipena lortutako emaitzen eta zentroek Euskadiko industria-helburuei egiten dieten benetako ekarpenaren arabera bideratzeko.
Eredu berriak Euskadiko industrian sortutako inpaktua lehenesten du batik bat, balorazio osoaren % 55 baita. Horrekin batera, lidergo teknologikoa (% 25), teknologia estrategikoetako espezializazioa (% 10) eta nazioarteko posizionamendua (% 10) baloratzen ditu.
Ikuspegi horri esker, zentroek garatutako jarduera zientifiko-teknikoaren, eta zentro horiek enpresentzako balioa sortzeko, ezagutzaren transferentzia sustatzeko eta Euskadiko garapen industrialari ekarpena egiteko duten gaitasunaren arteko lotura indartu nahi du.
Industriaren erronkei aurre hartzeko gaitasunak
Zentro teknologiko Multifokalizatuak ikerketarako azpiegitura egonkortuak dira, eta teknologia propioa sortzea eta garatzea, etorkizunera begira ezagutza berriak eskuratzea eta jardueraren emaitzak enpresa-ehundurara eramatea dute xede.
Emaitek Industria Hobearen bitartez, gaitasun zientifiko-teknologiko bereizgarriak garatzen, ezagutzaren arlo estrategikoetan aurrerapausoak ematen, teknologiaren arloko espezializazioa indartzen eta emaitzek industrian duten inpaktua handitzen laguntzen die zentroei Eusko Jaurlaritzak.
Euskadiko berrikuntzaren ekosistemako aktibo garrantzitsuetako bat dira gaitasun horiek eta ezinbestekoak dira enpresek teknologia berrietarako sarbidea izateko, enpresen berrikuntza-prozesuak azkartzeko eta datozen urteetako industriako erronkei erantzuteko.
Eskaerak aurkezteko epea
Deialdi honetara sar daitezke ZTBESko Zentro Teknologiko Multifokalizatu akreditatuak, programaren oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
Eskaerak uztailaren 3tik abuztuaren 3ra bitartean aurkez daitezke spri.eus webgunean.






